Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan

Proiektuak

2019/09/23

Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan

Nafarroako Gobernuarekin batera garatzen ari den proiektu honen ardatz dira bizikidetza aniztasunean eta kultura demokratikoa proiektu partekatu baterako. Egitasmoak, 2018an elkarlanean gauzatutako `Gure jendea, aniztasuna eta kohesio bideak´ ekimenean sakontzea bilatzen du.

Immigrazioa gertaera iraunkorra eta dugun estruktura demografikoaren eratzailea izanik, nola kudeatu aniztasuna Nafarroako berezko proiektu politiko gisa, etorkizuneko elementu gisa? Nola bilatu askoren arteko kontsentsuak lurralde moduan aurrera egiteko, proiektu partekatua(k) sortzeko? Proiektu honen bidez, bizikidetzarako erreferentziazko marko partekatu hori eraikitzeko herritarrei aukerak eta tresnak eskaini nahi zaizkie. Horretaz gain, aniztasunaren kudeaketa demokratiko baterako estrategia gidatzen lagunduko duen argumentazioa modu kolaboratiboan finkatzen lagundu nahi ditugu Nafarroako herritarrak.

Nafarroako lurraldea marko bezala harturik eta bere biztanleen bizikidetza sustatu nahian, proiektuak aniztasunaren kontzeptua ikuspuntu ezberdinetatik landuko du. Aniztasunaren kontzeptuak baditu ñabardura ezberdinak; batzuk ibilbide luzekoak, hizkuntza eta kultura aniztasunari dagozkionak, eta beste batzuk berriagoak, nazio identitate ezberdinak ulertzeko moduari dagokionez, eta beste batzuk berritzaileagoak izan daitezkeenak, migrazio berriekin zerikusia dutenak eta Nafarroaren aniztasunaren mapa elikatu dituztenak.

Ñabardura guzti hauen azterketak herritartasunaren kontzeptuaren definizio berri bat bideratu dezake, bai eta elkarbizitzaren oztopoak gainditzen lagundu. Ezinbestekoa izanen da ere Nafarroan Hezkuntza Sistema eta Komunikabideek duten paperaren inguruan hausnartzea oztopo hauek indartzen edo gainditzen laguntzen duten mahai gaineratzeko.

Azkenik, proiektu honetan intersekzionalitatearen begirada landuko da ahots guztiek lekua izan dezaten eta ezberdinkeriak agerian uzteko. Horretaz gain, beste aniztasun motak kontutan izanen dira: generoa, adina, egoera sozio-ekokonomikoa, etabar.

Nafarroan Eusko Ikaskuntzak burutuko duen lana modu ireki eta parte hartzailean eginen da, hausnarketari lekua utziz. Proiektu honetan herritarrek, gizarte eragile eta adituek parte hartuko dute, euren helburua kultura eta gizartearen azterketa izanen delarik kohesio eta elkartasuna lortzeko, beti ere ikuspuntu inklusiboa, integratzaile eta plurala bermatuz. Guztia lurraldearen erronka nagusiak identifikatzeko helburuarekin.

Proiektua Nafarroako hiru herrietan burutuko da: Baztan, Berriozar eta Castejón. Herriak aukeratzeko orduan aniztasun kulturala, geografikoa eta identitarioa kontuan hartu izan dira.

Prozesu ireki eta parte-hartzaile baten bidez “Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa” sustatu nahi da Nafarroan. Horretarako proiektuaren lidergoa duen Talde eragile bat sortu da, gaian adituak diren pertsonez eta herrietako teknikariez osaturik. Talde honen eginkizuna izan da herritarrei luzatuko zaizkien galderak definitzea. Lan prozesuaren nondik-norakoak, edukiak eta ondorioak, zein etorkizunari begirako jardun lerroak txosten batean bilduko dira.

Herri bakoitzeko bi saio egingo ditugu, lehen saioa herritarrekin -Herritar Mahaiak- eta bigarrena herriko eragileekin -Gizarte Foroak-.

Herritar Mahaietan herriko 20-25 lagunek parte hartuko dute, adin ezberdinetakoak, jatorri eta kultura aniztasuna bermatuz, hizkuntza anitzekoak eta nazio atxikimendu anitzekoak, genero aniztasuna ere errespetatuz. 4-5 pertsonez osatutako taldeetan dinamika ezberdinak landuko ditugu Nafarroako imajinario-kolektiboa, elkarbizitzerako gatazkak eta bizikidetzarako proposamenei buruz.

Herritar Mahaien egitaraua: 

Gizarte Foroetan 30-40 lagunek parte-hartuko dute eta bertako eragileen, teknikarien, komunitate ordezkarien eta agenteen sarea sortuko dugu. Kasu honetan lan egiteko modua talde txikia izanen da eta dinamizatzaileen laguntzarekin Herritarren Mahaietan ateratako edukiak landuko ditugu elkarbizitza ahalbidetzeko gakoetan indarra jarriz.

Gizarte Foroen egitaraua:

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp