Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzaren lehendakari berria

Berri korporatiboak

2020/09/19

Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzaren lehendakari berria

Iñaki Dorronsoro ordezkatu du karguan, eta erakundearen buru izango den lehen emakumea da. Gainera, Eusko Ikaskuntzaren Batzar Nagusiak bost lurraldeetako Kontseilu Errektoreko kide berriak ere aukeratu ditu.

Eusko Ikaskuntzaren Batzar Nagusiak Ana Urkiza Ibaibarriaga aukeratu zuen lehendakari. Erakundearen historiako 102 urteetan kargua hartu duen zortzigarren pertsona da, eta lehen emakumea.

Ekitaldia Internet bidez jarraitu ahal izan zen, eta Euskal Herriko bost lurraldeetako bazkideak bildu zituen, zeinak Kontseilu Errektorerako ordezkariak aukeratu zituzten.

Aukeraketaren ondoren, honela geratu zen Eusko Ikaskuntzaren Kontseilu Errektorearen osaketa: Ana Urkiza (Lehendakaria), Anjeles Iztueta eta Asier Etxenike (Arabako kontseilukideak), Juan Luis Moragues eta Zelai Nikolas (Bizkaiko kontseilukideak), Xabier Alkorta eta Manu Olariaga (Gipuzkoako kontseilukideak), Mikel Aranburu eta Isabel Elizalde (Nafarroako kontseilukideak), Eguzki Urteaga (Ipar Euskal Herriko kontseilukidea), Josune Etxaniz (lantalde profesionalaren ordezkaria) eta Iñaki Zabaleta (Idazkaria). Kontseilu Errektorean Euskal Hiriguneko Elkargoko ordezkaria baita Eusko Ikaskuntzaren erakunde sortzaileen ordezkariek ere parte hartzen dute: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Nafarroako Gobernuak.

Gaur arte erakundeko lehendakari izandakoa bere zortzi urteko ibilbidea guztiz aberasgarritzat jo zuen, eta azken urteetan  erakundeak izandako aldaketa sakonei egokitzeko duen gaitasuna azpimarratu zuen.

Emaitzak ezagutzera eman ondoren, Ana Urkizak konfiantza eskertu zuen, eta etapa berriari hasiera eman nahi izan zion, kargua utzi duen presidenteak 2018ko azaroan Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren amaieran erabili zituen hitz berberak aipatuz: "Eusko Ikaskuntza hemen dago, sortu eta 100 urtera, ideiekin eta proposamenekin, Euskal Herriaren zerbitzura lan egiten jarraitzeko gogoz (...) ezagutza sortuz, gure egungo erronkak ulertzeko eta erantzunak emateko”.

Eusko Ikaskuntzako lehendakari berriak adierazi zuenez, ilusioz eta erantzukizunez hartzen du bere gain eginkizuna, talde lanean oinarrituta, askotariko ezagutzak eta iritziak batuz, eta hainbat ikuspuntu, esperientzia eta sentsibilitate kontuan hartuta. Posizio horretatik, bere lana Bankoa Crédit Agricolen daraman Barne Komunikazio eta Formakuntza Departamentuetako Zuzendaritzan eta erakundearen Euskara Planaren arduradun gisa dituen zereginekin bateragarri egingo ditu.

2020-2024 aldirako lanerako programak hitzordura bertaratutako bazkidegoaren gehiengoak berretsi zuen, eta apustu sendoa egin da Eusko Ikaskuntza erakunde nagusia izan dadin Euskal Herriko gizartean eta erakundeetan herri estrategia garatzeko. Ildo horretatik, agintaldiko lau urteko aldi berri honen helburu nagusia Eusko Ikaskuntzaren erreferentzialtasuna garatzea izango da.

Erakundearen azterketa sakon batetik abiatuta, erakundearen ildo estrategikoak definitu dira epe labur eta ertainean:

  1. Lan agenda propioa definitu eta egitea.
  2. Goi mailako proiektuak egitea.
  3. Aliantza estrategikoen bidez harreman sarea zabaltzea bai Euskal Herrian bai Europan ere.
  4. Euskal lurraldetasuna indartzea herri ikuspegia zabalduz, eta lurralde guztietan bateratutako agenda egitea.

Ildo estrategiko hauek zeharkako ekimen hauekin batera aplikatuko dira:

  1. Gazteen partaidetza eta ahalduntzea bultzatzea.
  2. Bazkideen partaidetza eta ekarpenak sustatzea.
  3. Erakundearen posiziondurako estrategia ezartzea.
  4. Barne gobernantza eredua indartzea.
  5. Finantza iturriak egonkortu eta berriak bultzatzea.

Batzar Nagusia

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp