Gizontzea, eginik, Gizatiartzea, egiteko!
Gizakiek ihizlari-biltzaile gizartetatik oraingo gizarterarte bilakaera luzea bizi izan dute. Edgar Morin-i hartuko nioke 'Lurra-Aberriaren' ideia. Gizaki guziek zorte berdina partekatzen dute. Ezinbestekoa da hori ulertzea eta hortaz konzientzia hartu (hil ala biziko lanjerrak hor baitira ! Ordenik gabe : berotze kilmatikoa, orokortzen ari den osasun krisia, mehatsu finantzieroa, eraikitzaile baino suntsitzaileago den ekonomia, basoen suntsitze masiboak, laborantza eta hazkuntza industrialak eta produktibistak, ezberdintasun erraldoiak, fanatismo erlijiosoa, armatze orokorra, batez ere nuklearra [gaur egun burutik ote dauden batzuen eskuetan !], gerrak planetaren toki askotan, eta sute orokor baten mehatsua segurkiez hain urrun ...). Begiak ireki ditzagun eta heriotza baizik ez duten ekartzen logika horietatik aldendu gaitezen. Indar horiek untzi batetan eramaten gaituzte, oihalak betean ezarririk, lemarik gabe, kapitan gabe eta eskifai gabekoa, zuzenki hundituko den ekaitzera baizik ez doana ! Manipulatzaile horiek, ezen azkenean hau baita afera, 'egia'ez dute ! Lan egiten dute zilotan, inoiz bata besteari lotu gabe eta dena zenbakietan itzultzen dute (BPG, garapen tasa, emankortasun, estadistikak [beti ondo konpartimentatutako molde batez : industriaren emaitzak emanak dira ez berriztagarriak diren errekurtsuen kontsumitu duena eman gabe, ingurugiroan izan duen eragina aipatu gabe, enpleguan izan duen eragina ezta ere...] eta dena molde monetarioan adierazia...). Orokorki, ditugun informazioek gizakietaz oso irudi pobre eta okerra ematen diete gobernatzen gaituztenei. Zenbaki horietan ez dago arimarik, ez dago amodiorik, ez penarik, ez alegrantzairik, ez oinazirik, ez esperantzarik... Pentsamolde hau hastapenetik da eiharra, txikia, ximeldua : gizakien kondizioa holan ulerturik, nola asma genezaken edozoin loratzerik ? Zientzia bera, zientzialariak berak zepo honetan hartuak dira, askotan konturatu gabe ere ! Gure gizartearen teknologizazio azkarrarekin ailegatzen zaizkigun zoramenak distantziarekin hartu behar genituzke. Transhumanismo eta posthumanismoaz ematen ari diren 'aurrerapauso zientifikoak' (hilezintasunaren ametsa !) bakarrik Ipar hemisferioko aberats batzuentzat lirateke, humanitatearen parte handienak ezinagoko txirotasunean jarraituko duten bitartean, jasanezinezko hilkortasun tasak ezagutuz, batez ere haurrenak... Beraz, epe motz eta ertainez, iada ongi aurretuak ditugun krisiak (edo termino sistemikoetan, krisia) sakondu baino ez lukete egingo norabide horiek. Garapen zientifikoa nork kontrolatzen du ? Finantziatzen diren ikerketak eta finantziatzen ez direnak, nork erabakitzen du ? Teknologiak mundo mailan komunikatzea baimentzen duen momentu honetan, mundua gero eta zatikatuago da. Mendebalde aldean 'sozietal' mailan, libertate eta autonomiaranzko ematen diren aurrerapenak handiak dira (hau da, ezkontza homosexuala, emazteen borrokak, gazteriarenak, minoritate askorenak...) eta oso baikorra da dudarik gabe. Alta, behar da ere ulertu aurrerapauso horiek egiten dira gehienetan ohiko lotura sozialak deseginez (ertsiegiak edo zaharkituak direla eta). Bainan eskabide-komunitate horiek ez dira nahiko izanen gure gizarteek ez desegiteko behar luketen kohesioa ekartzeko. Ez eta ere gizarte-sare numerikoek ehuntzen dituzten sasi-komunitateak. Beraz, gogoetatu (eta ekin) behar dugu erronka horri aurre egiteko, hau da nola ehundu gure lurraldeetan behar ditugun komunitate solidarioak eta ekintzaileak (haien artean elkar lotuak, bistan dena). Bainan komunitate solidario eta ekintzaileak bakarrik tematiko-errebendikatzaileak baldin badira, beren kideak beste lankidetza batzuetara ez badira irekiak, ez dute eraikitzen benetazko 'lurralde-komunitatea' izateko komunitate batek behar duen elkartasun orokorra. Alderantziz, uzten badira bata bestearekin loturarik gabe, bizi amankomunak ekartzen dituen loturak eraiki gabe, gero eta puskatze sozial gehiago ekarriko baitute. Lotura sozialaren ekoizpena zio politiko eta ideologikoa da: behar da nahikeria, tolerantzia, eskuzabaltasun, elkartasun eta iniziatiba (batez ere kolektiboa) baloreak aintzinarazi behar dira eta elkarbizitza, elkarrekintza eta elkarbilakaerabilatu behar dira. Bainan hau giza-eskala batetan egin behar da! Horregatik erraiten ahal dugu mundializazio azkarrak gero eta tokikotasun gehiago eskatzen duela. Ez bagara gai gauza horiek kudeatzeko, gure erroak zainduz, gure solidaritateak eta gure tokiko elkarbilakaera asmatuz mundializazioaren haize txarrek eramango gaituzte. Beste hainbat gauza garrantzisuen artean, gizarte bat ehuntzeak belaunaldien artekotasunari bere leku osoa egin behar diogula suposatzen du ere. Gizakide horiek kontsideratu behar dira, asko ekartzen ahal dute eta, batez ere, jakinduria, eskarmentua eta zuhurtziaz. Euskaldun senditzea ez da giza-espezieri aurka izatea. Biak gara, munduko herritarrak ETA euskaldunak, bi dimentsio horiek elkar-jokatzen DIALOGIA[1] batetan gure pertsona ETA giza loturak eraikitzez. Gizakia beti hirukoiztasun batetan dago : gizabanakoa, gizartea eta giza-espeziea[2]. Espeziea guregan da (geneak) ETA gira espeziea(n). Bagira estalduaren emaitza ETA ugaltzen gira estaldurari esker. Gisa berean, gizarteak baldintzatzen gaitu (kultura, hizkuntza, morala...) ETA guk eraikitzen dugu, bere aldaketak ekoizten ditugu eguneroko lotura sozialak lotzerakoan. Gizartearen produktuak gira ETA batera gizartearen ber-ekoizleak[3]. Badugu 'ni' bat (nortasuna printzipioa) ETA 'gu' bat (alteritate printzipioa). Baditugu dretxoak ETA betebeharrak gizarte eta espeziekiko[4]. Nahi ala ez, senditu ala ez, onartu ala ez, mundu mailako destino kumunitate bat gara. Konzientzia hartze horrek bere bidea egin behar du. Landu beharreko gauza bat da, bainan gainean azaldu dugun bezala, gure destinoa gure lurraldeeri loturik zaiela ongi ulertuz. Osotasuna ulertu behar da ere sistemikoki loturiko toki ainitzen multzo bat bezala. Funtsez, konzientzia horrek bi norabide hartu behar ditu denbora berean : kolaborazio kontrolatuaren bitartez, besteen errespetuz, kanpoan egiten diren gauza onetaz inspiratu behar dugu eta kanpoko komunitateentzat inspirazio iturri bat izatea entseiatu behar dugu. Beraz, iniziatiba eta ekintzailetasunaren balioak goian ezarri behar ditugu. Bainan, noski, hau egin behar dugu garapen eramangarriaren betebeharrak defenditzen, bai gure lurralde propioetan eta baita kanpoko komunitateekiko, tolerantzia, errespetu, elkarkidetza, elkar-laguntze eta harrera bezalako baloreakgoretsiz. Partikularzki behar genuke gure aberaste prozesuak eraman munduko beste eskualdeak bipildu gabe, ingurumena zainduz eta kategoria sozial batzuk esplotatu gabe ! Bilatu dezagun gure loratzea bertako gizartearen loratzea bilatuez, urrutiago denari errespetua eta irekiduran, eta beraz, espeziearen zortea kontsideratuz. Printzipio horien aplikatzen gizatiartuko dira 21. mendeko gizasemeak. [1] Edgar Morin. [2] Kontzienzia hau, gizabanako bakotxarengan badago, gutti ala asko, funtsez aldakorra da. Gaur egun zabaltzen ari da espezieren kontzeptua bizidu guziei. [3] Cf. Ikus Anthony Giddens' Theory of Structurartion [4]Cf. Marcel Mauss-en 'Ematearen' teoriaUrteko galdera
17/05/2017