Projects

02/02/2015

DiKomA

Udalerri mailan hizkuntz ekologiaren Diskurtsoa sozializatzeko eta hizkuntza Komunitatearen sistema Ahalmentzeko proiektua.

1. Sarrera: Proiektuaren jatorria, kokapena eta helburuak

2. Proiektuaren metodologia eta garapena

3. Ondorioak eta emaitzak

1. Sarrera: Proiektuaren jatorria, kokapena eta helburuak

DiKomA Proiektua Eusko Ikaskuntzak eta Soziolinguistika Klusterrak sustatu eta hizkuntza-ekologiaren diskurtsoa sozializatzeko eta hizkuntza-komunitatearen sistema ahalmentzeko xedearekin 2012 eta 2014 bitartean garatu den proiektua da. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Oñati, Errenteria, Zumaia eta Bermeoko udalerrien babesa eta parte-hartze zuzena izan du.

Proiektuaren jatorria 2011n egindako hainbat hausnarketa-ekitaldietan eta horietatik ateratako ondorioetan koka daiteke. Batetik, UEMAk bere 20 urteetako ibilbidearen hausnarketaren harira 2011ako apirilaren 14an Hizkuntza-ekologia eta Lurralde Euskaldunak izenburupeko Topaketa antolatu zuen. Topaketa horren ekitaldi osagarri moduan, apirilaren 13an Hizkuntza-ekologiari buruzko Disziplinarteko Mintegia burutu zen Andoaingo Kultur Parkean, Albert Bastardas (2011) irakaslearen eta euskalgintzako beste hogeita bost eragile esanguratsurekin. Bi ekitaldi horietan, eta bereziki mintegiaren focus-taldeetan jasotako ondorioen artean (Marko eta Uranga, 2011), hizkuntza-ekologiaren formulazio teoriko-kontzeptualean sakontzearen, prozesu parte-hartzaileen bidez gaiaren sozializaziorako dibulgazioa egitearen eta horretarako ikerketa lerroak zabaltzearen proposamenak azaleratu ziren. Urte berean, Soziolinguistika Klusterrak UPV/EHUren udako ikastaroetan Hizkuntza-ekologia: teoriatik praktikara izenburupeko ikastaroa antolatu zuen, eta bertan ateratako ondorioen artean, gaiari buruzko corpus teoriko egokitua eraikitzea eta hizkuntza-ekologiaren diskurtsoaren sozializaziorako transferentzia-bideei buruzko ikerketa aplikatua lantzen hastearen beharra azpimarratu ziren.

Hortik abiatuta ekitaldi horietan ondorioztatutakoaren jarraipen gisa, Eusko Ikaskuntzak sustatuta 2011 urtearen amaiera aldera "Udalerri Euskaldunetan hizkuntz ekologiaren diskurtsoa sozializatzeko esku-hartze parte-hartzailerako proiektu-proposamena" itxuratzen hasi zen, bi xede edo ardatz nagusiekin:

1. Udalerri euskaldunetan euskararen mintza-ekosistema naturalaren iraunkortasunerako eredu linguistiko egokituen eraikuntzarako hurbiltze teorikoa. 2. Udalerri euskaldunetan herritarrek hizkuntza komunitate gisa osatzen duten sistema ahalmentzeko herritarrekin prozesu parte-hartzaileak bideratu, ildo hauen inguruan:

  • Hizkuntza-ekologiaren diskurtsoaren sozializatzea.
  • Arnasgune izatearen jabetza.
  • Mintza-ekosistemaren garapen iraunkorrerako funtsak irudikatzea.
  • Subsidiaritatearen printzipioa aplikatzeko norabideak azaleraztea.

Bestalde, 2012 urtearen hasieran eta Errenteriako Udalaren eskaerari erantzunez Soziolinguistika Klusterrak "Errenteriako udalerrian diskurtso berrituaren bitartez euskal hiztunen komunitatea trinkotzea” xedea zuen proiektu proposamena prestatu zuen, honako ardatz hauekin:

  • Diskurtso berriaren definizioa zedarritzea hizkuntza-ekologiaren diskurtsoaren marko orokorrean.
  • Zehazturiko marko orokorraren baitan, Errenteriak udalerriko ezaugarri soziolinguistikoei egokituko den diskurtso berria definitzea.
  • Hiztun-komunitate trinkotze aldera landu beharreko esparruak identifikatzea diskurtso berria aplikagarria izan dadin interbentzioa planifikatzeko.
  • Errenteriako udalerri egokitutako interbentzio egitasmoa diseinatu eta aplikatzea.
  • Interbentzio ondorengo emaitzak aztertu eta ebaluatzea.

Jatorri ezberdina izan arren, bi ekimen horien arteko antzekotasun handia eta potentzialitatea kontuan hartuz, 2012an Eusko Ikaskuntzak eta Soziolinguistika Klusterrak bi aurre-proiektuak bat egitearen bideragarritasuna aztertu eta bi asmoren arteko sinergia eta osagarritasuna bilatzen zuen proiektu berria diseinatu zuten. Proiektu horrek «Udalerri Mailan Hizkuntz Ekologiaren Diskurtsoa Sozializatzeko eta Hizkuntz Komunitatearen Sistema Ahalmentzeko Esku-hartze Proiektua» izena hartu zuen, «DiKomA Proiektua», Diskurtsoa-Komunitatea-Ahalmentzea hitz-gakoetan oinarritutako identifikaziorako izen berezi laburtuan. Proiektu bateratu horren xede nagusia horrela definitu zen:

Udalerri mailan herritarrekin esku-hartzea bideratzea, hizkuntza-ekologiaren ezagutza hedatuz diskurtso berri(ndar)tu bat sozializatzeko eta horren bidez herritarrek hizkuntz komunitate gisa osatzen duten sistema trinkotzen edota ahalmentzen laguntzeko.

DiKomA proiektua hiru fasetan gauzatzea aurreikusi zen. Lehena, oinarriak finkatzearen fasea (materialak, tresnak, diagnosia, corpusa, sareak, ..); bigarrena, herrietan diskurtsoaren sozializaziorako esku-hartze parte-hartzailerako esperimentazioaren fasea; eta hirugarrena, emaitzen azterketen, balorazioen eta ondorioen zein produktuen kaleratzearen fasea.

Landa-lana eta esperimentaziorako herriei dagokionez, proiektua lau udalerritan gauzatzea aurreikusi zen: alde batetik, UEMAko hiru udalerritan (Bermeo, Oñati eta Zumaia), hau da, euskal hiztun ehunekoa %75 baino handiagoa duten udalerrietan, eta bestetik, ezaugarri soziolinguistiko oso desberdina duen eta handiagoa den laugarren udalerri batean (Errenterian), alegia, euskara-gaitasuna populazioaren %40 azpitik duen udalerri batean. Herrien arteko ezaugarrien alde horrek, esku-hartze prozesuaren garapena izaera ezberdineko udalerrien artean erkatzeko aukera interesgarria zabaldu du, eta ikerketa-lan honi gainbalioa erantsi dio.

2. Proiektuaren metodologia eta garapena

a. Antolaketa-egitura eta diseinu metodologikoa

Gorago esan bezala, DiKomA Proiektua ezaugarritzen duen xede nagusia ‘diskurtsoa’, ‘komunitatea’ ‘ahalmentzea’ hitz-gakoen inguruan gorpuzten da, honako formulazio honekin: Udalerri mailan herritarrekin esku-hartzea bideratzea, hizkuntza-ekologiaren ezagutza hedatuz diskurtso berri(ndar)tu bat sozializatzeko eta horren bidez herritarrek hizkuntz komunitate gisa osatzen duten sistema trinkotzen edota ahalmentzen laguntzeko.

Planteatutako xede horrek ikerketaren izaeran eragiten zuen hasiera hasieratik modu zuzenean, bertan hiztun komunitatea ahalmentzen laguntzeko herritarrekin esku-hartzea bideratzea planteatzen baitzen. Hau da, ikerketak ahalmentzea bezalako balioetan oinarritua eta esperimentazio praktikoa izango zuen ikerketa-moldekoa izan behar zuen, eta horrek suposatzen zuen, batetik, jabekuntza prozesua bideratzeko behetik gorako ezagutza-ekintza bultzatu eta sistematizatu behar zela, kolaborazioaren paradigman oinarrituta agente ezberdinak asmoz eta jakitez uztartzeko dinamikak abian jarriz; bestetik, esperimentazioa gauzatzera iristeko oinarrizko edukiak, datuak, sarea eta esku-hartzea bideratzeko metodologia jakina prestatu eta diseinatu behar zirela; eta azkenik, esperimentazioaren eta esku-hartzeko sortutako tresna metodologikoen egokitasuna balidatzeko sistematika sortu behar zela, ondorioak atera eta indarguneak identifikatzeko eta ahulezien berri emateko.

Hori horrela, proiektuaren xede nagusiaren garapen gisa honako helburu hauek aurreikusi ziren DiKomA Proiektuaren abiapuntuan:

1. Esperimentaziorako gune izango ziren herrietako hiztun komunitatearen pertzepzio eta diskurtso-ahalmenari buruzko lehen diagnostikoa egin

2. Hizkuntzen ekologiari buruzko corpus teoriko-kontzeptual egokitua osatu.

3. Esku-hartzea ahalbideratzeko diseinu metodologikoa prestatu eta egikaritu.

4. Esku-hartzearen ondorioak aztertzeko eta parte-hartzaileen pertzepzio eta diskurtso baliabideetan izandako eragina ebaluatu.

Hortik abiatuta, eta proiektuaren izaera eta helburuak kontuan hartuz, ikerketaren garapenerako aplikatu den metodologia kualitatiboa izan da, Ikerketa Kooperatiboa deritzan enfoke metodologikoan oinarritutakoa. Ikerketa kooperatiboa ekintza-ikerkuntza metodologiaren modalitate bat da, bere ezaugarri nabarmenena ikertzaileen eta eragile ‘praktikoen’ arteko kolaborazioa eta lan bateratua da (Sandin, 2010). (Bausela, 2003) (Bartolome, 1986) (Soriano, 2002) besteak beste. Gure kasuan, Ikerketaren Garapen Taldea osatu duten partaideak izan dira: unibertsitateko ikerlariak, erakunde sustatzatileak, inplikatutako administrazioetako teknikariak (eta arduradun politikoak hasierako fasean), eta adituak. Eta bigarren maila batean, herrietako mahaiak dinamizatzeko eta balorazioetan parte hartuz, herritar eragileak.

Bestalde, ikerketa diseinu gainerakor edo emergentea (Erlandson eta Harris, 1993) eta flexiblea (Vasilachis, 2006) deritzan ikerketa diseinu motaren ikuspegitik planteatu da, hau da, prozesu metodologiko bat non diseinua ez den erabat lotzen ikerketa hasi haurretik, «.. sino que emerge al tiempo que se recogen los datos, se lleva a cabo el análisis preliminar y pasa a describirse de modo más completo el contexto» (Ferrero, 2003: 352). Gure kasuan, proiektuaren hasieran ez zegoen aurreikusita nolakoa izango zen azken emaitza edota produktua, ez eta joko bat izango zenik, soilik esku-hartze bat izango zela. Jokoarena prozesuan zehar agertu den ikuspegi berria izan da.

b. Bideratutako prozesuaren narratiba

Beraz, DiKomA proiektua bideratu duen lan-taldea anitza eta diziplinartekoa izan da. Bertan funtzio ezberdinak betetzen dituzten pertsona eta erakundeak elkartuz: unibertsitate alorreko adituak, erakundeetako teknikariak edota arduradunak, administrazio alorreko arduradunak, eta esku-hartze prozesuetan espezialistak.

Horrela, Eusko Ikaskuntza eta Soziolinguistika Klusterreko arduradunak eta teknikariaz gain, EHU, ELHUYAR, Topagunea eta HUHEZIko adituak, eta erakunde babesleen eta landa-lana garatu den tokiko ordezkari eta teknikariek hartu dute parte.

Aurrerago aipatu dugun bezala, DiKomA proiektua fasekako garapen metodologikoan oinarritu da, fase bakoitzaren garapena 2012, 2013 eta 2014ko ekitaldietan kokatzen direlarik. Proiektuaren garapenak etengabeko parte-hartzearen egokitzapena eskatzen zuen, etengabeko sortze eta metatze prozesu batean baikeunden, beraz, asmoen garapena epe aldi zabal honetan kokatze behar honek lan-taldearen parte-hartzea bizirik mantentzea helburutzat hartu genuen.

Hiru fase hauei izaera eta nortasuna ezarri nahi izan diegu izen propioa esleituz eta bete behar genituen ezaugarriei nortasuna eskainiz. Horrela, DiKomA proiektuaren garapena eta asmoak denboran kokatu genituen jarraitu nahi genuen prozesua irudikatuz: DiKomA Oinarriak (2012), DiKomA Interbentzioa (2013), DiKomA analisia eta proiekzioa (2014).

DiKomA Oinarriak (2012) lehen fasearen xede nagusia aplikatu diren teoria, edukiak eta metodologiak finkatzea izan da eta udalerri bakoitzaren izaeraren arabera egokitzea. Bestalde, udalerri bakoitzean interbentzio-subjektuak izan daitezkeen pertsona eta erakundeen sarea identifikatu da, eta udalerri bakoitzean identifikatutako ezaugarrien arabera interbentzio parte-hartzailearen diseinua eta norabidea definitu dira.

Fase honen amaieran lortu den emaitza nagusiena -eskuragarri jarriko duguna- DiKomA, Hizkuntza-Ekologiaren diskurtsoaren ideia nagusien bilketa -corpusa- txostena (Uranga, 2013) da.

Dokumentu honek proiektuaren lehen faseko eduki-txostena biltzen du. Bertan, udalerri mailan hizkuntza-komunitatearen trinkotzea edota ahalmentzea xede hartuta, hizkuntza ekologiaren ideia nagusiak biltzen ditu eta ideia horiek zer-nolako diskurtso-elementutan islatu daitezkeen zehazten dira.

Horrela, diskurtso mailan ahalik eta erabilera zuzenena izateko ideia-bilketa eta ideia horien diskurtso-elementuak eskaintzen dira. Dokumentu honen erabilgarritasuna helburu, ideiak oso modu zuzenean lerratzen ditu Belen Urangak idazkera estilo zeharkakoa alde batera utziz eta eskema hau jarraituz.

Sarreraren atalean diskurtso kontzeptuaz hitz egiten da lehenik, eta Euskal Herrian azken hamarkadatan euskararen inguruan nagusitu diren hainbat diskurtsoren aipamen egiten da. Hizkuntza-ekologiaren inguruko balio unibertsalaren inguruko ideia batzuk ematen dira ere. Ondoren, lehenengo atal batean, hizkuntza-ekologiaren helburua den iraunkortasuna kontzeptuaz hitz egiten da. Bigarren atalean berriz, XX. mendearen amaiera aldera hasi eta XXI. mendea bitartean ekologiaren inguruan gertaturiko bilakaera kontzeptualaren berri ematen da. Hirugarren atalean, hizkuntza-ekologiaren ezagutza zientifikoari buruz aritzen da, eta bukatzeko, laugarrenean, ikuspegi etikoaz azalpenak emango dira. Atal horietan guztietan ideia orokorrez gain, ideia horien isla diren diskurtso-elementuak eskaintzen dira atalez atal sailkatuta. Azkenik, eranskinean, ideia horiek guztiak eskema modura eskaintzen dira. Eranskin horretan hizkuntza-ekologiaren inguruko diskurtso-elementuekin batera ekologiak erabiltzen dituenak ere partekatzen dira, pentsatuz, gizartearen ekologiaren filosofiak eta diskurtsoak lortu duen arrakasta kontuan izanda hizkuntzaren kasuan parekatze horiek egitea onuragarria izango delakoan.

DiKomA Interbentzioa (2013) bigarren fasearen xedea berriz, ezagutza corpusaren sorreratik abiatuta herritarren jabekuntza bilatu nahi izan duen esperientzia parte-hartzailea garatzea izan da herritarrak subjektu aktibo bihurtuz.

Hasierako proiektuaren definizioan aurreikusten zen interbentziorako metodologia eta aplikatu dena aldatzea erabaki zen. Kontzeptualizazio fasean landutakoaren arabera, eta etengabeko sortze eta metatze filosofiari jarraituz, edukiak ezagutarazteko eta esku-hartze prozesua bera dinamizatzeko ezinbestekoa ikusi zen zenbait baliabide erabiltzea. Eta hor kokatzen da DiKomA proiektuak izan duen sorkuntza ondorioa, tresna metodologiko berri baten sorkuntza hain zuzen ere, EkoLinguA (Ekologia Linguistikoaren bidez hizkuntz komunitatea Ahalmentzen laguntzeko) solas-jokoa.

EkoLinguA solas-jokoan hizkuntza ekologiarekin zentzu zabalean eta diskurtsoaren ahalmentzearekin erlazionaturiko oinarrizko kontzeptuak, argibideak, galderak edota erronkak jasotzen dira, eta dinamizatzaile batek gidatutako joko antzeko batean 6-8 pertsonekin osatutako taldeetan bertan elkartutakoek elkarrekintzan gai horietan jantzi, eztabaidatu eta pentsamendu kolektiboan sakontzea ahal bideratzen du.

EkoLinguA solas-jokoa “PlayDecide” motako materialaren egitura eta metodologian oinarritu da. PlayDecide (http://www.playdecide.eu/) berez Europako proiektu bat da, eta eztabaida-joku eta metodologia baten inguruan gizarte eta zientzia alorreko eztabaidetan herritarren parte-hartzea sustatzea izan du helburu. Euskal Herrian erabili izan du, esate baterako, Elhuyarrek, nanoteknologiaren inguruan edukiak sortu, materialak egokitu eta hainbat zabalkunde saioetan aplikatzeko.

Gure kasuari egokitzeko, DiKomA Oinarriak lehen fasearen hizkuntzen ekologiari buruzko oinarrizko corpusatik abiatuta eta, edukiak finkatu eta diskurtsorako sistematizatzeko helburuarekin, corpus horren edukien balidaziorako arloko zenbait adituekin kontrastea egin ondoren, solas-jokoan landu diren kontzeptu-giltzak hautatzeko analisia, kontzeptu horien maparen osaketa eta eduki esanguratsuen sintesia burutu da. Jarraian, aukeratutako kontzeptu-giltza horiekin solas-jokoaren formatura eramateko, jokoaren diseinu metodologikoa landu eta edukien didaktizazio lana egin da.

Horren emaitzaren deskribapen laburra eginez, EkoLinguA solas-jokoaren diseinuaren funtsezko ezaugarriak azpimarratuko ditugu honetan esanez, kartak ezaugarri komunak dituzten lau multzotan banatzen direla lantzen den edukiaren arabera bereiziz: informazioa lantzeko, eztabaidarako, ondorioetarako, edota galderetarako.

Esperientzia pilotu honetarako euskarazko eta gaztelerazko prototipoak ekoiztu dira, eta tresnaren erabilgarritasunaren baloraziorako euskarriak prestatu ere tresnak behar dituen hobekuntzak subjektu aktiboak izango diren herritarrekin hasieratik kontrastean jarriz.

Esan beharra dago, udalerri bakoitzean gune zentrala osatu duten 33 lagunen batez besteko taldetik abiatuta, 131 herritar hartu dutela parte prozesuan. Eta, formakuntza saio baten ondoren, udalerri bakoitzean lortu diren 8 herritar eragile herritar talde zabalean dinamizatzaile lanak bete dituzte oso maila onean. Honek, udalerrien esku-hartze maila irekitzeaz gain, metodologiarekin lotutako erabilgarritasunaren maila aztertzea ahalbideratu digu.

DiKomA analisia eta proiekzioa (2014) deitzen diogun hirugarren eta azken fase hau, irudikatu dugun sortze eta metatze prozesuaren balorazioen, emaitzen azterketen eta ondorioak zein proposamen berriak zehazteko fasea dugu. Batetik, aurreko faseetan jasotako datuen eta interakzioan sortutako interpretazioen analisia gauzatu da hasitako ikerketari itxiera emanez, bestetik, esperimentatu den EkoLinguA tresna metodologikoaren hobekuntzak landu eta aplikazio aukerak aztertu, eskaini eta eskuragarri jarri dira.

EkoLinguA solas-jokoa ezagutarazteko, aplikazio aukerak gehiago aztertzeko, hobekuntza proposamenak jasotzeko eta prototipoaren proiekzio sekuentzia aukera sektoreka identifikatzeko, hiru interbentzio sektorial burutu dira. Interbentzioak hiru eremutan gauzatu dira EkoLinguA solas-joko saio bana bideratuz: Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaritzako teknikariekin, UEMAko teknikariekin eta Ikastolen Elkarteko teknikariekin. Bestalde, EkoLinguA prototipoaren proiekzioa ahalmentze programa batean txertatzeko aukerak irudikatu dira landa eremua izan diren udalerriekin ariketa parte-hartzaile baten bitartez.

Prozesuan zehar burututako esperimentazio desberdinen ondorioz identifikatu diren hobekuntzak aplikatu ondoren, horren erabilpenerako gidak eta prototipoak perfilatu dira ezagutarazi eta eskuragarri jartzeko asmorekin. EkoLinguAren zabalkundea eta erabilpen unibertsala bermatzeko sareko euskarrietan kokatzea nahi dugu, Europa mailako PlayDecide (http://www.playdecide.eu/) plataforman eskegitzeko aukeraz gain, beste plataformetan kokatzeko aukerak aztertuko dira unibertsaltasunaren kontzeptua indartuz eta metatze filosofiari jarraipena eman nahian erabilpenaren poderioz sortuko diren hobekuntzak eta aukerak etengabe aztertuz.

3. Ondorioak eta emaitzak

DiKomA Proiektuaren emaitza nagusia gizartean espazio eta gune anitzetan (gazteak, herritarrak, ikasleak, gurasoak, elkarteak, erakundeak, ...) ekolinguistikaren ezagutzan oinarrituta herritarren jabekuntzarako eztabaida irekia eta antolatua ahalbideratuko duen tresna baten sorkuntza da, EkoLingua Solas-jokoa, hain zuzen ere. Produktu hau erabilera librekoa izango da, edonorren esku egongo da.

DiKomA Proiektuaren emaitza dira EkoLingua Solas-jokoa osatzen duten hiru elementu:

1. Hizkuntzen ekologiari buruzko Corpus teoriko-kontzeptual egokitua. [ikus 1. Eranskina] 2. EkoLinguA Solas-jokoa, bere eduki eta osagarri guztiekin. [ikus 2. Eranskina] 3. EkoLinguA Solas-jokoa esku-hartze programetan txertatzeko eta Jokoaren aplikaziorako Prototipoa eta gida. [ikus 3. Eranskina]

Share:
Facebook Twitter Whatsapp