Arantzazu Loidi Garitano / PRH Psikopedagogia Eskolako hezitzailea

Urteko Galdera

2017/06/28

Arantzazu Loidi Garitano / PRH Psikopedagogia Eskolako hezitzailea

Zer da gizakia izatea gaur egun?

Gogoetarako aukera ematen duen galdera. Personalidad y Relaciones Humanas-PRH helduen formazio eskolan, pertsonari buruzko ikuspegi baikor eta ebolutibo bat daukagu. Hazten dagoen izaki gisa deskribatzen dugu pertsona eta pertsonaren izatean eta pertsonak berez dakartzan gaitasun eta potentzialitateetan sinesten dugu; eta izate hori bizi guztian zehar bilakaeran eta garapenean dagoela, pertsona gizatearen bilakaeraren edozein garaitan bizi dela ere. Pertsona izatea zer den esaldi batean laburbiltzeko, beraz, nork bere izatea garatu eta horren arabera bizi izatea dela esango nuke; izate horrek bere baitan biltzen dituen lau dimentsioak jokoan jartzea. Alde batetik, norbere identitatea, nortasuna, gure gaitasun, indar, balore eta aspirazioak ezagutu eta bizitzea. Bestalde, gaitasun horiek bizitzan eginkizun jakin baterako gaitzen gaituzte: lanbide edo bokazio baterako, baina baita konpromiso sozial baterako, edo bikote edo familia bokazio baterako ere. Hirugarrenik, eginkizun edo jarduera horretan emankor izaten laguntzen diguten lotura batzuk ere baditugu, misio edo gizarte-ekintzako arlo berean konpromisoa partekatzen duten pertsonekiko barne-atxikimenduak. Eta azkenik, pertsonak berez, bera baino harago dagoen eta handiagoa den dimentsio baterako irekitasun ere badu bere baitan, transzendentzia baterako irekitasuna. Hau guztia, jakina, bilatu eta landu beharreko zerbait izango da, bizitza osorako eginkizuna eta pertsona izatera eraman eta emankor egingo gaituena.  Pertsona izatea bilakaera da, hazten eta garatzen jarraitzea, etengabeko ibilia.

Jarraitu irakurtzen 

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp