Aurtengo Bilboko Sinposioak Eusko Ikaskuntzak 2021ean abian jarritako proiektuaren ondorioak aurkezteko eta kontrastatzeko balioko du.
Eusko Ikaskuntzaren Politika eta Kultur Eskubideei buruzko lan-programan parte hartu duten edo interesa adierazi duten espezialistak eta agenteak bilduko dira uztailaren 2an, Bilborocken. Programa horren helburu nagusia da Euskal Herriko kultura-eskubideak ulertu eta zehazteko hausnarketa eta ekintza bultzatzea, eta eskubide horiek bermatzeko zer urrats egin behar diren aztertzea.
"Parte-hartze kulturalerako politikak - kultur eskubideak proiektuaren ondorioen kontraste saioa" izenburupean, Bilboko Sinposiora adituak eta arituak ekarriko dira galdera hauei erantzuten saiatzeko: zertan birpentsatu behar dira Euskal Herriko kultur politikak parte-hartze kulturala sustatzeko? Zertan birpentsatu behar dira Euskal Herriko kultur kudeaketaren eredu ofizialak parte-hartze kulturala sustatze aldera? Zertan birpentsatu behar dira Euskal Herriko kultur politikak eta kudeaketa-ereduak euskal kulturaren sozializazioan urrats sendoak emateko? Talde eragileko kideek egindako aurkezpenen bidez egituratuko da programa. Aurkezpen horien amaieran dinamika parte-hartzailea egingo da.
Jasotzen diren ekarpenei esker, azken urteetan egindako ondorioak eta hausnarketak zehaztu, argitu eta adostu ahal izango dira, urriko Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuan aurkeztu aurretik.