Projects

09/25/2015

36ko gerra Ormaiztegin dokumentala aurkeztu du Elixabete Garmendiak

Ikus-entzunezkoak garai hartako sei herritarren testigantzak bildu ditu, gerrak Ormaiztegin izan zuen ondorioa aztertzeko xedez.

36ko gerra Ormaiztegin

Gogorra eta mingarria izan zen garai hura. 1936ko gerra bizi zuten ormaiztegiarrek nekez ahaztuko dituzte pasarte horiek. Izan ere, oso denbora gutxian hamaika gertakari izan ziren herrian, esaterako, Errepublikaren aldeko indarrek Irun-Madril trenbideko zubia eraitsi zuten urte hartan. Gerora, herritarren bakea baitu zuten, eta egoerak okerrera egin zuen: fusilamenduak, frankisten errepresioa, eta abar.

Ormaiztegi

Garai hura bizi zutenen testigantzak bildu ditu Eusko Ikaskuntzako bazkide Elixabete Garmendiak 36ko gerra Ormaiztegin dokumentalean izenburu bera duen liburuan oinarriturik. Ikus-entzunezkoaren aurkezpena irailaren 25ean egin zen Ormaiztegiko Kultur Aretoan. Gela txiki geratu zen, izan ere, herritar asko gerturatu zen, gerrak herrian eragindako ondorioak ezagutzeko helburuarekin. Dokumentala ikusi ostean, solasaldirako unea izan zuten bertan bildu ziren lagunek, eta hamaika istorio eta pasarte interesgarri kontatu zizkioten elkarri. Proiektua Eusko Ikaskuntzak eta Ormaiztegiko Udalak duten lankidetza hitzarmenari esker eraman da aurrera. Dokumentalaren errealizazioa Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia Fundazioarena izan da, eta ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan du.

Share:
Facebook Twitter Whatsapp