e5 proposamenak

Proiektuak

2019/05/15

e5 proposamenak

Euskalgintzaren garai berria konfiguratzen laguntzeko elkarlanean egindako dokumentua eta e5 egitasmoaren emaitzak gauzatzeko akuilua da.

2018ko urriaren 19an, Eusko Ikaskuntzaren XVIII Kongresuan, ehun pertsona baino gehiagok sinatu zuten e5 Adierazpena; eta hau bera, 2018ko azaroaren 23an Oñatin, Eusko Ikaskuntzak aurkeztutako Liburu Zuriaren Oinarriak argitalpenean jasotzen da.

Proposamenak, e5 lan-ildoaren emaitza nagusia, lan dinamika honen ideia nagusiak laburbiltzen ditu eta prozesuaren emaitzak gauzatzeko pizgarri izatea du helburu.

Azken urteotan garatua, e5 proiektuak -Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen- euskal kultur mugimenduaren aro berriaren konfigurazioan laguntzeko helburu nagusia izan du. Lan horretarako Arakatze apreziatiboaren ikuspegian oinarritutako hausnarketa diseinatu zen; eraldaketa bilatzen duen prozesu kolaboratzaile honek, gure gizartearen indarrak apreziatu eta balioan jartzea eskatzen du.

Proiektu honen ardatza, euskaraz garatu nahi duen komunitatea izan da; erronka, 2040. urtean komunitate horrek zer etorkizun amesten duen irudikatzea; eta elementuak, komunitate horrek euskaraz bizi, garatu eta munduratzeko laguntzen eta indartzen dituzten balioak (kapital eta aktibo).

Talde Eragile batek zuzendu du hiru fasetan garatu den e5 dinamika: definizioa, hausnarketa eta eraikuntza. Hausnarketa fasean hiru mintegi egin ziren -guztietan erakundeetako eta euskalgintzako eragileen parte-hartzea zabala izan zen: lehenik, egungo baliabideak identifikatu ziren; bigarren, etorkizuneko eszenatokiak irudikatu ziren; eta hirugarren mintegian, amestutako etorkizun horiek lortzeko proposamen eta ekinbideak landu ziren.

Ez zen ariketa erraza izan –erabilitako terminologia, aldi berean arrotza eta berritzailea zen; fokua komunitatean jartzen genuen, ez euskararen egoeran; euskararen etorkizuna irudikatzeko erronkaren aurrean ginen; mintegi baten eta bestearen artean denbora zabala pasatzen zen…- baina egitasmoaren parte-hartzaile guztien inplikazio eta konpromisoari esker beldur guztiak uxatu ziren.

Hiru mintegietako ekarpenak kapitalen mapetan bildu ziren: Egungo Aktiboen Mapa, Etorkizuneko Eszenarioen Konstelazioa eta Etorkizuneko Eszenarioen Arkitektura Estrategikoa.

XVIII Kongresuko saioari begira, 2018ko ekainaren 8an egindako hirugarren mintegiko parte-hartzaileei beste bi zeregin eskatu zitzaien: batetik, landutako proposamenak aurkeztuko zituzten hizlariak aurkeztea; eta bestetik, akordio sozial baterako izan zitezkeen ekimenak lehenestea –hauek e5 proposamenetan txertatzeko-.

Era berean, 2040. urteari begira lanean ari ginenez, gaur egungo gazteek etorkizuna nola amesten zuten ezagutzea beharrezkoa ikusi zen eta, horrela, 2018ko urriaren 19an izango zen kongresu saioan gazteen irakurketa txertatzea bultzatu zen. Horretarako, 18 eta 26 urte bitarteko 4 gazte gonbidatu genituen: Edurne Azkarate, Iban Larrandaburu, Maddi Sarasua eta Ane Zugaza. Gazte hauei ez genien lan erraza jarri -amesten zuten etorkizun hori azaltzea, beti ere ikuspegi positibo eta zorrotz batetik-, baina erabat asmatu zuten eskatzen zitzaienarekin, euren ekarpenak oso aberatsak izan baitziren.

Orain, Eusko Ikaskuntzak lankidetza honen emaitza guztiak zabaltzeko eta haietan jasotako ekintzak gogoratzeko konpromisoa du. Proposamenak, hala nola, Kongresu saio horretan aurkeztutako ideia eta ekimenak, XVIII. Kongresuko akta liburuan argitaratuko dira. Bitartean, XVIII. Kongresuko bideoen atalean, saio honen programa osoa ikusgai dago.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp