ENE

2013. Euskaltzaleak. Buenos Aires, Argentina.

2013. Euskaltzaleak. Buenos Aires, Argentina.

Eusko Ikaskuntzak duela zortzi urtetik hona antolatzen duen ENE Saria 2013 Buenos Aireseko Euskaltzaleak erakundeari esleitu zaio aurten. 1944 urtean abian jarri zen elkarteak, 69 urte daramatza euskararen zabalkunde eta irakaskuntzan lanean.

Epaimahaiak Buenos Aireseko Euskaltzaleak aukeratzean, batez ere, hainbat urtetako lana eduki du kontuan elkarte hau aukeratzeko momentuan. EUSKALTZALEAK 1944 urtean Buenos Airesen sortutako elkartea da, Argentinan euskara eta euskal kultura mantendu, erakutsi eta zabaltzeko helburua duena. Hainbat ekimen eta ekitaldi antolatzen ditu urte osoan zehar: euskara ikastaroak, hitzaldiak, kultura tailerrak, ikasleekin bilkurak, dantzak eta jokoak; horrez gain euskarazko kantuak abesten dituen koroa eta euskal liburutegia ere badu.

Orotara 14 elkarte aurkeztu dira eta ez da erraza izan irabazlea aukeratzea, izan ere, epaimahaiaren hitzetan “jasotako txostenak irakurtzean, euskal kulturarekiko errespetua, maitasuna eta konpromisoa dastatu dugu”.

2006 urteaz geroztik ENE Saria urtero banatu du: Euskara sustatzeko lanetan gehien nabarmendu den kanpoko erakundeari emandako saria, alegia. Nestor Basterretxeak, euskal artistak, 2005ean diseinatutako ENE logoa da, urteroko ospakizunaren identifikazio ikurra.

Horrez gain, aurten, ENE kanpainaren baitan Eusko Ikaskuntzak euskarari bultzada berezia eman nahi izan dio eta, horretarako, Mintzanet programarekin bat egin du. Euskaraz baliatuz, solasaldiak izan nahi dituzten munduko pertsonak lotzeko ekimena abian jarri du Internet bitarteko eta doako plataforma horren bitartez. Oraingoan, urriaren 23tik abenduaren 2ra bitartean, batez ere maila altuko (Lagundu nahi- Bidelagunak) baina baita maila baxuago bateko mintzakideek (Hobetu nahi- Bidelariak) izena eman dute, euskararen ahozko erabilpenean elkarri laguntzeko. Izena eman duten guztien artean opari ugari banatuko dira, besteak beste, egunerako sortutako amantal bereziak, liburu sortak edo ajendak.