Eusko Ikaskuntzak bere Kontseilu Errektoreko kideak berritu ditu

Berri korporatiboak

2023/06/04

Eusko Ikaskuntzak bere Kontseilu Errektoreko kideak berritu ditu

Eusko Ikaskuntzaren Batzar Nagusiak lau kide berri hautatu ditu: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroarako ordezkariak.

Ekainaren 3an, Donostiako Miramar Jauregian eta on line konexioan, Eusko Ikaskuntzaren urteko Batzar Nagusia izan zen.

Lehenengo zatian, bazkideek 2022. ekitaldiko jardueren memoria onetsi zuten, baita emaitzen balantzea eta kontua ere, haiek aplikatzeko proposamenarekin batera. Ondoren, erakundeko lehendakari Ana Urkizak, azaldu zituen erankudearen jarduera-ildo nagusiak eta 2023rako aurreikusitako lan-plana, dagokion aurrekontuarekin. Era berean, 2024ko udazkenerako aurreikusita dagoen Eusko Ikaskuntzen XIX. Kongresua prestaketaren berri eman zuen.

Galde-eskeen txandaren ondoren, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Kontseilu Errektoreko kide berriak hautatu ziren:

Arabako ordezkari bezala, Izaskun Iriarte Irureta hautatu zen. Iriarte zuzenbideko lizentziaduna da, espezialitate juridiko-ekonomikoan, Nazioarteko Merkataritzako eta Integrazio Politiko eta Batasun Ekonomikoko masterrak ditu, eta Amsterdam School of International Relations-ko graduondokoa. Eusko Jaurlaritzako funtzionaria izan da eta Lurralde Antolamenduko sailburuordea. Gaur egun, Gasteizko Udaleko Lurraldea eta Klimaren aldeko ekintza sailaren zuzendari orokorra da.

Bizkaian, Kontseilu Errektoreko kide izango da Mario Zubiaga Garate. Zuzenbideko lizentziaduna eta Politika eta Soziologiako doktorea. 1998az geroztik, EHUko Kazetaritza eta Zientzia Politikoetako fakultateetan ematen ditu eskolak. Ekintza kolektiboari, parte-hartze politikoari, gizarte-mugimenduei eta abarri buruzko ikertzailea.

Kontseilu Errektorean Gipuzkoako ordezkari gisa Jose Manuel Bujanda Arizmendi izan zen hautatua. Hizkuntzen Pedagogiako lizentziaduna eta Irakasletzako diplomaduna, institutu publikoetako irakasle eta zuzendaria izan da; Hezkuntzako ikuskaria; bi Diputatu Nagusiren Idazkari Nagusi eta Eusko Jaurlaritzako bi sailburutzatako kabineteko buru.

Eta Nafarroako Foru Komunitatean, Eusko Ikaskuntzaren Kontseilu Errektoreko kide berria Anika Lujan da. Historian lizentziatua, Irakasle Eskolako Haur Hezkuntzarako gaikuntza du. Tuterako Argia Ikastolako irakaslea da. Senatari izan zen Nafarroan. 2018az geroztik, Nafarroako Euskararen Kontseiluko kide da, Foru Parlamentuak proposatuta.

Horrela, lurralde ordezkaritza partekatuko dute Araban Asier Etxenikek eta Izaskun Iriartek, Bizkaian Zelai Nikolasek eta Mario Zubiagak, Gipuzkoan Manu Olariagak eta Jose Manuel Bujandak, eta Nafarroan, Isabel Elizaldek eta Anika Lujánek. Eusko Ikaskuntzak eskerrak eman nahi izan dizkie Anjeles Iztuetari, Juan Luis Moraguesi, Xabier Alkortari eta Mikel Aranbururi, egindako lanagatik eta bere ekarpenengatik.

Batzar Nagusia 2023
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp