EuskarAbentura, 2020ko edizioa martxan da!

Proiektuak

2019/12/15

EuskarAbentura, 2020ko edizioa martxan da!

2003 eta 2004 urteen artean jaiotako gazteei zuzenduta dago.

Abenduaren 5ean, Durangoko Azokan, EuskarAbenturaren hirugarren edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu zen. Durangora bertaratu ziren elkartekide, babesle eta aurreko edizioetako espedizioko kideek bat egiten zuten proiektuak euskarari egin diezaiokeen ekarpenaren dimentsioaren inguruan. Izan ere, Euskal Herria ezagutu eta balore positiboak transmititzeaz gain, proiektu honen helburu nagusiak eremu ez formaletan gazteengan euskara eta mundu mailako gazte euskaldunen sare bat osatzea dira.

Aurreko edizioetan bezala 16-17 urteko gazte interesatuek motibazio gutun bat eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte martxoaren 15a baino lehen (15a barne).

Hautagaitza proiektua egiteko aurten aukeran dauden hiru gaiak hurrengoak dira: 

  • “Euskal emakume sortzaileak”

“Sortzeko ahalmena, buru lanak sortzekoa bereziki”. Edonor izan daiteke sortzaile esparru ezberdinetan edo sormena piztu beste batengan…. Ezagutzen al duzu emakume sortzailerik euskal herrian? Gure erreferenteen artean ba al daude abeslariak, idazleak, antzerkilariak…? Komunikabideek denbora berdina eskaintzen diete emakume sortzaileei? Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Lanen adibideak:

  • Euskal emakume sortzaile baten lanaren retrospektiba.
  • Nire herriko/auzoko emakume sortzaileak.
  • Emakume batek konposatutako abesti baten bertsioa.
  • Mugak gaindituz integraziora bidean”

Integrazioa, norbanako, multzo, gauzak batzearen, sartzearen, parte izatea sustatzearen akzio edo jarrera moduan definitu dezakegu. Integratzaileak gara? Gure baldintza eroso berdinetan ez daudenak horietara heltzeko bultzada ematen diegu? Ze muga fisiko edo psikologiko aurkitu daitezke integrazioaren bidean? Gizarteko zein talde identifikatu ditzakezu egoera horretan?
Lanen adibideak:

  • Pertsona migratzaileen integraziorako lanean aritzen den elkartearen aurkezpena.
  • Zer diote aniztasun funtzionala daukaten pertsonek integrazioari buruz?
  • Egun bat egoera ezberdinean dagoen pertsona baten azalean.
  • “Natura plastifikatua”

“…azken 10 urteetan, gizateriaren historia guztian baino plastiko gehiago produzitu dugu…” hauek dira Greenpeace erakundeak uzten dizkigun datuetako batzuk. Plastikoaren erabilera oso barneratuta daukagu eta gure egunerokotasunean bidelagun bilakatu da: arropa, ontziak, etxeko tresnak, etab.. 1950ko hamarkadatik mundu osoan sortu ditugun 6’3000 milioi plastiko tonatik, %9 bakarrik birziklatu dugu, %12 erre ditugu, eta gainontzeko %79 zabortegietan edo naturan botata dago. Lortuko dugu plastikoaren ekoizpena murriztea? Ze neurri hartu behar ditugu horretarako? Badakizu zenbat plastiko kontsumitzen den zure herrialdean?
Lanen adibideak:

  • Nire herrian kontsumitzen den plastikoaren datu bilketa. Plastiko hori berrerabili egiten da?
  • Plastikorik gabeko etxerako erosketa baten adibidea.
  • Erabilitako plastikoa berrerabiltzeko edota ordezkatzeko aukerak.

Lanak sei formatutan aurkeztu ahalko dira: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak. Jasotako proiektuak PuntuEUS Fundazioaren eta Eusko Ikaskuntzaren laguntzaz ebaluatuko dira eta lan onenen egileek espediziora joateko aukera izango dute.

Proiektuei buruzko xehetasun guztiak EuskarAbenturaren webgunean daude eskura eta izen-ematea plataforma honen bitartez egin ahal izango da. Izen-ematearen oinarriak: https://euskarabentura.eus/2020-izen-ematearen-oinarriak/

Matrikulazio kanpainaren baitan, EuskarAbentura elkarteak hainbat aurkezpen egingo ditu datozen asteetan eskola eta bestelako espazio gazteetan, egitasmoa gazteei helarazteko. Aurkezpen hauek kolaboratzaile eta aurreko bi edizioetan parte hartu duten gazteen eskutik egingo dira.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp