Euskal Hezkuntzaren inguruko eztabaidak darrai

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2021/10/23

Euskal Hezkuntzaren inguruko eztabaidak darrai

Bi egunez, Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzak deituta, irakasle, aditu, gizarte eragile eta instituzional ugarik Hezkuntza Sistemaren gaurko eta biharko gaien inguruan eztabaidatu zuten.

Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzak antolatuta, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian izan zen ostiral eta larunbatean `Euskal Hezkuntza Sistema: Adituekin solasean, herritarren azpimarra’ sinposioa. Foroa Eusko Ikaskuntzak abian jarritako lan-programaren barruan kokatzen da. Programa horren bidez, herritarren eztabaidarako eta elkarrizketarako gune bat ireki nahi da gizarte-eragileekin eta sektoreko aditu eta arituekin, gure garaiko errealitate eta erronkekin bat datorren Hezkuntza Sistema baten oinarriak jasotzeko.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak egin zute irekiera instituzionala. Bildarratz sailburuak hezkuntza-komunitatearen konplizitatea eta parte-hartze aktiboaren beharra eta garrantzia azpimarratu nahi izan zuen bere lehen hitzetan: “Gaur hemen elkarlanean gaude, lanerako motibazioaz, eta gure betiko konpromisoari eutsiz, legealdi hasieran emandako hitza betez. Hezkuntza komunitatearekin elkarlanean arituko gara, entzute aktiboan eta elkartrukean, egunerokoan partehartzea sustatuz eta errealitatea bertatik bertara ezagutuz. Benetan sinisten dut akordio eraikitzailea eta itxaropentsua sortzeko aukera dugula, gizarte osoaren eta erakunde guztien elkarlanaren bidez. Denok egon behar dugu hemen, asko eta sakonak baitira eskuartean ditugun erronkak”.

Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak “politika publikoetan eta gizarte-dinamiketan eragin positiboa duten hausnarketa-, partaidetza- eta adostasun-esparruak sustatzearen alde egiten duen apustua” nabarmendu zuen, batez ere, “belaunaldi berrien prestakuntza integralaren mesedetan”. Halaber, Urkizak, erakundeak gain hartzen dituen artekaritza eta zubilanak mahaigaineratu zituen, hain zuzen ere Hezkuntza Sistemaren gogoetan egiten ari den lana azpimarratuz: “Eusko Ikaskuntzak, sinposio honetan Eusko Jaurlaritzarekin elkarlan estuan jarduteaz gain, Hezkuntza Sistemaren inguruan adostasunak eraikitzera bideratutako lan-programa bat abian jarri du. Lankidetzarako eta eraikuntzarako gune bat, konfiantzan oinarritua, merezi eta nahi dugun hezkuntza-sistema lortzeko landu beharreko erronka eta oztopo nagusiei heltzeko”.

Mario Zubiagak (UPV/EHU) eta Beatriz Akizuk (Eusko Ikaskuntza) abiatutako lan-programa aurkeztu ondoren, sinposioaren lehen zatia Hezkuntza, aniztasuna berdintasunean hasi zen. Manchesterko Unibertsitateko Adrián Zancajo Sillak nazioarteko ikuspegi konparatu batetik heldu zien itunpeko eskolaren erronka nagusiei, eta hainbat proposamen egin zituen diruz lagundutako eskola eta ekitatea bateratzeko. Xavier Bonal Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko kideak, Kataluniako esperientziatik abiatuta, eskola-segregazioaren gaiari heldu zion, eta horren aurkako politiken eraginkortasuna bermatzen duen erregulazioan jarri zuen arreta. Blokea ixteko Mondragon Unibertsitateko Amelia Barquín Lópezek hartu zuen parte. Eskola-segregazioaren bilakaerari so egin zion eta fenomeno horri aurre egiteko azken urteotan planteatu diren zenbait estrategia deskribatu zituen bere azalpenean.

Sinposioaren bigarren atala, Hezkuntzaren antolamendua, osatzen zuten hiru hitzaldien lehenengoan, Gonzalo Larruzeak hiru kontzeptu izan zituen hizpide: komunitarioa, deszentralizazioa eta autonomia. Didaktikan eta Eskola Antolakuntzan doktore denak argudiatu zuenez, hezkuntza gizartearen interesekoa izanik, euskal sistemaren izaera publikoa indartu behar da; norabide horretan ideia batzuk partekatu zituen. Mondragon Unibertsitateko Andoni Eizagirrek, bere aldetik, pertsonarekin eta bizikidetzarekin lotutako beharrizanak azpimarratu zituen, bere ustez, hezkuntza-eztabaidetan lehenetsi behar direnak, eta, bereziki, antolamendu-alderdiei dagokienez. Azkenik, Itziar Ostolazak Errenteriako Udalak herriko ikastetxeekin egindako esperientzia praktiko bat aurkeztu zuen, erantzukizunean sakontzera bideratua.

Hitzaldi batek eta mahai-inguru batek egituratu zuten Hezkuntza ezagutzaren gizartean sinposioaren hirugarren blokea. Daniel Innerarity Filosofiako katedradun eta Ikerbasqueko ikertzaileak planteatu zuen zer esan nahi duen gero eta ziurgabetasun handiagoko aro batean hezteak, are gehiago gaitasun eta trebetasun berriak eskatzen dituen ezagutzaren kontzeptuak bilakaera handia izan duen horretan.

"Ezagutzaren gramatika partekatu baterantz?" mahai-inguruak bildu zituen Aran Garcia Lekue (Ikerbasque), Haizea Barcenilla (UPV/EHU) eta Sabin Azua (aholkularia), Nora Salbotx moderatzaile izanda. Honako hauek aztertu zituzten: herritarren eta gizartearen ezagutza eta adimen kolektiboa, hezkuntzaren bidez; hezkuntza-sistemak kulturarekin, sorkuntza artistikoarekin, sozio-ekonomiarekin, zientziarekin eta teknologiarekin garatu behar duen harremana; eta ezagutzaren gramatika partekatua nola lortu.

Ekarpen horiek guztiak Eusko Ikaskuntzaren lan-programaren hurrengo faseak elikatuko dituen dokumentu batean jasoko dira, Euskal Herriko Hezkuntza Sistemaren Liburu Zuria egitea helburu izango duena.

Sinposioaren informazioa guztia hemen.
 

Euskal Hezkuntza Sistema: adituekin solasean, herritarren azpimarra sinposioa

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp