Thierry Malandain. Koreografoa Biarritzen: Koreografo batentzat bere lanean jardutea garrantzitsua da bizirik irauteko eta, bestalde, toki bateratzea lortu behar du

2006-07-07

ETXEZAHARRETA, Luzien

ETXEZAHARRETA, Luzien

Thierry Malandain dantzari bat da, koreografo bilakatua, Biarritzeko Balleta zuzentzen duena. Normandian jaio zen, Rouen aldean, duela 47 urte. Dantzari klasiko karrera bat burutu zuen, Pariseko Operan egonez, gero “Ballet du Rhin”-ean eta ere Nancyko “Ballet Théâtre”-n. 1986.ean, dantzari izatea utzi zuen eta “Temps Pr?sent” Konpainia sortu. 1998.ean, zuzendari artistiko eta koreografo jarri zen Biarritzen, Catherine Trautmann Kultur Ministroak izendaturik, “Centre Chorégraphique National Ballet Biarritz”-en buru. Orotara hirurogei bat koreografia sortuak ditu eta zenbaitentzat saritua izan da. Biarritzeko “Maitaldia”-ren, udazkeneko dantza festibalaren zuzendari da ere. Domina publikoak jaso ditu ere eta “Chevalier des Arts et Lettres” izendatua. Aurten, urtarrilak 29, Bilbon jaso zuen Sabino Arana Fundazioaren Kultur Saria. Biarritzeko Balletaren babespean, “Biarritzeko Balleta Gaztea” sortu zuen ere, Donostian kokatzen dena. Horrekin dantzari gune baten bultzatzea gogo du, gure eskualdeetan dantza klasikoari lanbide berriak emanez. Suitzako Neuchatel-en eta New York-en urtarrilean ibili eta, Estatu Batuetako Los Angeles-etik duela gutxi itzulia da arrakasta izan duten emanaldiak eskaini ondoren. Urte hasiera honetan, taldea ibili zen ere Italiako Vicenza-n, Saint Raphaël-en eta Guadalupan ere, Karibetan. Bazter horietan azken sorkuntzak erakutsi eta txalotuak izan dira, “Don Juan” eta “Les Créatures”. Geltoki zaharraren hegal batean, Balletaren bulegoan mintzatu gara berarekin. Hor du zuzentzen Zentru Koreografiko Nazionalaren lana, talde eraginkor eta atseginarekin. Malandain-en maila aldera daiteke Zentru Nazional hauetan dabiltzan pertsona ospetsuekin, nola Angelin Preljocaj edo Carolyn Carlson-ekin. Bere lan eta sorkuntzek tokiko eta nazioarteko onespena jaso dute eta lorpen azpimarragarri honetaz solastatu gara.

“Balleta klasikotik nentorrela, arte hori oraindik bizia zela erakutsi nahi nuen”

Thierry Malandain, Los Angeles-etik itzuli berria zara eta beste abiatze bat prestatzen ari zara, proiektu berriak obratzen. Badirudi Balleta buru bat pertsona guztiz hartua dela eta egunero mirakuluak eskaintzen zaizkiola...

Ez da hala Zentru Koreografiko guztien egoera, baina gurea horrelakoa da. Suerte zerbait badugu, lehendabizi, asko dantzatzen dugulako. Horrek bidai, saio asko agintzen ditu, zeren eta gure errepertorioan programa ezberdinak baititugu. Los Angeles-etik itzuli gara eta datorren larunbatean Compiègne-ra goaz eta egonaldi luzea Paris aldean egingo dugu. Bada lan hori eta bestalde sorkuntzak bideratu behar direnak. Azarorako opera bat prestatu behar dut, Orphée et Eurydice, eta prestakuntza gaur edo bihar hasiko dugu, azarorako izanikan ere. Balletaren aktibitateak eta kanpokoak, bi sail hauek elkarren osgarri jarri behar dira.

Oreka hori, ezinbestezko sorkuntza lanekin, taldea biziarazteko ez da ziurraski erraza izanen kalitatearen premiarekin: gauza oso minbera litzateke?

Hori, estudioan gertatzen den zera da. Nere inguruan, bi Balleta Maisu baditut, laguntzaile direnak. Bada ere alde administratibo guztia. Zentru Koregrafikoaren ekipoak lan egiten du elkartasun batetan, kontratuak negoziatuz, emankizunak bilatuz eta hauek aurkitu eta, kudeantza, bidaiak, hoteletako erreserbatzeak antolatuz, hori guztia urteak lehenago bideratu behar dira, bukaerarik gabeko lana da.

Hala ere, Balletaren arrakastak eta famak pentsarazten dute Biarritzek, eremu askotan, daukan lorpenari: orain zortzi urte baitira hemen zarela eta zure lanaren kalitatea obratu al duzulako, senditzen al duzu zure apostua irabazi duzula?

Apostua bi sailetan zen. Alde batetik, egin zidaten konfiantzan, Didier Borotra alkatearena eta erakunde publiko babesleena. Zentru Koreografiko baten jartzea Biarritzen etzen aurretik irabazia, zeren eta Zentru horiek ia beti erregioetako hiri nagusietan kokatzen baitira. Jendetzari dagokionez, hau ez da hiri nagusi bat eta beraz uste dut zinezko apostua zela. Uste dut hor irabazi dugula: adibidez, bi Don Juan duela gutxi eman ditugularik, sala bete zen, etzen horrela duela zortzi urte. Horrek erakusten du tokiko publikoak onartzen gaituela, guretzat onuragarria da. Gero, bazen beste apostua bat, dudan estiloari zoakiona, Frantziako paisai koregrafikoan doi bat bazterrekoa den bati begira. Balleta klasikotik nentorrelakoan, erakutsi nahi nuen arte hori oraindik bizia zegoela. Nere ikuspuntutik, bi lorpen dira: tokian berean kokapenaren lortzea eta bestalde lorpen artistikoa nazional mailan, zeren eta behar ditugunak ongi konponduak baldin badira, dantzari taldeari begira batez ere, hau guztia tresneria astuna da etengabeko lana eskatzen duena eta inoiz ez baitzara lorpen batetan geratzen ahal.

Bi helburu zenituela, formakuntzarik etzuen publiko batengandik onetsia izatea eta dantza munduan zure abentura pertsonalaren bideratzea, bigarren sail honetan lortu duzu ere nahi zenuena?

Koreografo batek beti bi helburu ditu, tokian bertan neurtzen den lanaren jarraipena, bainan ere nazio edo nazioarteko mailan, hau garrantzitsua da bizirik irauteko. Eta kokapenaren lortzea, alabaina, bi opzio zinez ahaztu behar ez direnak. Horrek, bistan da, zailtasunak dakarzki, Los Angeles-en ongi dantzatzearen kezka eta aldi berean Donibane Garazin Balleta Gazteak ongi dantza dezan ere. Bi puntetako lana ez dena beti erraza, baina diot berriro, nere inguruan laguntzak baditudala dena ongi joan dabilan.

Dantzaren munduan, XX. mendeko iraultza nagusi batek dena itxuraldatu duela, fusioak beste arteekin gertatuz, sorkuntza batzuk eredu nagusi bilakatuz, izen handiak agertuz nola Merce Cunningham, zure aukerak errazak eta argiak geratzen zaizkitzu unibertso hain konplexuan?

Uste dut ibilbidea argia dudala. Klasikotik nator, baina dantza klasikoa ez da gauza geldi eta finkatua, betidanik aldatzen ibili da eta eboluzio horri nere ekarpenaren egitera saiatzen naiz. Beste koreografo batzuek beren erara egiten dute, nik, nerera. Egia da ene desmartxa doi bat bazterrekoa dela. Merce Cunningham-en ikusle interesatua izan naiteke, baina bere ibilbideak nerearekin ez du ezer ikustekorik, hari begira zerbait ikasi dudan arren. Balleta klasikoen kriterioetarik at da. Baina elementu horiek orok dute balleta klasikoaren eboluzioan parte hartzen. Horiek hola, ene eginbidean ongi senditzen naiz.

Instituzio babesleen onespena lortu baldin baduzu, publikoarena ere bada. Nola neurtzen duzu eta ba al da ezberdintasunik tokikoaren eta nazioarteko ibilaldietan aurkitzen duzunaren artean?

Publikoa, aldi beran berdina eta ezberdina da. Bi emanaldi egin berri ditugu Los Angeles-en. Bukaeran jendea zutitu zen standing ovation deitzen den baten egiteko, Don Juan-entzat. Hemen ez zaigu horrelakorik gertatu, bainan arrakasta polita izan genuen. Aldiz, han, pertsona batzu zutitu eta salatik atera ziren, ikuskizune etzuten gogokoa, hogeitahamar bat, mila hirurehunen artean, guti da, baina uste dut ere ongi dela ez denen atsegingarri izatea. Ez naiz baitezpada kontsensuaren alde. Nere lanean gauza batzuek jendea txokatzen ahal dute, nola Don Juan-en gizon ala emazteek jantzi berdinaren erabiltzea eta berdin aritzea, ez da balleta klasikoaren estandarretakoa hori. Baina, aukerak egiten eta argudioak ematen diren puntutik, ene ikuspuntutik, ez da probokazioa. Bakoitzak daki ere ez naizela probokazioan lanean ari.

Zure lan batzuetan, nola berriki eman Casse Noisette-n, nabaritzen da ametsa maite duzula, atsegin pertsonal bat al da?

Alde guztien lantzen saiatzen naiz, nahiz gutxi lan egiten dudan konpositore garaikideekin. Behin gertatu zait Peio Zabaletarekin. Maiz larrialdi batean lan egitera behartua naiz, errazago da gainera diren musiken baliatzea. Bestalde ene lanak Historiarekin zerikusi handia du. Casse Noisette aipatzen duzu: enetzat, horrelako balleta baten berirakurketa, jatorrizko bertsioan ezin delarik eman, beste bizitzeko aukera baten ematea da eta ere bestela ikusten ahalko etzuen publiko bati proposatzea. Ene ustea da gaurkoa egunero asmatzen dela iraganarekin. Artista batzuek, iraganarekin ebakitzea nahiago dute, baina neretzat iraganaren biziaraztea gauza arras gustukoa da eta Casse Noisette horretan kokatzen da, ametsaren haraindian. Hargatik, ametsa aterabide bat da ere, biziko arazo askoren ia soluzio nagusia. Gaur egun, gizartearen arazoak ikusten direlarik, ni bezelako bat hobendun sendi daiteke dantzaz baizik ez arduratzeagatik, jendeak mila kezka dituelarik. Aldi berean, badakit ere zerbait ekartzen dugula. Ametsak horretan parte hartzen du, alabaina.

Horrelako Zentru baten zuzendariarentzat dantzarien kalitatea kezka handia izango da ere. Ikusten dira koreografoak dantzari hoberenak biltzen saiatzen, beren beharrei egokituz. Zuk, nola egiten duzu?

Gure Konpainian jende helduak dira, esperientziadunak eta badira ere gazteak, berriki sartuak eta askotan beren lehen Konpainia da. Potentzial handia dutelako, denbora joan arau formatzen ahal dira eta ordezkatzen dituzte zorigaitzez gelditzera behartuak direnak. Lanbide hau ankerrenetarik da, gutien babestuenetarik. Gelditzen delarik, dantzari batek ez du ezer eta hogeita hamabost urte dituelarik ezin da hirurogei urteko jubilazioaren zai egon eta, beraz, aterabide bat, bakarrik lortu behar du. Gai larri eta mingarria da zeren eta ezer ez baita prestaturik haientzat Frantzia bezalako lurralde batetan.

Biarritzeko Ballet hau kokatzen da ere mugaz bi aldeetako gune eta lanbide batean, Donostiarekin jarri den kooperazio batetan, dantzari gazteekin zuentzat gerorako dantzariak prestatuz: egoera hori gogokoa duzu?

Horretara saiatzea da Biarritzeko Balleta Gaztearen funtsa. 2000 urtea geroztik bideratzen dugu mugaz bi aldeetako lan hori, sentsibilizatze, tailer, ikastaldi eta, bistan da, ikusgarriak bideratuz. Hiru urtez Udako Akademiak egin genituen eta arrakasta lortu zutelakoan, finkatuko genituela erabaki genuen, “Balleta Gaztea” horren lehen emaitzarekin. Ekainean, audizioak izan dira eta bigarren sail bat aterako da. Luzarako xedea da hori, talde ona dugu baina elementu hobeagoak bildu behar ditugu, batez ere gizonezkoak zeren orain arte hamabi neska baizik ez baititugu. Hori beharrezkoa da zinezko mintegi bat bilaka dadin. Egingarria da, baina denbora beharko da. “Koreografo izatea, norberarekin eguneroko borroka da, etengabe berritzearen beharra, besteekin borrokatzea ere merkatu ekonomikoa denontzat zaila delako”

Egun, zure dantzarako bokazioa nabaritzen da, barruan sartuta baitzara. Abentura hori goizik hasi zenuen, dantzari askoren antzera?

Bederatzi urterekin hasi nintzen, orain urte pila bat dela eta... Ene gurasoen nahikeriaren aurka hasi nintzen. Zortzi urterekin telebistan balleta bat ikusi nuen eta nere buruan sartu hori zela egin nahi nuena bizian. Aitamek ofizio seriosago baterako nahi ninduten, baina tematu nintzen, egia da mutil batentzat dantzarako bere buruaren inpostazea ez dela erraz. Gero, dantzari, lehen urratsa zen. Koreografo izatea, norberarekin eguneroko borroka da, etengabe berritzearen beharra, besteekin borrokatzea ere merkatu ekonomikoa denontzat zaila delako. Konpetizio dantzan extremoa da. Bizitzeko, kontratuen aurkitzeko, beti eta beti borrokatu behar da, ez dut esaten hoberena izan behar dela beti, baina hoberenetan aurkitu behar zara.

Dantzari ofiziora gazteak bultzatzekotan esan daiteke lan zaila izan arren zorion askoren iturri dela hala ere?

Alabaina, zorion askorena da, bestela ofizio hori ezin daiteke egin. Pasioa eskatzen du, ezinezkoa da bestela, lan zaila delakoan eta pasioarekin nekeak naturalki gainditzen baitira eta azken batean, ez baita haiei pentsatzen ere.

Dantzari izateaz amets egiten dutenek dantzari izarren artean kokatzea nahikeria lukete. Erdi mailako dantzari izatearen perspektibak ez lituzke ordainez atsegin berdinak emanen, gainera gehienen errealitatea delarik...

Garrantzitsuena, bide hori hartzen den puntutik da dantzaren bizitzea eta edozein mailetan zorionaren aurkitzea. Gero, esan behar da ere tokiak garestiak direla eta behar diren kalitate guztiak izan arren lan egin behar dela.

Euskal Herrian bezala, dantza herrikoia bizi delarik, hori nola ikusten du Balleta zuzendari batek? Gauza hunkigarri bezala senditzen dut. Dantzaren haraindian, horretan dago lokarri soziala eta dantzak bizirik dirauela ikustea, horretaz bizi den batentzat, baitezpada emozioz betea da. Hiri handietan ez da hainbestezkoa, horietan dantzalekuetan aritzea dantza bakartia baita, norbera bere buruarekin geratzen baita. Dantza herrikoiak norbera eta bestea konprometitzen ditu, komunitatea da dantzan ari. Doi bat gure Konpainian bezala, familia kontu bat da, leinu, komunitate batena.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Patxi Juaristi Larrinaga. Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Zuzendaria: Boloniako prozesua gainean dugu, eta horrek aldaketa garrantzitsuak eskatzen dizkigu. Alegia, gure unibertsitateak Europakoekin homologatu behar ditugu

 

Irakurri

Teresa del Valle. Antropologoa: XXI. mendeak gizartearen mendea izan behar du: biztanleriaren %10ak ezin du gizateria osoari dagozkion baliabideen %90 kontsumitu

 

Irakurri

Joaquim Dolz Mestre. Hizkuntzen Didaktikan eta Irakasleen Prestakuntzan katedraduna Genevako Unibertsitatean: Ez da nahikoa hizkuntza bat erabiltzea; mintzamenak irakasgaia ere izan beharko luke

 

Irakurri

Nerea Mujika. Gerediaga Elkarteko lehendakaria: Ez dakit noraino diren beharrezkoak hainbeste elkarte txiki herri bakoitzean, askotan zentzurik ere ez daukaten muga administratibo batzuei jarraituz

 

Irakurri

Gregorio Monreal. Zuzenbidearen Historian Katedraduna: Zapaterok autodeterminazio eskubiderik ez dagoela esatea Espainian eskubide hori aitortzearen gaineko bere iritzia ematen duen politiko baten esaldia besterik ez da

 

Irakurri