'Nafarroako ondarearen guneak' jardunaldia

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2019/09/19

'Nafarroako ondarearen guneak' jardunaldia

Nabarralde Fundazioarekin batera antolatuta, 'Ondarea, Paisaia eta Globalizazioa' sinposioaren bosgarren edizioak, Nafarroako ondarearen espazio eta gune desberdinen inguruko hausnarketa sustatu nahi du, bere ezagutza eta ulermena zabalduz.

Eusko Ikaskuntzak eta Nabarralde Fundazioak, `Nafarroako ondarearen guneak´ izenburupean, Ondarea, Paisaia eta Globalizazioa sinposioaren edizio berri bat antolatu dute. Nafarroako ondarearen espazio eta gune desberdinen inguruko hausnarketa sustatzeko xedez, bere ezagutza eta ulermena zabalduz.

1992an Pierre Norak `Les lieus de mémoire´ (memoriaren lekuak) izeneko proiektu historiografikoa sortu zuen. Bere ikerketaren baitan ezarri zuen memoriaren gunea kontzeptua: «Izakiaren gogoz edo eta denboraren poderioz komunitate baten oroimenezko ondarearen baitako elementu sinboliko bihurtu den zernahi izate esanguratsu, material ala ez». Gizarteen memoria kolektiboa lantzeko baliabide bat da, ondarearen zentzua berritzen duena eta bere ezagutza eta transmisioa errazten dituena.

Jardunaldi nagusia Juan José Ibarretxeren hitzaldi batekin abiaraziko da, urriaren 18an, Iruñeko Civican aretoan. Ekitaldi berean, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, Amaia Apraiz jardunaldiko zuzendariak eta Joseba Asiron Iruñeko alkate ohiak parte hartuko dute. Urriak 19ko larunbatean ospatuko den egun osoko jardunaldian, bestalde, Peio Monteano, Josu Chueca, Amaia Kowasch, Ainara Martinez Matia, Patxi Zabaleta eta Oskia Ugarte bezalako adituen hitzaldiak entzuteko parada eskainiko da, besteak beste. Goizeko 9:00etan abiatu eta 19:00ak arte luzatuko den jardunaldiko gaiak askotarikoak izanen dira: Amaiur, Done Jakue bidea, euskara, emakumeak, Errozabal,… Larunbateko saiorako izen-ematea irekita dago, urriaren erdialdera arte.

Jardunaldi nagusiaz gain, doakoa eta librea izango den programa kulturala ere prestatu da. Nafarroako gazteluen inguruko erakusketa batek, Iruñean zehar eginen diren bi bisita gidatuk, Maria Zugarramurdikoa komikiaren aurkezpenak, Tuteran eginen den mahai-inguru batek, Dantza filmaren emanaldiak (Juan Antonio Urbeltzen parte-hartzearekin), Artetako Iruñeko Erresuma Museo Etnografikora bisitak eta Auritzeko bunkerren ibilbidea egiteko irteera gidatu batek osatuko dute programazio hau. Xehetasun guztiak eta aktibitate desberdinetarako izen-emateak Nabarralde Fundazioaren atarian aurkitu daitezke.

Jardunaldiaren antolakuntza laguntzaileei esker bideratu da: Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala, Diario de Noticias egunkaria, Iturralde eta Beterri elkarteak, Dinamic Zerbitzu Kulturalak enpresa, Iruñeko Erresuma museoa eta Hernani Errotzen elkartea.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp