Gipuzkoako udalerri txikien diagnostikoa eta esperientzien katalogazioa

Proiektuak

2019/10/04

Gipuzkoako udalerri txikien diagnostikoa eta esperientzien katalogazioa

Idiazabalen eta Beizaman ospatu berri diren “Herri Txiki Adimentsuak” jardunaldien harira, Eusko Ikaskuntzak txostena aurkeztu du. Herri txikien garapenerako aukerak eta esperientzia berritzaileak ezagutu, identifikatu eta ezagutzera ematea du helburu.

Eusko Ikaskuntzak “Herri Txiki Adimentsuak” jardunaldien bigarren saioa ospatu du Beizaman. Pasa den irailaren 20an Idiazabalen egindako lehenengoari jarraipena eman dio honek. Egun landa eremuek pairatzen ari diren deskapitalizazioaren aurrean, herri txikien ekonomia suspertzeko aukera berriak identifikatzea izan dute helburu jardunaldiek. Halaber, “Gipuzkoako udalerri txikiak: diagnostikoa eta esperientzien katalogazioa” txostena aurkeztu da.

Etorkizunari begira, lurralde orekari eusteko, landa ingurunea nola sendotu daitekeen, beti ere garapen jasangarria oinarria izanik, izan da Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso duen ekimenaren azken helburua. Horretarako, Euskal Herriko 2.500 biztanletik beherako udalerrien egoera sozio-demografiko eta ekonomikoa aztertu da Gaindegiarekin batera, ondoren Gipuzkoako errealitateari so egiteko.

Herri Txiki Adimentsuak Jardunaldia- Idiazabal

Jardunaldiei esker, tokian tokiko ekimen berritzaileak ezagutzeko abagunea izan da: besteak beste, ondarea, turismoa, herri-marka, energia berriztagarriak edota ostatu eredua berritzeari buruzko esperientziak. Halaber, aktiboki edo interesa duten eragileak harremanetan jartzeko eta saretzeko bilgune izan dira.

Landutako guztia “Gipuzkoako udalerri txikiak: diagnostikoa eta esperientzien katalogazioa” txostenean jaso da. Lehenengo zatian, Euskal Herriko udalerri txikien argazkia atera da, 30 adierazleren inguruan ezaugarritzea eginez. Bigarrengoan, trakzioa eragiten duten esperientzien katalogazioa jasotzen da, Gipuzkoako zein Europako zenbait tokietan burutzen diren proiektu soziekonomikoak bilduz. Kasu guztietan, ekimenek izan duten harreraz gain, zein eragilek parte hartu duten, zer nolako aurrekontua esleitu zaien eta zer nolako eragin ekonomikoa baita herritarren inplikazioa jaso ote duten aipatzen da, zailtasunak zeintzuk izan diren adieraziz.

Herri Txiki Adimentsuak Jardunaldia - Beizama

Lurralde oreka, aspaldiko kezka

Eusko Ikaskuntzarentzat gogoeta ez da berria. Aurrekari ugari badira hausnarketan, besteak beste, 2016an Zerain ospatutako “Etorkizuneko Herri Txikiak” Nazioarteko Kongresua edo urtebete beranduago Añanan burututako “Arabako Lurralde Orekarantz Jardunaldiak”. Baina iaz ospatutako  Mendeurreneko Kongresuan argi jasoa geratu zen erakundearen lehentasunetako bat izaten jarraituko duela garapen sozio-ekonomiko orekatu eta iraunkorra lortzea lurraldeen artean, eta hala jasotzen du Euskal Herriaren etorkizunari begira plazaratutako lan-ildo nagusien artean Eusko Ikaskuntzaren Liburu Zuriak.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp