Elkartzen Gaituena lelopean urrian izango den Kongresuan gizarte berrikuntzan, lanaren antolaketan, humanitate teknologietan eta demokrazia parte hartzailean nazioarte mailako adituek emango dituzte hitzaldi markoak.
2024ko urriaren 2, 3 eta 4an, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresua ospatuko da.
Bere leloak adierazten duen bezala, Elkartzen Gaituena, Kongresuak Herri Itun baterako baldintzak sortu nahi ditu, Euskal Herriko gizarte eta lurralde kohesioaren alde abian jarri behar diren politiken edota erabakien inguruan. Gaitasun kolektiboak piztuz, adostasun zabalak lortzea eta eremu sozio-ekonomikoan, sozialean eta lurraldekoan proposamen zehatzak egitea bilatuko dute.
Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuan Euskal Herriaren kohesioa indartzeko lan egiten dutenek edo konpromisoa sentitzen dutenek parte har dezakete: herritarrek, aditu-arituek, gizarte-eragileek, erakundeetako ordezkariek eta akademikoek.
Lehenengo egunean, urriaren 2an, eredu sozio-ekonomikoari eta ongizatearen gizarteari helduko zaio. Hilary Cottam, Londresko University Collegeko Berrikuntza eta Asmo Publikoko Institutuko irakaslea eta Radical Help (2018) liburuaren egilea, izango da irekiera-hitzaldiaren arduraduna. Gizarte-programen berrikuntzan erreferentea, gizarte-laguntzaren inguruko narratiba eta praktika nazionalak aldatzeagatik aitortua izan da. 2019an Britainiar Inperioaren Ordena jaso zuen Ongizate estatuari egindako ekarpenengatik.
Egun horretan bertan, Mª Ángeles Durán Zientzia Politiko eta Ekonomikoetan doktoreak, CSICeko ikerketa irakasleak eta NBEko kolaboratzaileak ere parte hartuko du. Espainian Soziologia katedra lortu zuen lehen emakumea izan zen. Hirurehun lan baino gehiago argitaratu ditu hainbat gairi buruz: ordaindutako eta ordaindu gabeko lana, denboraren erabilera, desberdintasuna, hirigintza eta osasuna. Gizarte, Ekonomia eta Lege Zientzietarako Ikerketa Sari Nazionala eta Soziologia eta Zientzia Politikoaren Sari Nazionala eskuratu ditu.
Eguneko egitaraua osatuko du Andoni Eizagirre Eizagirreren (Mondragon Unibertsitatea) aurkezpenak eta hiru mahai-inguruk. Horietako lehenengoan eredu soziekonomiko orekatu eta justua erdiesteko trantsizioa izango dute hizpide Alberto Ansuategik (Eusko Jaurlaritza), Edurne Magro Monterok (Orkestra) eta Teofilo Rojo Apariciok (EHU), Jon Barrutiak moderatuta. Bigarren mahai-inguruan, lanaren etorkizunari eta ongizate politikei helduko diote Rafael Bustillok (Salamancako Unibertsitatea), Leire Gartziak (Deusto Businness School) eta Tomas Arrieta Herasek, Izaskun Goñi Razquin moderazio lanetan delarik. Hirugarren mahai-inguruak iraunkortasuna eta belaunaldien arteko elkartasuna landuko du Itziar Aguado Moralejo (UPV/EHU), Javier Burón Cuadrado (NASUVINSA) eta Concepción Patxot (Universitat de Barcelona) partaideei esker, Mercedes Oleaga Páramok moderatzaile izanik.
Urriaren 3ko saioa Salamancako Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Ikasketen Institutuko Lola S. Almendros-ek irekiko du. Logikan eta Zientziaren Filosofian doktorea da, eta bere ikerketek informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin eta adimen artifizialarekin lotutako arazo epistemiko eta soziopolitikoak dituzte aztergai. Javier Echeverríarekin batera, Tecnoexistir: Tecnopersonas. Cómo las tecnologías nos transforman (2021) liburuaren egilea da.
Ondoren, Eusko Ikaskuntzaren baitan azken urteetan 4 programen inguruan landu diren ondorioak eta proposamenak aurkeztuko dituzten arduradunek eta talde eragileetako kideek: Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu; Euskal Hezkuntza Sistema; Kultur eskubideak, parte-hartzea eta gobernantzarako politikak; eta GizarteLAB - Gizarte berrikuntzarako laborategia. Saioa Kukai Dantza Taldearen hausnarketa sortzailearekin osatuko da.
Lurraldea, bere oreka eta haren gatazkak, izango dira hirugarren eta azken egunean, urriaren 4an, hausnarketarako gaiak. Hitzaldi markoa Cristina Lafont-en esku egongo da. Lafont Filosofian doktorea da Frankfurteko Unibertsitatean, eta Lebowitz for Philosophical Achievement and Contribution saria jaso zuen 2022an, Amerikako Filosofia Elkarteak emanda. Egun, Northwesterneko Unibertsitateko (Ameriketako Estatu Batuak) katedraduna da. Besteak beste, Democracia sin atajos. Una concepción participativa de la democracia deliberativa liburua argitaratu du (2021), Global Governance and Human Rights (2021) edo Lenguaje y Apertura del Mundo (1997).
Eusko Ikaskuntzaren beste 3 lan-programen inguruan aurkezpenak eta mahai-inguruak antolatu dira: Lurralde oreka - Herri Txikien Akademia; Lurralde burujabetza gatazken kudeaketa Europan; Euskal Herria lurralde bizia, muga lurraldea.