Josu Erkiaga: "Orain hamarkada batzuk Muskizen hezegune eder bat zegoen, egun Petronor dagoen lekuan"

2004-04-23

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Josu Erkiaga

Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate Zuzendaria "Orain hamarkada batzuk Muskizen hezegune eder bat zegoen, egun Petronor dagoen lekuan" Ismael Diaz de Mendibil

Traducción al español Euskal Herriak izan zuen industrializazio prozesu azkarrak hazkunde demografiko ikusgarria eragin zuen. Horrela, gizakiak eraginik, hezegune gehienek eraso gogorrak jasan zituzten. Egindako kaltea konpondu nahian, Eusko Jaurlaritzak Hezeguneen Arloko Lurralde Plana onartuko du datozen egunotan. Plan horrek hezeguneek euren jatorrizko natur balioa berreskuratzea du helburu. Zer da hezegune bat? Natur balio izugarria duten guneak dira. Bestalde, hezeguneak ekosistemarik garrantzitsuenetarikoak ditugu, eta batez ere, itsasadarrak. Izan ere, horiek uraren inguruan sortutako ekosistemarik garrantzitsuenak dira. Ur hegaztien garapenerako funtsezko papera betetzen dute, euren joan-etorrietan atsedena hartzeko, jateko eta habia egiteko erabiltzen dituztelako. Urdaibain, adibidez, 200 espezietik gora daude. Landare eta hegazti asko hezeguneetan bakarrik bizi daitezke, eta horrek itsasadarren eta paduren balio ekologikoa eta biologikoa areagotu egiten ditu. Hezeguneen Arloko Lurralde Planean hezeguneak bi ataletan ezberdintzen dira, alde batetik, itsasertzekoak, eta bestetik, barrualdekoak. 1999an erabaki garrantzitsua eta eztabaidagarria hartu genuen. Orduan, hezeguneetako lur asko hiri bihurturik ziren, eta hori ez aldatzea erabaki zen, eginda zeuden ezbeharrak eginda baitzeuden. Esate baterako, Bilbon Nerbioia edota Donostian Urumea. Plan horrek horrelako astakeriak egitea debekatzen du, eta noski, betebeharrekoa da. Beraz, badago hezeguneak arautzen dituen legerik? 1997an onartu ziren Lurralde Antolamendurako irizpideak. Horiek agintzen dutenez, administrazioaren ardura lurraldea arautzeko tresnak garatzea da. Hezeguneetan badugu lurraldea arautzeko tresnarik, Hezeguneen Arloko Lurralde Plana onartzear baitago. Plan hori garatzen 1999an hasi ginen, eta prozesu luze baten ondoren, datozen egunotan behin betiko onartuko du Gobernu Kontseiluak. Ibilbidea luzea izan da, eta normala den moduan, apur bat istilutsua, lur gutxi daukan herri batean interes asko azaltzen direlako tartean. Arazorik handienak itsasertzeko hezeguneetan sortu dira, adibidez, Zumaian edota Orion. Herri horien garapenerako (etxebizitza, industria, kirol azpiegiturak...) itsasadarrak funtsezkoak dira, lur eskasia dute eta. Horri aurre egiteko, lan handia egin behar izan dugu udalerriekin. Zertan datza Hezeguneen Arloko Lurralde Plana? Lehenengo eta behin, lan zientifikoa da. Zer den hezegunea, zenbat hezegune mota dauden, zein den euren egoera... Ondorioa argia da: Azkenengo 200 urteotako giza ihardueraren eraginez, Euskal Autonomia Erkidegoko hezeguneak nahiko izorratuta daude. Toponimiak berak erakusten du hori, egun harearen arrastorik ez dagoen arren, zer zen bestela Bilboko "El Arenal" ospetsua. Hala eta guztiz ere, hainbat hezegune bazeuden babesturik lehen. Hala da, eta berezko araudia daukatenez, plan honek ez ditu horiek arautzen. Lehenengo talde horretan Urdaibai, Txingudi eta barrualdeko beste hezegune bat daude, Zeanuritik gertu dugun Saldropo, alegia. Bigarren talde batean ondo landu nahi izango genukeen hezeguneen multzoa dago, itsasadarrak (Butroikoa, Leakoa, Artibaikoa, Oriokoa, Zumaiakoa, Debakoa...) zein barrualdeko hezeguneak (Salburua, Getxo eta Berango udalerrien artean dagoen Bolue hezegunea, Arreokoa...). Zerrenda luzea da, eta hauek guztiek natur balio garrantzitsua eduki arren, orain arte ez zuten inolako babesik izan. Planaren helburu nagusiak bigarren taldeko hezeguneetan arauak jarri, eta berreskurapen lanak egitea dira. Hezegune guztiak berdin babesten al dira? Ez, bere ezaugarrien arabera, bakoitzari babes maila ezberdina dagokio, eta ez hori bakarrik, hezegune baten barruan babes maila ezberdinak egon daitezkeelako. Lau babes maila ezberdin daude. Lehenengoa babes bereziko guneak dira, horrelakoetan, adibidez, ezin da ezer eraiki. Dauden moduan iraun behar dute. Bigarren mailako babesa, berriz, ingurumen hobekuntzako guneak dira. Aurrera egin baino lehen, adibide bat eskatzen dizut, gaia korapilatsua delako. Demagun Leako itsasadarra, oso luzea dena. Leako gune guztiak ez dira balio berdinekoak. Gune bat padura da, eta horrek babes berezia dauka, beraz, bertan ezin da ezer eraiki. Baina, badira beste gune batzuk biodibertsitatearen ikuspegitik oso ondo ez daudenak, eta horiei ingurumen hobekuntzako babesa dagokie. Gune horietan lan eginez, euren jatorrizko balioa berreskuratzen da. Horrela, adibidez, giza ihardueraren eraginez sortutako zabortegi batek jatorrizko balioa berreskuratzen du, eta aintzira bihurtzen da berriz. Ulertuta. Zeintzuk dira beste babes mailak? Hirugarren mailako babesa nekazal-abeltzantza hobekuntzarako guneak dira, Orion edo Lean bezalako hezeguneetan iharduera horiek ere izaten baitira. Helburua nekazaritzarako eta abeltzantzarako erabiltzen diren lurrak berreskuratzea da. Alabaina, egun lanean dauden nekazariek eta abeltzainek lur horiek erabiltzen jarraitu ahal izango dituzte, baina euren iharduera bukatutzat ematerakoan, hau da, jubilatzerakoan, hezeguneek lur horiek errekuperatuko dituzte. Laugarren babes mota gutxitan suertatzen da, hezeguneetan itsas iharduera bat edo beste dagoenean erabiltzen da eta. Salbuespenak dira, arrantzaleak ez baitira normalean itsasadarretatik ibiltzen . Planaren helburua gune bakoitzari dagokion babesa zehaztea da. Laburbilduz, lehenengo taldean lehen babesturik zeuden hezeguneak ditugu, Urdaibai kasu. Bigarrenean aurrerantzean babestuko direnak, eta azkenengoan, hirugarrenean? Oso hezegune txikiak dira, eta gehienak barrualdean daude, esaterako, ureztatzeko dauden urtegiak. Guk ez ditugu horiek arautzen, udalek baizik, beraien hirigintza tresnen bitartez. Estatuak bultzaturiko Itsasertzetako Legea, plan honekin kontraesanean al dugu? Ez. 1988an onartutako Itsasertzetako Legea defentsa eran babesten du kostalde osoa, hau da, eraikitzea debekatzen du. Gureak, aldiz, hori ez ezik berreskurapen lan batzuk ere ezartzen ditu gune askotan. Guk hezegunea bere balioaren arabera babesten dugu, eta horren ondorioz ere modu batez edo beste batez lan egitea erabakitzen dugu. Agiriak esku-hartzeak egiteko epeak eta urteak zehazten al ditu? Ez. Ez da eperik zehazten. Halere, argi uzten da Eusko Jaurlaritzaren zeregina dela planak dioena betetzea. Bestela, kaxoi baten barruan sartuta dagoen plan izugarri bat bihurtuko litzateke, beste asko dauden moduan. Agiriak balio handia du. Tresna hau Eusko Jaurlaritzaren konpetentzia denez, Eusko Jaurlaritzak berak ere eraman beharko du aurrera. Hezeguneetan lanean hasteko, Biodibertsitate Zuzendaritzaren bitartez aurrekontuak bideratu beharko ditu. Gurea lurralde txikia izan arren, hezegune dexente ditugu? Erreka asko dauzkagu, zortzi bat itsasadar...Ez dira milaka, Txilen bezala, baina balio handia dute hau bezalako herri txiki batentzat. Plana funtsezkoa da, egun zabalduta dagoen atzerabideari mugak jarri behar dizkiogulako. Demagun Leako itsasadarra. Oso egoera onean dago, baina ez bagenu babestu, bertako udalerriek edozein eraikin egin ahal izango zezaketen, edo lehertu, dena delakoa egiteko. Azken hamarkadetan, gizakiak eraginik, Euskal Herriko itsasadar eta padura gehienek eraso gogorrak jasan dituzte. Zein da adibiderik aipagarriena? Nerbioikoa, eta batez ere, Muskizekoa. Petronor enpresa hezegunean bertan egin zen. Pentsatu zelako astakeria izan zen bere sasoian!. Datu zientifikoek diotenez, Urdaibairekin batera horixe zen Bizkaian zegoen hezegunerik aberatsena orain dela 100 urte. Orduko hezegun harekin alderatuz, egungo paisaia negar egitekoa da. Baten batek esango dit industrializazioaren ordaina dela hori, baina ez da egia, Europako leku askotan hemen baino hobeto egin baitzuten. Gauza bat da edozein itsasadarren puntan kaia egitea, eta beste bat hezegunean bertan Petronor bezalako instalazio bat egitea, edo eraikinez betetzea. Bestalde, gaur egun ere badira presioak, baina administrazioak garapen jasangarria izan behar du ardatza horiei erantzuteko. Adibide bat esatearren, demagun Euskal Herriko arraun elkarte batek arraunean egiteko kanal bat egitea eskatzen duela. Hemen neguak luzeak direla edota askotan itsaso zakarra daukagula argumentatuz. Horrek hezegune bat suntsitzea suposatuko luke, horrelako kanal batek, gutxienez, bi kilometro behar dituelako izan, eta gainera, zuzenak. Hezeguneen Arloko Lurralde Planaren garrantzia horretan datza, horrelako suntsiketak egitea erabat debekatzen du eta. Talde ekologistek gogor borrokatu behar izan dute hainbat hezegune suntsituko lituzketen egitasmoak gelditzeko. Zerrenda luzea da: Txingudi, Orio, Zumaia, Lea, Plentzia... Zer deritzozu ekologisten lanari? Orain arte administrazioak berak ez zituen tresna egokiak egitasmo horiek gelditzeko, eta batzuetan udalerriek hezeguneetako lurretan sartu nahi izan dute handitzeko. Istiluak ez dira inoiz atseginak, baina euren lana oso garrantzitsua eta eskertzekoa izan da. Are gehiago, etorkizunari begira ere euren lan hori beharrezkoa izango da. Gogoan daukat orain dela hilabete batzuk Barakaldoko erreka bat zela eta ekologistekin izandako eztabaida handi bat. Euren ustez, baldintzak baziren erreka hori hezegunetzat emateko, baina zientifikoki balio naturalistikorik gabeko lur bezala araututa zegoenez, gure planetik kanpo zegoen. Honetan ekologistek ez zuten beraien helburua lortu, beste batzuetan, berriz, lortu dute. Nolanahi ere, funtsezkoak dira. Nerbioiko itsasadarrean ez dago ezer egiterik? Ezer ez. Dena galduta dago. Azaldutako planean Nerbioia eta Urumea ez dira aipatu ere egiten. Hezegunerik garrantzitsuena... Urdaibai. Bere baitan lau ekosistema handi daude: Hezegunea, Euskal Erkidegoan dauden artadi kantauriar bakarrak, hondartzak eta barruko itsasadarra. Josu Erkiaga

Josu Erkiaga Euskal Herriko hezegunerik garrantzitsuenetik gertu jaio zen, Gernikan hain zuzen. Gasteizen lan egin arren, kostaldean bizitzen jarraitzen du, egunero Lekeitio-Gasteiz-Lekeitio bidaia egiten baitu. Itsasoarekin duen harremana sendoa da, zuzenbidea ez ezik itsas zientziak ere ikasi zituen eta. Urte askotan Gernikako Udal Euskaltegiko irakaslea izan ostean, orain Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate Zuzendaria da. Lanak eta politikak aukera ematen diotenean, irakurtzea, igeri egitea eta trinketean jolastea ditu atsegin. Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 251 > Elkarrizketa -->

2004/04/23-30
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Natalie Morel Borotra: "Opera bera ekimen garrantzitsu batean murgilduta zegoen, kultura, soziologia eta politika batzen zituen ekimenean alegia : kultura euskalduna besteak baino gutxiago ez zela erakustea, opera lanak sortzeko gai ere baitzen"

 

Irakurri

Santiago Arcediano: "'Pajarita' taldeak, frankismoaren garaian, inguruan zeuzkan erresistentzien aurka borrokatu behar izan zuen"

 

Irakurri

Ander Manterola: "Hizkuntza errota bat da, eta errota horrek buruan ditugun ideiak landu egiten ditu, horregatik dago euskal pentsakera bat"

 

Irakurri

Amaia Gabantxo: "Itzultzailea sortzaile bat da; eskuetan duen obra berriro sortu egiten du"

 

Irakurri

Marrack Goulding: "Gaur egungo mundu globalizatuan, badira estatu bakar batek bere kabuz arituz konpondu ezingo dituen zenbait arazo, estatu hori munduko indartsuena izanda ere; eta horretaz konbentzitu behar ditugu Amerikarrak"

 

Irakurri