"Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen" prozesuan parte hartu

Proiektuak

2017/03/20

"Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen" prozesuan parte hartu

Euskaraz garatu nahi duen komunitate aktiboa gonbidatu nahi dugu 2018ko urriaren 26ko Eusko Ikaskuntzaren Kongresu tematikoa mugarri duen prozesu eraikitzaile eta partehartzaile honetara.

Gonbit honen lehen hitzordua, 2017ko ekainaren 2an Gasteizen egingo dugun mintegia izango da.

Euskararen aldeko hauspoa apur bat ahuldu delakoan daude hainbat eragile, izan ere, “azken hamarkadetan mundua zeharo aldatu duten dinamika [...] eta abarrek baldintza berriak ezarri dizkiote Euskal Herriko hizkuntza-egoerari. [...] Oro har, bertako hizkuntza-egoera, paradigma gero eta zabalagoetatik irakurri eta ulertu behar dugu [...].”

Aipatzen den makalaldiaren ondoren, edo agian aipatzen den makalaldi horretatik indarberrituta ateratzeko, eragile ugari ari dira etorkizunera begira jarri eta proposamenak egiten: beharra eta nahia hor daude. Gai izango al gara ahots ugari eta anitzeko eskaera horri erantzun bateratu bat ematen?

Badago behar bat etorkizuna begi berriz ikusteko eta nolako etorkizuna nahi dugun arduraz eta eraginkortasunez erabakitzeko. Beste era batera esanda, badago beharra euskalgintzaren eta euskaldunon “amets doituak” egi bihurtzeko.

Aurreko lerroaldean bildu diren behar eta interes guztiak asetzeko proposamen zintzo bezain argudiatua izan nahi du Eusko Ikaskuntzak diseinatu duen ‘Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen’ egitasmo honek. Izan ere, Eusko Ikaskuntzaren Euskararen Etorkizuna lan-taldeak urtea osoa eman du metodologia hau garatzen, baina orain garrantzitsuena falta da: euskararen etorkizuneko eszenario horiek nolakoak izango diren eraikiko dituzten gizabanakoak.

Zurekin kontatu nahi dugu! 2018ko urriaren 26ko Eusko Ikaskuntzaren Kongresu tematikoa mugarritzat duen prozesu eraikitzaile eta partehartzaile honetan!

Lehen hitzordua, 2017ko ekainaren 2an Gasteizen egingo dugun mintegia da, eta interesa bazenu, hemen eman dezakezu izena. Lehenengo mintegi honetan euskararen indarguneak/kapitalak zeintzuk diren jakin nahi dugu eta zure ezagutza eta eskarmentua funtsezkoak izango dira. Prozesu honetan zehar elkar ikusiko dugulakoan gaude. Edozein zalantzarik baduzu, eskura izango gaituzu hurrengo kontaktuetan.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp