Agustin Azkaratek eta Ane Zulaikak jaso dute 2021eko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa sariak

Sariak

2021/11/09

Agustin Azkaratek eta Ane Zulaikak jaso dute 2021eko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa sariak

Agustin Azkarate historialari eta arkeologoari eta Ane Zulaika ikus-entzunezko sortzaile gazteari Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria eman zieten Gasteizko Santa Maria Katedralean.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak,  Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien 2021eko Saria emateko ekitaldia izan zen asteartean, azaroak 9, Gasteizen, erakundeetako ordezkarien eta zientzia- eta kultura-arloko pertsona ezagunen presentzia zabalarekin.

Aukeratutako lekua egiteko ezin egokiagoa izan zen: Gasteizko Santa Maria Katedrala, zeinaren berritze-planaren inspiratzaile intelektuala eta zuzendari zientifikoa izan baitzen sarituetako bat, Historian doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkeologia katedradun, Agustin Azkarate Garai-Olaun.

Ekitaldia hasi zen 2019az geroztik 35 urtetik beherako gazteek aurkeztutako ikerketa- edo sorkuntza-proiektuak babesten dituen Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren banaketarekin. Maialen Olabe, epaimahaiko bozeramaileak, Ane Zulaika Aranburu ikus-entzunezkoen sortzailearen “Emakumeak Blai” lana definitu zuen: "Emakume gazte baten ikuspegitik, ezkutuan zegoen emakumeen errealitatea agerian uzten duen lana da". Saria jaso ondoren, Ane Zulaikak “protagonismorik izan ez duten emakume batzuen istorioak biltzeko” izaera azpimarratu du bere proiektuan. Emakumearen, euskararen eta ondarearen garrantzia nabarmendu nahi duen film labur batean islatuko da hori guztia.

Eva Ferreira García Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak hitzaldien txanda ireki zuen, Agustin Azkarateren irakaskuntza- eta ikerketa-lana azalduz, bere ustez, “bere diziplinaren esparru espezifikoa, Arkeologia, gainditzen baitu, beste espezialitate batzuekin elkarrizketa konplexu eta emankorra garatzeko”. Baina horretaz gain, errektoreak adierazi zuenez, bere lanean “badago ezagutza transferitzeko anbizio handia” eta beste esparru eta diziplina batzuetara aplikatzeko alderdi bat.

Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxa Saria 2021

Ondoren, Sariaren erakunde babesleen ordezkari gorenek hartu zuten hitza. Alde batetik, Txomin García LABORAL Kutxako lehendakariak, Azkarate irakasleak bere espezializazio-arlotik harago indarrak mobilizatzeko duen gaitasuna azpimarratu zuen. Diziplina anitzeko eta lankidetzako dimentsioa, gazteen prestakuntzari nahiz mundu akademikoaren eta erakunde publiko eta pribatuen arteko zubiak ezartzeari aplikatzen zaiona. “Finean, pertsona berritzailea eta oso eskuzabala, ondare kultural, sozial eta zientifiko garrantzitsua utzi duena”, Txomin Garcíaren hitzetan. Gazte Sariaren irabazleari dagokionez, ondarea berreskuratzeko egindako lanaren balioa azpimarratu zuen, “hausnarketetarako espazio berriak sortuko dituelako”.

Bestalde, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak, Agustin Azkarateren ibilbidea kokatu zuen Araban XX. mendearen hasieran Eusko Ikaskuntzaren kide sortzaile diren Eguren, Barandiaran eta Aranzadi euskal arkeologiaren aitzindariek hasitako lanetan; lan horiek, Gerra Zibilaren eta gerraosteko lehen parentesiaren ondoren, Arabako Arkeologia Institutuak hartu zituen. Urkizak honela definitu zuen saritua: “Ondarearen Zientziaren arkeologo, irakasle, sustatzaile eta sozializatzailea; ezagutzaren ikertzaile eta esploratzailea, elkarlanaren, ahalegin bateratuaren eta helburu komunen inguruan sinergiak sortzearen aldeko apustua egiten dugunok inspiratu eta bultzatzen dituena”. Ane Zulaikari dagokionez, emakumea ikusarazteko planteamendua goraipatu zuen, “familia-dokumentazioan eta mikrohistorian murgiltzea proposatu du, euskal emakumearen memoria kolektiborako tresna gisa”.

Epaimahaiaren akta irakurrita, Agustin Azkaratek Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2021eko Saria egiaztatzen duen diploma jaso zuen. Eskerrak emateko, “Anboto eta Udalaitz begien bistan” dituen baserri batean bere familiaren jatorria eta haurtzaroa gogoratu zituen. Saria Vitoria-Gasteizi eskaini zion, “duela ia berrogei urte adoptatu ninduen eta naizen guztia zor diodan hiriari”. Arabako hiriburuak, hiri “aitzindari eta berritzaile” gisa, “ondarearen kudeaketa modu integralean, natura eta kultura uztartuz, sortzeko eta eraldatzeko ahalmen handia duen formula dela erakusten du”. Eta, azkenik, honako hau ziurtatu zuen: “Oinordetzan jasotako ondareak, izan ginenaren memoriak, nortasun propioa ematen digu, berezi egiten gaitu, behin betiko indartzen gaitu, globalizazioaren marea geldiezinari arrakastaz aurre egiteko”.

Nafarroako Foru Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollorentzat, gure lurraldea Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietan modu eraginkorrean eta errealean garatzen laguntzen duten ibilbideak aintzatesten dituen sari bat ezin da Nafarroatik kanpo geratu. “Bere dimentsio humanistiko, kultural, artistiko eta sozial nabarmenagatik”, Azkarate irakaslearen mailako pertsonek “harro sentiarazten gaituzte, ezagutzaren aldeko apustua egiten duen gizarteak soilik aurrera egin dezakeela uste dugunoi”. Era berean, Ane Zulaikaren lana eskertu zuen: “Emakumea eta gazteria erreferente intelektual bihurtzen diren euskal gizartearen onena ikusten”. Kontseilariak ez zuen bere hitzaldia itxi nahi izan Eusko Ikaskuntza nabarmendu gabe, “bere independentziagatik, aniztasun ideologikoagatik, errespetuaren eta elkarrizketaren alde egindako lanagatik”, Nafarroako Gobernuak balio horiek partekatzen baititu.

Ekitaldiaren amaieran, Iñigo Urkullu lehendakaria Azkarate irakasleari esker ona azaldu zion “Eusko Jaurlaritzaren solaskide etengabea izan da, bere ideiak eta proposamenak aurkeztu ditu eta bere lankidetza eskaini du aholkua eskatu diogun bakoitzean”. Bikaintasun profesionalaren adierazgarri dira Gasteizko Santa Maria Katedrala berritzeko plana eta “20 urtez katedrala berreraikitzeko abenturaren berri herritarrei eman zien kontzeptu eredugarria”. Lehendakariak Ane Zulaika ere zoriondu zuen. Izan ere, “begirada gazteak ere behar ditugu, bai, iragana ulertzeko eta gizarte arduratsu bat eraikitzen jarraitzeko”.

Ekitaldia 2020ko Gazte Sariaren irabazleek, Alexander Gurrutxagak eta Joana Otxoak musikaz alaitu zuten, eta errepertorioko hiru pieza interpretatu zituzten.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp