Euskal Herrian diren mugaz gaindiko jai-errituak ikertuko ditu Barandiaran Bekak 2019an

Berri korporatiboak

2019/01/09

Euskal Herrian diren mugaz gaindiko jai-errituak ikertuko ditu Barandiaran Bekak 2019an

Euskal Herrian diren mugaz gaindiko jai-errituak izan da Jose Antonio Peralesek 2019ko Barandiaran Ikerketa Bekara aurkeztutako proiektua eta horixe saritu du epaimahaiak.

Hala ebatzi zuen 2018ko abenduaren 26an epaimahaia osatzen zuten kideek. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Gizarte eta Kultura Antropologia irakaslea denak 2019an zehar burutu beharko du ikerketa.

Guztira sei proposamen jaso zituen Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak eta epaimahaiak guztiak aztertu ostean, honako irizpideengatik esleitu zion, besteak beste, beka Peralesi: “Jasotako proiektuei dagokienez, oso ikerketa gai ezberdinak proposatu dira deialdi honetan. Gai aldetik interesgarria iruditu zaigu, eta aurkeztutako proposamena oso argi azalduta eta garatuta dago. Bere curriculumari begiratuz,  gertutik ezagutzen duen gaia dela ikusi dugu eta horrek bermea ematen dio lana txukun ikertzeko”.   

Jose Antonio Perales. 2019ko Barandiaran Bekaren irabazlea.

2019an garatu beharko duzu proiektua. Zein da helburu nagusia?

Batez ere mendebaldeko Pirinioetako mugaldeko ondare immaterial aberatsa hobeto ezagutzen laguntzea bilatzen du ikerketa honek. Antzeztoki edo leit motiv gisa nazioarteko banalerroa duten jai-erritu multzo baten ikerketa egitea da nire asmoa. Mugaren bi aldeetako biztanleen parte hartzea ezaugarri duten festak dira. Horietariko batzuk oso ezagunak dira – Hiru behin zerga kasu- eta beste batzuk askoz ezezagunagoak dira, Mugen Festa, adibidez.

Nola garatuko duzu zure lana?

Bekaren deialdiak zioen bezalaxe, ikerketa etnologikoa egingo dut. Hautatutako festa adierazleen behaketa sistematikoa egingo da, eta jai bakoitzari lotutako zenbait ordezkari eta kolaboratzaile elkarrizketatuko dira. Gainera, argazkiak atera eta artxiboen zein liburutegietako kontsultan oinarritutako lan paralelo bat burutuko da, dagoeneko gaiaren inguruan argitaratu direnak jasotzeko xedez.

Zer adierazten du 2019ko Barandiaran Beka irabazteak?

Ohore handia da horren etnologo ospetsuaren izena daraman beka jasotzea. Horrez gainera, aurrez beka honen jasotzaile izan diren eta nik miresten ditudan pertsonen zerrendaren parte izatera igarotzea harrotasun bat da. Eta zalantzarik gabe duela denbora batetik hona ikertzen dihardudan lan-lerroari oxigenoa emango dio: Euskal Herriarekin bat egiten duen mendebaleko Pirinio zonalde honetako kultura espresiboaren ikerketari.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp