Foru Gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, bi lan-programa jarri dira abian etorkinen inklusio soziokulturalerako.
Elkarbizitzarako Zubiak Eraikitzen programaren ardatzean dago euskal gizartearen, kulturaren eta hizkuntzaren etorkizuna; globalizazioaren eta giza mugikortasun gero eta handiagoaren esparruan, bere erronka eta aukerekin.
Eusko Ikaskuntzaren lan-programa berri honen helburu nagusia Euskal Herrian inklusio soziolinguistikoa eta kulturarteko bizikidetza sustatzea da. Helburu hori bertoko euskara, kultura eta nortasuna sustatuz eta ezagutuz lortuko da. Horrekin batera, gizarte-kohesioaren eta kulturen arteko bizikidetzaren aldeko partaidetza- eta topaketa-ekintzak sustatu nahi dira.
Lehen faseetan, Elkarbizitzarako Zubiak Eraikitzen proiektua Nafarroako Foru Komunitatean eta Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ari da, bakoitzaren gobernuaren laguntzarekin. Bi metodologia osagarri aplikatzen dira: focus groupak eta tailer interaktiboak, non profil sozioekonomiko, adin eta hezkuntza maila desberdineko etorkinek parte hartzen duten. Hautatutako udalerri bakoitzean bi tailer egiten dira: bata euskararen ezagutzan eta erabileran oinarritua, eta bestea euskal kulturari eskainia, inklusio sakonagoa eta esanguratsuagoa sustatzeko.
Lan hori Nafarroan egin da jada, eta ondorio nagusiak biltzen dituen txostena prestatzen ari dira gaur egun. EAEn uztailean burutuko dira tailerrak, eta hiru lurralde historikoak hartuko ditu. Bi kasuetan, emaitzek informazio kualitatibo eta kuantitatibo baliotsua emango dute immigrazioak euskararekiko eta euskal kulturarekiko dituen jarrerei eta itxaropenei buruz.
Bestalde, Elkarbizitzarako Zubiak Eraikitzen-ek aliantza estrategikoen sare sendo bat finkatu nahi du esparru instituzional eta sozialeko funtsezko eragileekin, horien ezarpena errazteaz gain, epe luzerako jasangarritasuna eta hedapena bermatzeko.