Barandiaran Fundazioaren 2017ko aurrekontuak aurrera

Berri korporatiboak

2017/04/12

Barandiaran Fundazioaren 2017ko aurrekontuak aurrera

Arabako Foru Aldundian bildu zen martxoaren 23an Jose Miguel Barandiaran Fundazioaren Patronatua aurreko urteko jardueren berrikustea egin eta 2017ko aurrekontuak onartzeko.

Arabako Foru Aldundiko Jauregian egin zuen Patronatuak 2017ko lehenengo  bilera, martxoaren 23an hain zuzen ere. Saioa hasi aurretik, Arabako Ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek patronatu kideak agurtu zituen. Bilkuran, besteak beste, 2017ko aurrekontuei argi berdea eman zitzaien. Hala, bultzada ezin hobea izango da, Jose Miguel Barandiaranen ondarea lau haizetara zabaltzen jarraitu ahal izateko.

Urteko lehenengo hitzorduan segidako lagunek parte hartu zuten: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Igone Martinez de Luna, Arabako Euskara, Kultura eta Kirola foru diputatua; Fernando Perez, Nafarroako Kultura zuzendaria; Marijose Telleria, Gipuzkoako Kultura zuzendaria; Asier Rodriguez, Ataungo alkatea; Karmele Aierbe, Ataungo kultura zinegotzia; Josemari Velez de Mendizabal, Fundazioko presidentea, Arantza Cuesta, idazkaria, Susana Irigarai eta Jexux Aizpurua. Fundazioko idazkari tekniko Zuriñe Velez de Mendizabalek ere bileran parte hartu zuen.

25. Urteurrena

Urte berezia izan zen 2016. Izan ere, abenduaren 21ean 25 urte bete zituen Jose Miguel de Barandiaranen heriotzak. Hori dela eta, hainbat ekitaldi antolatu ziren udazkenean: 2016ko urriaren 20tik abenduaren 15era bitartean, “Europa, Barandiaran eta baloreak” izeneko mahai-zikloa egin zen bost euskal hiriburuetan. Oso emaitza positiboa izan zen, Fundazioko idazkari Zuriñe Velez de Mendizabalek 2017ko patronatu bileran aurkeztu bezala. Hitzaldietan, esaterako, lagun asko gerturatu ziren, Barandiaranen izena eta izana gogoan izateko.

Urteurreneko jarduera zikloari amaiera emateko, ekitaldi instituzionala egin zen Ataungo Sara etxean, abenduaren 21ean, On Jose Miguel hil zen egunean. Bertan parte hartu zuten Iñigo Urkullu EAEko eta Uxue Barkos Nafarroako lehendakariek, Josemari Velez de Mendizabal Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko presidenteak eta Asier Rodriguez Ataungo alkateak. Gonbidatuen artean, aldiz, askotariko pertsonalitateak gerturatu ziren, hala nola kirolariak, idazleak, antropologoak edo  artistak. “Fundazio xumea izanda, harro egoteko ekitaldia antolatu zen”, azpimarratu zuen idazkari teknikoak.  

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp