'Euskaldunon Mendea, 1918-2018. Eusko Ikaskuntza 100 urte' liburuaren aurkezpena

Mendeurrena

2019/01/23

'Euskaldunon Mendea, 1918-2018. Eusko Ikaskuntza 100 urte' liburuaren aurkezpena

Ekitaldia mahai-inguru formatuan egin zen eta bertan autoreetako lauk parte hartu zuten: Itziar Alkortak, Rosa Miren Pagolak, Joseba Agirreazkuenagak eta Juan Aguirrek.

Euskaldunon Mendea, 1918-2018. Eusko Ikaskuntza 100 urte, erakundearen mendeurrena dela eta argitaratutako liburuaren aurkezpen publikoa egin zen Donostiako Tabakaleran, urtarrilaren 22an.

Iñaki Dorronsoro lehendakariak obraren aurkibidea osatzen duten testuen ekarpena egin duten hamabi espezialistak aipatu zituen, asmo handiko liburu hau argitaratzea posible egin duten erakunde publiko nahiz pribatuei esker ona adierazteaz gain.

Hizketarako lehen txandan, argitalpenaren arduradun Juan Aguirrek lanaren ezaugarriak deskribatu zituen eta, Eusko Ikaskuntzari buruzko kapituluaren autore gisa, erakundearen ehun urteko ibilbideari buruzko hitz batzuk esan zituen. Itziar Alkorta irakasleak Euskal Unibertsitatearen sorrera jorratu zuen, baita bide horretan Eusko Ikaskuntzak 1918az geroztik abian jarritako ekimenak eta egindako kudeaketa ere.

Bestalde, Rosa Miren Pagola Deustuko Unibertsitateko katedraduna euskarak XX. mendean zehar izandako bilakaeraz aritu zen eta, gainera, Eusko Ikaskuntzak haren sustapen, zabalpen eta ikasketan izandako protagonismoa ere aztertu zituen. Amaitzeko, Joseba Agirreazkuenaga UPV/EHUko historia katedradunak Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresuan kokatu zuen Euskal Herriko zientzia historiko modernoen sorrera.

Azalpen horien ostean, azpimarratu beharreko hainbat gai jorratzeko txanda izan zen. Ekitaldia amaitu ondoren, bertaratu ziren bazkideek liburuaren ale bana jaso zuten.

Euskaldunon Mendea, 1918-2018. Eusko Ikaskuntza 100 urte liburuak 700 orrialde eta ehun bat ilustrazio inguru ditu, Euskal Herriko hiru hizkuntzetan idatzitako hamabi kapitulu eta, horiekin batera, sustatu duen erakundeari buruzko eranskin zabala.

‘Euskaldun Mendea, 1918-2018’ mahai-ingurua

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp