Maria Silvestre. Emakundeko zuzendaria: Aurrera egin behar dugu genero-indarkeria jasan duten emakumeekin lan egiten dutenen profesionalizazioan

2009-07-03

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

María Silvestrek Deustuko Unibertsitateko Soziologia eta Politika Zientzien Fakultatea utzi eta Emakundeko zuzendari-kargua hartu du. Katalana bada ere, azken 20 urteetan Bilbon bizi izan da. Segurtasun handiz hitz egiten du genero-indarkeriari buruz. Izan ere, oso ondo ezagutzen du gaia, “Emakumeen kontrako indarkeriari buruzko masterra” sortu zenetik, 2003an, horren zuzendaria izan baita.

Horrelako kargu bati ilusio eta proiektu berriekin ekingo zeniola imajinatzen dut...

Ilusio handiarekin iritsi naiz. Oso erronka interesgarria da alde pertsonalaren eta profesionalaren ikuspegitik, Emakunde erakundeak esan nahi duenagatik eta berdintasuna sustatzeko hemendik bultza daitezkeen ekimenengatik. Eta ez dakit proiektu berririk izango dudan, baina badut lehentasuna zeri eman behar zaion eta Emakunderen eginkizuna zein den ulertzeko beste modu bat. Nire ustez, egoera berriari egokitu behar du erakundeak: Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Lege berria daukagu 2005etik, eta Emakundek feminismo instituzionalaren erreferente izan behar du, Legea betetzea bultzatzeko, dinamizatzeko eta aholkatzeko, bai Administrazioan bai gizartean.

Emakumeen aurkako indarkeriaren gaian sakondu aurretik, erabili beharreko termino zuzena zein den argitu behar genuke, agian.

Egia da terminologiarik onenaren inguruko eztabaida egon badagoela. Nik indarkeriaren inguruko gaia landu dut Unibertsitatean eta, artikulu bat idaztean edo Emakumeen kontrako indarkeriari buruzko masterrean eskolak ematean, termino bat edo beste aukeratzeko erabakia argudiatzea eta akademikoki zuritzea garrantzizkoa dela deritzot. Hala ere, ekintza-politika zehatzaren ikuspegitik, errealitatea izendatzeko moduari buruzko eztabaidan galtzea, garrantzitsua bada ere, ez da erabakigarria, azken batean gizarte-arazo berari buruz ari baikara. Nik neuk genero-indarkeria deitzea gogoko dut, baina ez diet gaizki irizten emakumeen aurkako indarkeria, etxeko indarkeria edo eremu pribatuko indarkeria terminoei, adierazi nahi dugun errealitatearen berri ematen duten heinean.

Zer egingo du Emakundek genero-indarkeriaren arazoa euskal gizartean barneratzeko?

Nire ustez, heldu beharreko hainbat gai daude eta haietako bakoitzari bere unean ekin behar zaio. Adibidez, Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritza sortzen denean, Herrizaingo Sailak ekintza zuzenagoak edo epe laburragokoak jarri ahal izango ditu abian, horrelako indarkeria jasaten duen emakumeen egoera hobetzeko berehalako eragina izango dutenak, hala dagokionean laguntza zuzena eskainiz edo arreta hobea eskain diezaieketen erakunde, programa edo zerbitzuetara bideratuz. Helburu horrekin baliabide eta pertsonal gehiago eta arazoan zuzenean eragiteko neurriak hartuko ditugu.

Eta zer ekimen dagokio Emakunderi?

Emakunderi epe luzeagora planteatu beharreko bultzada eta sentsibilizazio neurriak dagozkio. Bestela, helburuak bete beharrak depresio handia eragingo liguke. Azkenean, gizarte berdinzalea lortu behar dugu, genero-indarkeriaren sustraia edo azken eragilea ezberdintasuna delako. Eta ezberdintasuna amaitzeko helburua ez dugu egun batetik bestera lortuko.

Eta helburu hori lortzeko garrantzi handia du hezkuntzak.

Emakundek Nahiko programa jarri du abian. Berdintasunerako prestakuntza-programa pilotua da eta lehen hezkuntzako ikasleen artean genero-indarkeria aurreikusteko helburua du. Orain arte 5. eta 6. mailakoekin eta 3. eta 4. mailakoekin lan egin dugu eta gure asmoa 1. eta 2. mailakoekin ere lan egitea da. Oso ondo funtzionatzen duen programa delakoan nago, parte hartzen duten haurrak, irakasleak, ikastetxeak eta haurren familiak ere barne hartzen dituelako. Programako prestakuntza eta jarduerak bereganatzen eta barneratzen dituzte, eta horri esker, euren arrazoibidea aldatu egiten da. Oso positiboa da, baina oraingoz hazia baino ez da, geroan ikusiko dugu hazten. Orain zikloa amaitu, txostena egin, Hezkuntza Sailari eman eta horrelako programa bat orokorra izateko nola egin dezakegun ikusi nahi dugu.

Horrez gain, komunikabideekin ere lan egin behar dugu. Ildo horretan, Publizitate Sexistaren Jarraipenerako Batzordea, Begira, birpiztu nahi dugu, presentzia eta kontrol handiagoak izan ditzan, eta konbentzimendu guztiarekin iritsi tradizioaren alorrera, kulturara enpresara, familietara... Asko dago egiteko oraindik, baina hori guztia epe ertainera eta luzera planteatu behar dugu.

Orduan, genero-indarkeriaren eragilea ezberdintasuna da?

Jakina. Indarkeriaren lehen eta azken eragilea ezberdintasuna da. Tratu txarrei buruz ari garenean, gizonek emakumeen gainean eremu pribatuan ezarritako nagusitasun-harremana da eragilea. Eta era askotara gauzatzen da hori, gainera. Guri hilketa baten albistea iristen zaigunean, hori, azken batean, icebergaren tontorra da, gizon batek emakume bat hil baino lehen, emakume horrek lehenago asko sufritu behar izan duelako. Sufritu ditu tratu txar fisikoak, psikologikoak, sexualak, ekonomikoak... Genero-indarkeriaren atzean emakumeen gaineko nagusitasuna dago, eta hori emakumea hutsaren hurrengo bihurtzeraino iristen da. Emakume horiek, tratu txarren ondorioz, patologia psikologikoak sufritzen dituzte eta erasotzailearekiko mendekotasun emozional handia garatzen dute. Askotan, jasaten ari diren eraso edo tratu txarren errudunak beraiek direla uste dute.

Tratu txarrak ikusarazteko indar handia egin behar dugu, emakumeak horrelakoak jasaten ari direla jakin dezaten eta, horrela, egoeratik irten daitezen edo, behintzat, irteteko laguntza bila dezaten.

Ba al dago tratu txarrak ematen dituzten gizonen eta jasaten dituzten emakumeen profilik?

Ez dago biktima eta erasotzaileen profilik. Edozein emakumek jasan dezake genero-indarkeria eta ez dut esango edozein gizonek erabil dezakeenik, baina ez dago profilik. Egia esan, ekonomia, gizarte, kultura eta hezkuntza maila guztietako emakumeengan du eragina indarkeriak... eta gauza bera gertatzen da erasotzailearekin. Egia da elementu baldintzatzaile batzuk daudela, erasoa errazten duten eragingarriak, hala nola alkohola, drogak, krisia edo estresa. Baina horiek berez ez dute azaltzen, ez dira benetako eragileak.

Bestalde, emakume horiek patologia psikologikoak izaten dituzte eraso edo tratu txarren ondorioz. Arazo horiek ez dute tratu txarrak jasan ditzakeen emakumearen profila osatzen, baizik eta tratu txarren ondorioak dira: autoestimu txikia, mendekotasun emozionala, erruduntasuna.

Kontuan izan behar dugu gizonak, emakumeari eraso egiten dionean, ez diola kalte egin nahi; menderatu egin nahi du, berarekin nagusitasun-harreman guztiz patologikoari eutsi nahi dio.

Maila juridikoan; prebentzio-neurriak aski dira, zigorrak behar bestekoak dira, justiziak azkar jarduten du...?

Aurrera egin dugu nabarmen eta hor daude genero-indarkeriari buruzko berariazko epaitegiak. Baina esango nuke beste urrats bat eman behar dugula Berdintasun Legea eta Genero Indarkeriari buruzko Lege Integrala aplikatzeko: genero-indarkeria jasan duten emakumeekin lan egiten dutenen profesionalizazioan aurrera egin behar dugu, alde juridikoan, psikologiko edo asistentzialean eta baita polizialean ere. Hau da, tratu txarrak jasan dituzten emakumeekin edo gizon erasotzaileekin lan egin behar dutenek indarkeriari aurre egiteko prestakuntza izan behar dute, esku artean zer duten jakin behar dute. Ulertu behar dute nola dagoen emakume bat, egun batean salaketa jarri eta bi egun geroago kendu nahi duenean. Hori zergatik gertatzen den ez badute ulertzen, ezin dute eman zerbitzu profesionala eta kalitatezkoa eta profesionala bera zapuztuta sentituko da, prozedura horretan aurrera egiten ez duelakoan. Ulertu behar dugu ez direla prozesu linealak, biktimekin egon behar dela, prozesu zirkularrak direla... ia dolu-prozesuak. Eta, zuk esaten zenuen bezala, maila juridikoan, kasuaren ardura duten fiskalak, epaileak eta epaitegiko pertsonalak esku artean zer duten baldin badakite eta ulertzen badute, zerbitzuaren kalitatea askoz hobea izango da, eta profesionalentzat ez da hain etsigarria izango.

Zer iruditzen zaizu komunikabideek gizarte-gaitz horren aurrean egiten duten lana?

Nire iritziz, komunikabideek oso eginkizun garrantzitsua jokatzen dute gizarteari genero-indarkeria gizarte-arazoa dela ulertaraziz; ez dela arazo pribatua, ez dela etxe barruko arazoa. Emakumeek sufritutako indarkeria ez da berria, aspaldi-aspalditik datorkigun arazoa da. Baina orain onartuta dago gizarte-arazoa dela eta, hortaz, legeztatu beharra dagoela, emakumeei lagundu behar zaiela, salatu behar dela... eta komunikabideek laguntza handia eman dute eginkizun horretan. Baina egia da, bestalde, egunkarian edo telebistako albistegian ematen duten berria beti gordinena izaten dela, hilketaren berria. Eta askotan, ikus-entzule gehiagoren edo inpaktu handiagoaren bila ibilita, informazio sentsazionalista egiteko joera izaten da, hilketaren ordez biktima bera albiste bihurtuz eta inolako informazioa ematen ez duten bigarren mailako iturrietara joz... Niretzat, esate baterako, auzotarrei galdezka aritzeak ez du ezertarako balio, arazoa ezagutzen ez duten pertsonak direlako, eta arazo hori zeloekin, maitasun erromantikoarekin, alkoholismoarekin, droga-mendekotasunarekin nahastea... huts egitea dela iruditzen zait, erasotzailea zuritzeko argudioak direlako, eta ez dago horretarako argudiorik. Horregatik, halako albisteei ematen zaien tratamendua zaindu egin behar dela uste dut.

Telebista piztu eta gizon batek bikotekide ohiari eraso egin diola ikusten dugu, baina gutxitan entzuten ditugu horren ondorioak edo erasotzaileari ezarri dioten zigorra. Nolako eragina izan lezake horrek erasotzaileen artean?

Gertatzen diren kasu guztiak komunikabideetan jasotzearen eragina ikertzen ari dira orain. Suizidio-tasei buruzko ikerketa ere egin zuten eta, horren ondorioz, prentsan halako albisteak emateari utzi zioten, jokabide hori normaltzat eman eta suizidio-tasa handitu egiten zela egiaztatu zutelako. Nire iritziz, genero-indarkeriaren kasuan ere jokabidearen normalizazioa gertatzen ari da, erasotzaileek komunikabideetan beste erasotzaile batzuen jokabidearen berri izanda beren burua haiengan islatuta ikusten dutelako. Azkenean, beren jokabidea normala dela barneratzen dute, beste batzuek ere hala jokatzen dutelako. Horregatik zorrotz zaindu behar dugu nola ematen ditugun horrelako albisteak.

Gero eta tratu txar gehiago dago edo, hobeto esanda, tratu txarrak gero eta ezagunagoak dira, baina badira igoera hori inmigrazioari egozten diotenak.

Lehen esan dizudan bezala, tratu txarrak gertatzen ziren iragan mendean, duela hiru mende eta duela bostehun urte, hori oso argi dut. Orain jendaurrean azaleratzen dira gizarte-arazo bihurtu direlako eta, ondorioz, emakume asko salatzera ausartzen dira, baina horrek ez du esan nahi orain lehen baino tratu txar gehiago dagoenik. Inmigrazioari dagokionez, arrazoibide oker eta erratua dela pentsatzen dut. Egia da etorkinen kopurua Estatuko edo Euskadiko herritar kopuru osoarekiko aintzat hartuta, indarkeria jasaten duten emakumeen proportzioa izugarri handia dela, zalantzarik ez, eta horri heldu beharko diogu.

Haien kultura-ondarea askoz matxistagoa da, patriarkalagoak diren gizarteetatik datoz, eta horietan gizon eta emakumeen arteko harremanek gizonaren nagusitasuna eta emakumearen mendekotasuna dute oinarri. Horregatik, emakume etorkinak etortzen direnean, batik bat Afrikako iparraldetik eta Latinoamerikatik, diskriminazio bikoitza jasaten dute: emakume izateagatik eta etorkin izateagatik. Horrez gain, bikotekideekin harremanak berreraikitzeko beharrari aurre egin behar diote eta horrek arazo asko eragiten ditu. Baina hori esanda, genero-indarkeria emakume etorkinek soilik sufritzen dutela esatea okerra da. Oso portzentaje handia da herritarren kopurua aintzat hartuta, baina arazoa gizarte osoarena da, eta ez emakume etorkinak gure gizartean bizi direlako: emakume autoktono askok ere indarkeria jasaten dute eta ezin diogu dena inmigrazioari leporatu.

Alderatzerik dago Euskadiko tratu txarrei buruzko kopuruak Estatuko edo Europakoekin? Ez dakit horrek garrantzirik duen, ordea...

Badaude datuak. Indarkeriaren jarraipenerako erakunde arteko batzordeak kopuruak neurtzen ditu aldian behin, Berdintasun Ministerioak ere datuak eskaintzen ditu noizbehinka... kontua da hildako emakumeei buruzko datuak ez duela arazoa islatzen. Urtean hildako emakume bat gehiago edo gutxiago dagoen datuak ez digu ziurtatzen bide zuzenetik goazen edo ez, hilketa gehiago gertatuko direlako, tamalez. Beraz, Euskadin urtearen bukaeran hiru hilketa, bost edo sei egoteak ez digu adieraziko hobeto edo okerrago gauden.

Datu garrantzitsua beste hau da: gero eta salaketa gehiago aurkezten dira, eta babesteko aginduak ere gero eta gehiago dira herritar kopuru osoarekiko eta salaketa kopuruarekiko. Estatu osoarekin alderatzeko, datuak zehatz-mehatz aztertu behar nituzke, baina egoera antzekoa da autonomia-erkidego guztietan. Europako egoerarekin konparazioa egitea oso zaila da, datuak homogeneizatuta ez daudelako. Estatu mailan ere ez daude homogeneizatuta, informazio-iturri ezberdinak erabiltzen ditugulako: polizia ezberdinak, organismo ezberdinak, salaketak eta erasoak ulertzeko eta bideratzeko prozedura ezberdinak (askotan, lehen esan dugun bezala, indarkeriaren definizioa bera dago horren atzean, hau da, zentzu zabalean har daiteke eta, beraz, sexu-erasoak barne hartu, edo etxeko indarkeriara mugatu, hots, familiartean ezkontideak edo ezkontide ohiak egindakoa). Estatuarekin eta Europarekin alderatzeko aukera emango digun adierazlerik ez dugu oraindik, baina lortzeko bidean gaude. Nolanahi ere, genero-indarkeriaren arazoari erantzukizun publikotik heltzeko lege eta erakundeen aldetik aurrerapauso gehien ematen ari diren lurraldeen artean gaude Europan. Frantzian, adibidez, gizarte-eremura bideratuago dute, hau da, emakume-elkarte eta mugimenduetara, eta hango Estatuak edo erakunde publikoek ez dute erantzukizunik bereganatu, hemen egin duten bezala.

Orduan, sexu-erasoak ere genero-indarkeriaren barruan sartuko lirateke?

Elkarrizketaren hasieran esan dugun bezala, terminologia ez da hain garrantzitsua, nolabaiteko garrantzia izan arren. Zentzu zabalean ulertuta, emakume batek emakume izateagatik jasaten duen indarkeria da genero-indarkeria. Indarkeria hori jasateko zergatia emakume izatea eta ezberdintasun-egoeran egotea da. Horren barruan sartzen dira etxeko indarkeria, bikotekideak edo bikotekide ohiak erabilitakoa, sexu-erasoak, bortxaketak edo emakumezkoen salerosketa. Eta Lege Integralak horiek guztiak hartzen ditu barne.

Maria, elkarrizketa bukatzen ari gara. Beste ezer azpimarratu nahi zenuke?

Aukera ematen badidazu, bai. Elkarte eta komunikabide batzuetan hasi dira salaketa faltsuen gaia aipatzen. Hori sustraitik moztu behar genukeela uste dut, halakorik badago ere, oso-oso portzentaje txikian dagoelako, eta indarkeria faltsuaren diskurtsoan sartzea oso arriskutsua delako. Diskurtso horrek, azkenean, indarkeriaren aurkako legeari legitimazioa kentzen dio eta, gainera, jasaten ari ziren egoeratik irteteko ausardia izan duten hainbat eta hainbat emakumeren salaketa zalantzan jartzen du. Hori dela eta, akats handia iruditzen zait, kalte handia egiten diolako legeari eta egiten ari garen ahalegin eta lan guztiari.

Azaroaren 25a Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko nazioarteko eguna da. Iritsiko ote da egun hori ospatu beharrik ez dagoen eguna?

Iritsiko da egun hori. Nik iristea nahi dut, baikor izateari utzi nahi ez diodalako, baina oraindik oso urruti dago.

Emakundeko zuzendari ohiei elkarrizketa:

. Txaro Arteaga

. Izaskun Moyua María Silvestre Cabrera (Bartzelona, 1967) Soziologia eta Politika Zientzietan doktorea eta Deustuko Unibertsitateko Soziologia eta Politika Zientzien Fakultateko dekanoa da (2004-2009). Deustuko Unibertsitateak Eusko Jaurlaritzako Emakumearen Euskal Institutuarekin elkarlanean ematen duen Emakumeen kontrako indarkeriari buruzko masterra sortu zenetik, 2003an, horren zuzendaria da. Europako Balioen Inkestan (EBI) Espainia ordezkatzen duen “Deustu - Gizarte Balioak” ikerkuntza-taldea ere zuzentzen du. Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzietako Genero Ikerketak bultzatu ditu. Haren espezializazio-arloak honako hauek dira: gizarte-zientzietako balio politiko-sozialak eta genero-ikuspegia, eremu horietan hainbat argitalpen eta zientzia-ekarpen eginak baititu. Kudeaketa-kargu garrantzitsuak ere bete izan ditu, esate baterako Soziologiako Euskal Elkartearen lehendakaritza eta Espainiako Soziologia Elkartearen lehendakariordetza. 2008ko irailean, Deustuko Unibertsitateko ikasturtearen hasierako inaugurazio-hitzaldia egin zuen, “Unibertsitatea berdintasunaren erronkaren aurrean” hizpide hartuta.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Roslyn May Frank. Ikertzailea: Kixoteko pertsonai bati esker hasi zitzaidan euskal kulturarekiko interesa

 

Irakurri

Sergio Recarte. Euskal kulturaren sustatzailea Argentinan: Gure etxean euskal izaera arnastu ere egiten da

 

Irakurri

Juan Luis Moraza. Eskultorea: Artea da dagoen jarduera demokratikoena, kulturaren gainetik edonor edozer izan baitaiteke

 

Irakurri

Ángel Arbonies. Ezagutza eta berrikuntza kudeaketan aholkulari: Mundu guztiak bizia salbatuko dion flotagailutzat hartzen du berrikuntza, baina gutxi dira berrikuntzarako egiturak sortzen dituztenak, eta hori benetan zoritxarrekoa da

 

Irakurri

Arantza Tapia Otaegi. Hondarribi – San Sebastián aireportuaren sustapenerako sozietateko lehendakaria: Donostiako aireportuan krisia aisian nabaritu da gehien, ez horrenbeste lanerako bidaietan

 

Irakurri