Heritage

07/01/2011

Auñamendi Eusko Entziklopedia. Etapa berria, ilusio berdina

2011ko ekaina. Auñamendi Eusko Entziklopediaren (AEE) etapa berriaren lehenengo sei hilabeteak igaro dira eta azterketa egiteko momentua iritsi da. Baina, zertaz ari gara "etapa berri" horretaz hitz egitean? Auñamendi Eusko Entziklopedia urteak daramatza gure artean, bai, baina 2011ko urtarrilean, aurreko hilabetetan eztabaidatu eta adostutako hainbat aldaketa gauzatzen hasi ziren.

Datozen lau urtetan entziklopediako lau sail besterik ez dira landuko: Antropologia, Artea, Historia eta Literatura. Lau ezagutza-eremu hauetako eduki guztiak aztertu egingo dira, beste eduki berriekin osatuz. Lan sakon, zehatz eta zorrotza egingo da. Izan ere, edukien kalitatea eta egokitasuna bermatzeko lau aditu izendatu dira, ospe, esperientzia eta jarduera bikaineko profesionalak: Kepa Fernández de Larrinoa (Antropologia), Jose Javier Fernández Altuna (Artea), Josu Chueca Intxusta (Historia) eta Iñaki Aldekoa Beitia (Literatura). Beren irizpide jakintsu eta zentzudunei esker, aurtengo helburuak bete ahal izango dira.

Eta? zeintzuk dira helburu horiek?

? Erabiltzaileak. Bigarren hezkuntzako ikasleengana hurbiltzen saiatuko da AEE, beste mailetako ikasleak eta, noski, publiko orokorra ahaztu gabe.

? Elebitasuna. Gero eta eduki gehiago euskaraz izaten saiatuko gara.

? Kalitatezko edukiak. Informazio zehatza eta sakona argitaratuko da. Halaber, estilo liburu bat sortu da, entziklopediako edukiek batasun bat izan dezaten.

? AEE, online proiektua. Gero eta irudi, bideo eta esteka gehiago ipiniko dira, eduki erakargarri eta nabigagarriak sortuz.

? AEE 2.0. AEE web soziala. Entziklopedia sare sozialetan presente dago.

? Egileen sarea. Autoreen sarea handitzen eta zabaltzen doa, entziklopediako oinarri hau sendotuz.

Asko aldatu dira gauzak, 1969 urtean Auñamendi entziklopedia sortu zenetik. Hala ere, garai hartako jarrera eta xedea mantendu egin dira, hau da: euskal kultura eta gizartearekin zerikusia duten edukiak zabaltzea, hasiera batean paperaren bitartez egiten zena, gaur egun sarean eginez. Aldaketa eta hobekuntzaz beteriko etapa da aurten hasi dena, ilusio eta ahalegin handiz aurre egin dioguna.

[+] Informazio gehiago

Share:
Facebook Twitter Whatsapp