Patxi Juaristi Larrinaga. Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Zuzendaria: Boloniako prozesuak Europan zehar lana aurkitu eta ikasketak egitea ahalbidetuko du

2009-03-13

SILLERO ALFARO, Maider

2006ko ekainean elkarrizketa bat izan genuen Patxi Juaristirekin, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Zuzendariarekin, alegia. Orduan, Euskonewsen kaleratu genuen titularra hauxe izan zen: “Boloniako prozesua gainean dugu, eta horrek aldaketa garrantzitsuak eskatzen dizkigu. Alegia, gure unibertsitateak Europakoekin homologatu behar ditugu”. Ia hiru urte pasa dira jadanik eta hainbat aurrerapauso eman dira. Gaur egungo egoera ezagutzeko Juaristi jaunarekin hitz egin dugu berriz ere.

Zein egoeratan aurkitzen ditugu gure Unibertsitateak gaur egun Boloniako prozesuari dagokionez?

Esan behar da Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten 3 unibertsitateak aspalditik dabiltzala lanean Boloniara egokitzen. Alde batetik, 3 unibertsitateen Plan Estrategikoek Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparrura egokitze horri garrantzi handia ematen diote. Eta hortik abiatuta, aipatu behar da 3 unibertsitateak ECTS (European Credit Transfer System) kreditu sistema eta Boloniatik bultzatu nahi den irakaskuntza eta tutoretza ereduak bermatzeko aholkularitza eta laguntza programak abiarazi dituztela.

Hemendik aurrera gradutan, graduondotan (edo masterretan) eta doktoregotan banatuko dira unibertsitateko ikasketak.

Bai, hala da. Pauso garrantzitsuak eman dira postgraduetan, masterretan. Alderdi honetan 3 unibertsitateak badauzkate gaur egun Boloniara egokitutako masterrak. Zehazki, urte honetan Euskal Herriko Unibertsitateak 53 master dauzka, Mondragon Unibertsitateak 7 eta Deustuko Unibertsitateak 37. Zentzu horretan pausoak eman dira.

Eta graduekin zer gertatzen da?

Graduen arloa beste kontu bat da. Hor 3 abiadura daudela esan genezake. Alde batetik, Euskal Herriko Unibertsitateak 2010-2011 ikasturtean emango ditu Boloniari egokitutako lehen graduak. Mondragon Unibertsitatea dagoeneko hasi da ikasturte honetan gradu horiek ematen eta Deustuko Unibertsitatea datorren urtean hasiko da, 2009-2010 kurtsoan. Beraz, esan genezake ECTS kredituak eta tutoretzak barneratzeko aholkularitzak eman direla, graduondoetan ere pauso garrantzitsuak eman direla... baina graduetan abiadura desberdinak daude oraindik.

Gobernuak 2010. urtea ipini du data bezala Unibertsitateak Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokitzeko. Garaiz ibiliko al gara Euskal Autonomi Erkidegoan?

Pentsatu nahi dut baietz! Batez ere Euskal Herriko Unibertsitateak lan asko egin behar du. 2010. urtea bihar da, gainean daukagu eta kontuan hartu behar da titulazio guztiak ebaluatu behar direla, bai UNIQUAL eta bai ANECAn ere. Hor, guk daukagun dekretuaren arabera lan asko egin behar da, baina pentsatu behar dugu baietz, helduko garela data horietara.

Egun hauetan asko eta asko entzuten ari gera Boloniaren inguruan, baina labur-labur adierazita, zein esango zenuke dela helburua?

Berez Boloniak 6 helburu dauzka. Lehenengoa, garrantzitsuena, izango litzateke; Unibertsitatea erraz ulertu eta konparatu daitekeen titulazio eta kalifikazio sistemara egokitzea. Hau da, titulazio sistema eta kalifikazio sistema bera Europa osoan izatea. Eta horretarako Tituluaren Gehigarri Europarra sortu da.

Eta zer da Tituluaren Gehigarri Europarra?

Nolabait norberaren curriculuma izango litzateke. Hor adibidez agertuko litzateke zer ikasi duzun, zeintzuk diren zure konpetentziak, zer notak atera dituzun... eta horrek aukerak zabaltzen ditu europako lan-merkatuan. Zuk titulu bat duzu eta titulu horri atxikita Tituluaren Gehigarri Europarra izango zenuke. Hau berdin-berdina izango da Europa osoan eta horrek ahalbidetuko du Europatik zehar graduonduko bat egiteko aukerak erraztea edota lana aurkitzea.

Europa osoan ere kreditu sistema berdina lortzen da. ECTS, European Credit Transfer System horrek kredituak bateragarriak bihurtzen ditu Europa osoan. Estatuaren kasuan adibidez, gradu bakoitzak 240 kreditu izango ditu; 60 kreditu urteko.

Hau da, graduak 240 kreditu izango ditu eta gero graduondo eta doktoregoa egiteko aukera.

Boloniarekin 3 ziklotan antolatutako Unibertsitate ikasketa bultzatu nahi da: Gradua, masterra eta doktoregoa. Nolabait goi mailako hezkuntzaren arloan europar mailako lankidetza sustatu nahi da eta noski, lankidetza hori askoz ere errazago lortzen da graduak edo titulazioak konparagarriak badira kreditu kopuruetan etab.

Mugikortasuna Boloniaren beste arlo garrantzitsu bat da...

Bai eta esfortzuak egiten ari dira zentzu honetan. Hau dena zertarako? Errazago mugiarazteko eta Europan zehar lana aurkitu edo ikasketak erraz egiteko. 3 Unibertsitateek egin dituzte esfortzuak arlo honetan. Pasa den urtean sortu genuen Eusko Jaurlaritzatik Erasmus beka bat. Beno, egia esan ez da bakarrik Erasmus; hor sartzen baitira Erasmusak eta beste edozein eratako mugikortasunak bultzatzeko bekak, modu honetan ikasleek aukera gehiago izan dezaten kanpora joateko. Momentu honetan gure bekarekin Sistema Unibertsitate osotik, gutxi gorabehera 1000 bat ikasle ari dira urtero beste toki batzuetan ikasten.

Suposatzen dut mugikortasunaren esparruan egiten ari den esfortzu horrek beste tokietako ikasleak ere erakarriko dituela gure Unibertsitateetara.

Bai, noski. Begira, lehen aipatutako guzti hori ona, oso ona iruditzen zait. Nolabait konparagarri izango den kreditu sistema eta titulazio sistema sortzea, gure ikasleak ere mugitzeko. Baina jakina, horrek daukan akatsetariko bat da ikasleak hemendik joaten badira eta inor ez bada etortzen... ba hor arazo bat daukagu. Eta hor daukagun erronkarik handienetakoa gure Unibertsitate Sistemaren kalitatea hobetzea da. Agian ez horrenbeste graduetan, baino batez ere graduondoko onak sortzen, zerbait berezia eskainiko dutenak jendea kanpotik ere erakarri ahal izateko.

Beraz mugikortasuna bi zentzuetan izan behar du; kanpora ateratzeko eta jendea erakartzeko.

Mugikortasuna ondo dago, baina jendea hemendik joan eta kanpoan gelditzen bada... eta hori gerta daitekeen arazoa da! Ondo prestatutako jendea kanpora joaten da eta gero lan egiteko aukerak ere agertzen zaizkie bertan. Noski, ikasleak hemendik bidaltzen baditugu eta inor ez badator hona... ez gabiltza ondo.

Eta zer egin behar da?

Kalitatea hobetzea, ingelesa gehiago eskaintzea... hor dago erronka garrantzitsua gure unibertsitatean. Batez ere ingelesaren inguruan gauza gutxi eskaintzen delako. Egia da esfortzuak egiten ari direla eta gero eta aukera gehiago dagoela, baina jendea erakartzeko kalitate hobetu behar da eta ingelesezko irakaskuntzaren eskaintza handitu behar da.

Nola ikusten dira gure Unibertsitateak Europa mailan?

Nik uste hobetzeko asko daukagula. Benetan pentsatzen dut azken urtetan unibertsitatea hobetu egin dela baina oraindik ere asko daukagu hobeagotzeko. Besteekin alderatzen bagara zenbat patente egiten ditugun, edo zenbat publikazio kaleratzen ditugun edo... gure sistemak oraindik asko dauka egiteke. Kalitatea asko hobetu behar da, emaitzak lortu behar dira gauzak erakargarri bihurtzeko. Lehen esan dudan moduan, gauza erakargarriak sortu behar ditugu, beste inon egongo ez diren gauzak. Jendeak esango duena “begira, Euskal Herrian badago eskaintza bat gai honen inguruan, eta ingelesez da gainera... hara joatea gustatuko litzaidake”. Egia esan ez da erraza, batez ere ingelesez irakatsiko duten irakasleak behar direlako... lan handia egin behar da.

Eta ikerketak?

Ikerketak sendotu egin behar ditugu. Gure unibertsitate sistemak daukan arazorik handienetarikoa ikerketa da. Eta hurrengo urteetan, nire ustez, hor diru gehiago inbertitu beharko da gure patenteak, artikuluak eta ikerketa indartzeko. Zeren ikerketa indartzen bada graduondokoak ere indartuak geldituko dira eta orduan unibertsitateak erakargarriagoak bihurtuko dira kanpoko jendearentzat.

Eta bukatzeko; entzuten ari da hainbat lizentziatura eta diplomatura desagertuko direla. Zer gertatuko da horrekin?

Momentuz hemendik ez da planteatzen karrerak desagertuko direnik eta gai horretan ez dut sartu nahi zeren momentu honetan hori unibertsitateak erabaki behar duen zerbait delako. Baina nik dakidala ez da planteatzen karrerak kentzea, planteatzen dena da lehen urteak komunak izatea. Gizarteak jakin behar du badaudela hainbat karrera oso garestiak direnak, ikasle oso-oso gutxi dagoelako eta kasu horietan arrazionaltasunez jokatu beharko da. Patxi Juaristi Larrinaga (Markina-Xemein, 1967) Soziologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta hantxe lortu zuen doktoregoa ere, 1995ean. 1993tik EHUko irakaslea da. Hain zuzen, Estatistika eta Ikerketa-teknika irakatsi zuen Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, 2005eko azaroan Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Zuzendari izendatu zuten arte. Hainbat liburu eta lan argitaratu ditu, eta Karmel aldizkariko ohiko kolaboratzailea da. Euskaltzaindiako Jagon Saileko kidea. Euskal Soziologoen Elkarteko batzordekidea izan da. 2000 urtean Euskaltzaindiaren Mikel Zarate saiakera saria irabazi zuen, Euskal Herria globalizazioaren aurrean lanari esker. Argitaratutako liburu/lan batzuk: -Euskal alfabetatzearen historia zenbait sortzaileren ahotan 1960-1990 (Labayru, 1997) -Euskaldunak eta ondasunak (Pamiela, 2001) -Euskal Herria globalizazioaren aurrean (BBK-Euskaltzaindia, 2001) -Gizarte ikerketarako teknikak (UPV-EHU, 2003) -Salgai. Euskal kontsumo gizartea aztertzen (Alberdania, 2003) -Kontsumitzaileen eskubideak: aurrerapausoak, arriskuak eta konponbideak (Deustuko Unibertsitatea, 2005) -Hizkuntzen mundua (UPV-EHU, 2005). Beste egile batzuekin batera.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Aitor Furundarena. Musikaria: Ez da munduari zer garen azaltzea lortu nahi duguna baizik eta euskal akordeoilariei, ni barne, mundua nolakoa den erakustea

 

Irakurri

Xabier Zabaltza. Historialari eta saiakera-egilea: Onerako eta gaitzerako, gaurko Euskal Herria ez da Sabino Arana gabe konprenitzen ahal

 

Irakurri

Esther Ferrer. Artista: Ziur nago, uste sendoak dituzunean eta ideia batzuen alde egiten duzunean, uste eta ideia horien eragina nolabait nabarmentzen dela zure lanean

 

Irakurri

Xabier Etxebarria Zarrabeitia. Eusko Jaurlaritzako Zigor Betearazpenaren eta Gazte Justiziaren Zuzendaria: Adingabeko arau-hausleen % 72k ez du berriz deliturik egiten

 

Irakurri

Juan Uriagereka. Hizkuntzalaritzan doktorea: Gorroto ditut definizioak

 

Irakurri