Ez dadila soka eten

Centenary

03/06/2018

Ez dadila soka eten

CC-BY-SA Maite Irizar / dantzan.com

Ate joka daukagun urteak oso data interesgarria dakar: Eusko Ikaskuntzak ehun urte beteko ditu 2018ko udazkenean. 1918ko irailaren 1ean sortu zen Eusko Ikaskuntza erakunde zientifiko eta kulturala Oñatin. Euskal kultura garatzeko tresna egonkorra eta iraunkorra izatea zen xede nagusia. Astebetez luzatu zen kongresua egin zen, baina egun nagusia irailaren 1a,  igandea, izan zen. Bertan, hainbat agintari, kongresu-kide, diputatu, apezpiku eta garai hartako errege Alfonso XIII.a batu ziren.

Eusko Ikaskuntza I. kongresua 1

Eusko Ikaskuntza I. kongresua, 1918. Argazkia: Kutxateka / Ricardo Martin / CC BY-NC 4.0

Hasierako hitzaldia euskaraz egin zuen Oñatiko alkateak. Ondoren, Gipuzkoako Aldundiko presidenteek hitz egin zuten eta azkenik Erregeak. Alfonso XIII.ak adierazi zuen bera izango zela Eusko Ikaskuntzako lehen bazkidea. Modu honetan, euskal kulturari nolabaiteko atxikimendua eman zion eta erakunde berriak berme handiagoa lortu zuen.  

Eusko Ikaskuntza I. kongresua 4

Eusko Ikaskuntza I. kongresua, 1918. Argazkia: Kutxateka / Ricardo Martin / CC BY-NC 4.0

Halere, festa ez zen kongresura bakarrik mugatu. Dantzariak, musikariak eta antzerkiak hitzaldien artean tartekatu ziren eta azken egunean, hiru aldundietako diputatuek (nafarrak ez ziren azaldu) aurreskua dantzatu zuten. Aurreskuak historian zehar gorabehera asko izan ditu. XV. mendetik aurrera Euskal Herrian gehien dantzatu den dantzetakoa da, eta  akaso batzeko duen indar berezi horrek izan dezake horretan zerikusirik. 

Eusko Ikaskuntza I. kongresua 3

Eusko Ikaskuntza I. kongresua, 1918. Argazkia: Kutxateka / Ricardo Martin / CC BY-NC 4.0

Orduko aurresku harek pentsaera eta molde ezberdinetako partaideak izan zituen sokan. Katolikotasuna euskaltzaletasunaren oinarri bezala ulertu asmo zen arren, ezberdintasunak txikitu eta elkarrengana hurbilduta egin zuten dantza. Soka bera izan zen batasun irudia sinbolizatu zuena. Aurreskuak eta atzeskuak gidatu eta dantzatu zuten arren nagusiki, soka bera izan zen dantza esanahiz bete zuena.

Eusko Ikaskuntza I. kongresua 5

Eusko Ikaskuntza I. kongresua, 1918. Argazkia: Kutxateka / Ricardo Martin / CC BY-NC 4.0

Gainera dantzaren sinbologian erreparatuz gero, erabiltzen diren irudi koreografikoek ere asko daukate esateko. Izaera kolektiboa ez da ageri bakarrik eskuak elkarri emanda giza-katea osatu ondoren, Juan Antonio Urbeltzek bere “bailar el caos-La danza de la osa y el soldado cojo” liburuan jasota duen bezala, zubiak egiterakoan, aurreskuak eta haren ondorengo dantzariak arkua egin eta gainerako dantzariak azpitik igarotzen dira eta sokaren muturrean korapiloa egitearen sinboloa irudikatzen dute. Metaforikoki komunitatearen lotura askatu ez dadin egiten da eta sokaren bi ertzetan egiten da.

Eusko Ikaskuntza I. kongresua 6

Eusko Ikaskuntza I. kongresua, 1918. Argazkia: Kutxateka / Ricardo Martin / CC BY-NC 4.0

Esango nuke, nekez asmatu daitekeela hori baino irudi indartsuagorik, kongresuaren giltzarria izan zen batasuna eta komunitate zentzua dantzaren bidez irudikatzeko. Izan ere, historiako zenbait garaitan, soka-dantza gizarte baten nortasun politikoa finkatu eta aurkezteko modua ere izan da. Tamalez, 1936ko gerra zibilaren ondoren, mugimendu folklorikoak banakako dantza bihurtu zuen aurreskua soka dantzatik bereizita.

Eusko Ikaskuntza I. kongresua 2

Eusko Ikaskuntza I. kongresua, 1918. Argazkia: Kutxateka / Ricardo Martin / CC BY-NC 4.0

Soka-dantzatik aurreskua erauzterakoan dantzaren beraren indarra, balioa eta esanahia oinarririk gabe geratu zaizkigu. Soka-dantzaren ohorea sokan zegoen, parte hartzean, eskuz esku giza-katea eratuta dantzatzean. Gaur egun, aldiz, aurreskua erreberentzia moduko bat da, batek beste bati eskaintzen diona. Aldaketa nabarmena da eta euskal dantzak atzerapausoa handia egin dugu horretan.

Eusko Ikaskuntza I. kongresua 7

Eusko Ikaskuntza I. kongresua, 1918. Argazkia: Kutxateka / Ricardo Martin / CC BY-NC 4.0

Halere, azken urte hauetan, soka-dantzaren berreskurapen mugimendua izan da hainbat herritan. Uste dut, abiatu den olatu txiki hau aprobetxatu beharko genukeela soka-dantzak dituen balio sozial eta metaforikoak ondo adieraziz, berriro gure herrietako plazetan sarri agertzeko. Neurri horretan, Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena horretarako abagune dugu. Beraz, elkartu, garai berrietara egokitu, zimenduak sendotu, elkarrekin dantzatu eta berriz abiatzeko unea dugu.

Share:
Facebook Twitter Whatsapp