Adituek eta herritarrek Euskal Hezkuntzaren inguruan eztabaida abiatu dute

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2021/10/22

Adituek eta herritarrek Euskal Hezkuntzaren inguruan eztabaida abiatu dute

Bi egunez, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Ikaskuntzak deituta, irakasle, aditu, gizarte eragile eta instituzional ugarik Euskal Hezkuntza Sistemaren gaurko eta biharko gaien inguruan eztabaidatuko dute.

Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Ikaskuntzak antolatuta, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian izango da ostiral eta larunbat honetan ‘Euskal Hezkuntza Sistema: Adituekin solasean, herritarren azpimarra’ sinposioa.

Sinposioaren xedea da herritarren eta hezkuntza komunitateko kideen iritzia jaso eta aditu zein arituen ikuspuntuarekin kontrastea egitea. Hezkuntza Sailak, Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten eragileen artean hausnarketa eta ideia trukatzea bultzatu nahi du, Hezkuntza Hitzarmen bat ahalbideratuko duen prozesuaren barnean. Helburu horretan, Hezkuntza Sailak Eusko Ikaskuntza du bidelagun antolaketa eta dinamizazio lanetan –bere adituen partehartzearekin-, eta sinposioan esango diren ideien ondorio nagusiak jasotzeko orduan. Egun bietan sortutako ideia eta hausnarketak Hezkuntza Sailak jasoko ditu, aipatutako Hezkuntza Hitzarmenerako. 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak egin dute irekiera instituzionala. Bildarratz sailburuak hezkuntza-komunitatearen konplizitatea eta parte-hartze aktiboaren beharra eta garrantzia azpimarratu nahi izan du bere lehen hitzetan: “Gaur hemen elkarlanean gaude, lanerako motibazioaz, eta gure betiko konpromisoari eutsiz, legealdi hasieran emandako hitza betez. Hezkuntza komunitatearekin elkarlanean arituko gara, entzute aktiboan eta elkartrukean, egunerokoan partehartzea sustatuz eta errealitatea bertatik bertara ezagutuz. Benetan sinisten dut akordio eraikitzailea eta itxaropentsua sortzeko aukera dugula, gizarte osoaren eta erakunde guztien elkarlanaren bidez. Denok egon behar dugu hemen, asko eta sakonak baitira eskuartean ditugun erronkak”.

Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak “politika publikoetan eta gizarte-dinamiketan eragin positiboa duten hausnarketa-, partaidetza- eta adostasun-esparruak sustatzearen alde egiten duen apustua” nabarmendu du, batez ere, “belaunaldi berrien prestakuntza integralaren mesedetan”. Halaber, Urkizak, erakundeak gain hartzen dituen artekaritza eta zubilanak mahaigaineratu ditu, hain zuzen ere Hezkuntza Sistemaren gogoetan egiten ari den lana azpimarratuz: “Eusko Ikaskuntzak, sinposio honetan Eusko Jaurlaritzarekin elkarlan estuan jarduteaz gain, Hezkuntza Sistemaren inguruan adostasunak eraikitzera bideratutako lan-programa bat abian jarri du. Lankidetzarako eta eraikuntzarako gune bat, konfiantzan oinarritua, merezi eta nahi dugun hezkuntza-sistema lortzeko landu beharreko erronka eta oztopo nagusiei heltzeko”.

Bildarratzen eta Urkizaren hitzen ondoren, sinposioak jasotako hitzaldien txanda helduko da.

Ostiral arratsalderako antolatutako atalean, Hezkuntza, aniztasuna berdintasunean izenpean, nazioarteko ikuspegi konparatu batetik helduko zaie itunpeko eskolaren erronka nagusiei. Eskola-segregazioa aztertuko da, lurralde ezberdinetan bultzatzen diren politiken eraginkortasuna bermatzen duten erregulazioak aztertuz.

Sinposioaren bigarren atala, Hezkuntzaren antolamendua izenburupean larunbat goizerako aurreikusita dagoena, hiru hitzaldiz osatuko da, eta hiru hizlarien arteko solasaldia izango du ondoren. Jarraian, hirugarren eta azken atalean, Hezkuntza ezagutzaren gizartean gaia garatzeko, hitzaldi bat eta mahai-inguru bat antolatu dira.

Bi egun hauetan jasotako ekarpenak Euskadin Hezkuntza Hitzarmena lortzeko helburuarekin bultzatzen ari den prozesuaren parte bihurtuko dira.

Euskal Hezkuntza Sistema: adituekin solasean, herritarren azpimarra sinposioa
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp