Proyectos

13/02/2015

DiKomA proiektuaren emaitzak eskuragarri daude

DiKomA (Udalerri mailan hizkuntz ekologiaren Diskurtsoa sozializatzeko eta hizkuntza Komunitatearen sistema Ahalmentzeko) proiektuaren emaitzak eskuragarri.

DiKomA proiektuaren emaitzak eskuragarri daude

DiKomA proiektua Eusko Ikaskuntzak eta Soziolinguistika Klusterrak sustatu eta hizkuntza-ekologiaren diskurtsoa sozializatzeko eta hizkuntza-komunitatearen sistema ahalmentzeko xedearekin 2012 eta 2014 bitartean garatu den proiektua da. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Oñati, Errenteria, Zumaia eta Bermeoko udalerrien babesa eta parte-hartze zuzena izan du. Landa-lana eta esperimentaziorako herriei dagokionez, proiektua lau udalerritan gauzatu da: alde batetik, UEMAko hiru udalerritan (Bermeo, Oñati eta Zumaia), hau da, euskal hiztun ehunekoa %75 baino handiagoa duten udalerrietan, eta bestetik, ezaugarri soziolinguistiko oso desberdina duen eta handiagoa den laugarren udalerri batean (Errenterian), alegia, euskara-gaitasuna populazioaren %40 azpitik duen udalerri batean. Herrien arteko ezaugarrien alde horrek, esku-hartze prozesuaren garapena izaera ezberdineko udalerrien artean erkatzeko aukera interesgarria zabaldu du, eta ikerketa-lan honi gainbalioa erantsi dio. DiKomA proiektua bideratu duen lan taldea anitza eta diziplinartekoa izan da. Bertan funtzio ezberdinak betetzen dituzten pertsona eta erakundeak elkartuz: unibertsitate alorreko adituak, erakundeetako teknikariak edota arduradunak, administrazio alorreko arduradunak, eta esku-hartze prozesuetan espezialistak. Horrela, Eusko Ikaskuntza eta Soziolinguistika Klusterreko arduradunak eta teknikariaz gain, EHU, ELHUYAR, Topagunea eta HUHEZIko adituak, eta erakunde babesleen eta landa-lana garatu den tokiko ordezkari eta teknikariek hartu dute parte. DiKomA proiektua fasekako garapen metodologikoan oinarritu da, fase bakoitzaren garapena 2012, 2013 eta 2014ko ekitaldietan kokatzen direlarik. Proiektuaren garapenak etengabeko parte-hartzearen egokitzapena eskatzen zuen, etengabeko sortze eta metatze prozesu batean baikeunden, beraz, asmoen garapena epe aldi zabal honetan kokatze behar honek lan-taldearen parte-hartzea bizirik mantentzea helburutzat hartu genuen. Hiru fase hauei izaera eta nortasuna ezarri nahi izan diegu izen propioa esleituz eta bete behar genituen ezaugarriei nortasuna eskainiz. Horrela, DiKomA proiektuaren garapena eta asmoak denboran kokatu genituen jarraitu nahi genuen prozesua irudikatuz: DiKomA Oinarriak (2012), DiKomA Interbentzioa (2013), DiKomA analisia eta proiekzioa (2014).

DiKomA Proiektuaren emaitza nagusia gizartean espazio eta gune anitzetan (gazteak, herritarrak, ikasleak, gurasoak, elkarteak, erakundeak, ...) ekolinguistikaren ezagutzan oinarrituta herritarren jabekuntzarako eztabaida irekia eta antolatua ahalbideratuko duen tresna baten sorkuntza da,EkoLingua Solas-jokoa, hain zuzen ere. Produktu hau erabilera librekoa izango da, edonorren esku egongo da. DiKomA Proiektuaren emaitza dira EkoLingua Solas-jokoa osatzen duten hiru elementu:

  1. Hizkuntzen ekologiari buruzko Corpus teoriko-kontzeptual egokitua.
  2. EkoLinguA Solas-jokoa, bere eduki eta osagarri guztiekin.
  3. EkoLinguA Solas-jokoa esku-hartze programetan txertatzeko eta Jokoaren aplikaziorako Prototipoa eta gida.
Compartir:
Facebook Twitter Whatsapp