Proiektuak

2015/03/12

Euskararen Etorkizuneko taldea: lehen urratsak

Eremu Nagusiak programako Euskararen Etorkizuna taldeak hurrengo jarduerak zehaztuko dituzten oinarriak finkatu ditu. Zenbait proposamen konkretu egin dituzte.

Euskararen Etorkizuna

Lan-talde anitza eta orekatua osatu da Euskararen Etorkizunaren inguruan jarduteko. Izan ere taldearen izaera, gure arbolaren sustraietan aipatzen diren printzipioekin bat dator erabat: berme zientifikoa, belaunaldien arteko uztardura, disziplinartekotasuna, lurraldekotasuna eta independentzia ideologikoa isla bait dute bertan, besteak beste. Bide batez, eta berriro arbolari jarraituz, eremuko azpi adarrak gogoraraztea komeni da:

  • Euskara eta hedabideak
  • Erabilera eta gizarte erronkak
  • Oinarri juridikoak eta hizkuntza politikak

Koro Muroren eta Josune Etxanizen gidaritzapean taldea sortu zenetik bilera bakarra ospatu bada ere, (Donostian, urtarrilaren 30ean) mamitsua eta ekarpenetan aberatsa izan zen. Taldearen izaerari esker ikuspuntu ezberdinak plazaratu ziren eta eragindako eztabaida oso interesgarria izan zen hainbat gai edo lan ildo suspertuz. Alde batetik, proposamenetan sartu aurretik, taldekideek Eusko Ikaskuntzaren balioa azpimarratu zuten eta kontuan izan beharreko zenbait irizpide finkatu ziren: beste erakundeek arlo honetan egin duten edo egiten ari direnarekin lehian ez sartzea (osagarritasuna bilatu); disziplinartekotasuna lehenetsi; proiektuak euskararen lurralde osoari begira bideratu; eta Eusko Ikaskuntzak berezko eginkizuna, estiloa eta erreferentzialtasuna aurkitzearen beharra euskararen arloan. Bestetik, eta aurreko irizpideen ildora, jarduera plan bihur daitezkeen ideia hauek aurkeztu ziren:

  • Euskararen Biltzar Orokorraren antolakuntza
  • Euskararen arloko esku-hartzeen eta euskarazko produkzioaren inpaktu eta balio ekonomikoa Euskal Herriko garapen ekonomikoaren baitan aztertzea
  • Euskararen etorkizuneko analisi prospektiboa burutzea
  • Euskara eta euskalgintzaren norabideari buruzko azken argitalpenetan aipatzen diren zenbait eztabaida gaien inguruko hausnarketa jardunaldiak

Azken ideia honekin lotuta, gai edo galdera gako batzuk identifikatzea eta nolabaiteko mahai-inguruak antolatzea proposatu zen; maiztasun finko batez (hilabetero edo bi hilabetero) eta gai horretan erreferente diren pertsonak inplikatuz (euskaldunak nahiz kanpotarrak). Horretarako, oso ondo aukeratu beharko dira gai edo galderak eta bakoitzari dagozkion pertsonak ere. Eta horretan gabiltza?

?

?

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp