ENE
2014. Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverei elkartea. Berlin, Alemania.
Berlineko Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein elkarteak irabazi du ENE SARIA 2014, abenduaren 3an Eusko Ikaskuntzak Euskal Herritik kanpoko entitateei ematen dien saria.
Gernikako bonbardaketa gogoraratzeko 1997an sortutako elkarteak, euskaldun eta alemaniarren harremanak indartzea eta herrialde hartan eta bereziki hiriburuan, Berlinen, euskal kultura sustatzea du xede. 2009tik ‘euskal etxe’ izendapen ofiziala du.
Gernika Deusch-Baskischer Kulturvereinen eskutik euskal hizkuntza eta kultur ikastaroak ematen dira eta euskararen erabilera sustatzen duten kultur sustapen eta aisirako jarduerak antolatzen dira hormarik gabeko euskal etxean: hitzaldiak, tertuliak, kontzertuak, zine emanaldiak, omenaldiak, liburu aurkezpenak, jaialdiak, ikastaro eta tailerrak edo ekitaldi herrikoiak. ENE SARIA 2014 emateko jarduera hauek guztiak egiteko modu berritzaile eta sortzailea hartu da kontuan, bai eta guzti horretan jartzen duten ilusioa ere.
Bederatzigarren edizioan ENE SARIAn mundu osoko 12 entitatek hartu dute parte. Bere erabakian, epaimahaiak proposamen kopurua zein hauen maila altua azpimarratu du eta entitateak animatu egin ditu beren lanarekin jarraitzera, guztiek merezi baitute saria.
ENE SARIA onarpen publikoa da, eta oraindik zehaztu gabe dagoen egunean Nestor Basterretxea artistak diseinatutako anagrama eskultorikoaren erreprodukzioa jasoko du elkarteak.
Bestalde, Euskararen Nazioarteko Egunaren 65. Urteurrena dela eta, Eusko Ikaskuntzak “Euskara Irudikatu” kanpaina jarri zuen abian. Hirurehun argazki baino gehiago aurkeztu dira lehiaketara, bertan, partehartzaileen ustez euskara zen den irudikatzen da eta ENE eguneko kamiseta jasoko dute partaideek.