Eusko Ikaskuntzako lehendakariak

Mendeurrena

2018/05/14

Eusko Ikaskuntzako lehendakariak

Eusko Ikaskuntzaren sorreratik lehendakaritza hartu zutenen ibilbidea.

Julián Elorza, 1918-1936

Eusko Ikaskuntzako lehen lehendakaria, gainera, 1918tik 1936ko Gerra Zibilera arteko lehen etapako bakarra izan zen. Zuzenbidean lizentziatua, Azpeitiko jaioterriko udal epaile gisa aritu zen. Ideologiaz karlista eta autonomista konbentzitua, 1911tik 1919ra bitarte lurralde Diputatu izan zen eta Gipuzkoako Foru Aldundiko lehendakari, 1919 eta 1924 artean eta 1930ean. Elkarrizketa eta negoziaziorako zuen gaitasun handia nabarmendu daiteke. Bereziki garrantzitsua izan zen 1931ko maiatzaren 31an Eusko Ikaskuntzak aurkeztutako Euskal Estatuaren Estatutu Orokorra idazteko izan zuen papera.

José Miguel de Barandiaran, 1978-1991

Ataungo Jakitunaren biografia pertsonal eta zientifikoa Eusko Ikaskuntzarenarekin nahasten da, fundatzaile eta Batzar Iraunkorreko bozeramaile izan baitzen 1922tik 1936ra. Erbestean Eusko Ikaskuntzaren bi kongresu antolatzeko lanetan lagundu zuen. 1976tik aurrera, beste pertsonalitate zenbaitekin batera Eusko Ikaskuntza berriro sortzea bultzatu zuen. 1978an presidente aukeratu zuten bazkideek eta baita hiru bider berriro aukeratu ere. Gerra Zibila baino lehen eta ondorengo belaunaldien arteko zubi lana dela eta, inork ez zuen berak bezain ondo irudikatu. 

Gregorio Monreal, 1992-1996

Lehendakari lanean aritu zen lau urteetan Gregorio Monrealek egitura eta prozedurak modernizatzeko erreformak bultzatu zituen eta sakon eta zehaztasunez heldu zion Eusko Ikaskuntzaren orientazio estrategikoaren gaiari, koordenada historiko berrien baitan. Horren ondorioz, maila guztietan berritzea izan zen eta 1918tik martxan ziren inertzia asko hautsi ziren. Agintaldi honetan euskarri digitaleko kultur eta gizarte edukiak sortu eta sustatzeko apustu estrategikoaren alde egin zen. Lehendakaritza utzi ondoren, Gregorio Monrealek RIEVen zuzendaritza hartu eta nazioarteko zientzia argitalpen gisa indartu zuen.

Juan José Goiriena de Gandarias, 1996-2002

Garai honetan sarean euskal zientzia eta kultura edukien sorreran aitzindari izan zen. Auñamendi Entziklopediaren digitalizazioa hasi zen, interneteko programa hezitzaileak jarri ziren abian. 1998an  Euskonews jaio zen. Fondo dokumental, argazki artxibo eta argitalpenen katalogazio eta digitalizazio bidez, Eusko Ikaskuntzak ikerlari, ikasle eta herritarren eskura jarri zuen ondare, historia eta gizarte ikuspegitik balorea zuen informazio ugari. Eusko Ikaskuntzaren zabaltze eta hazte urteak izan ziren; egitura profesionalizatu eta sendotua eraiki zuen. Gizartearen onarpenaren isla izan ziren sari zenbait jaso zituen esfortzu honen ondorioz.

Javier Retegui, 2002-2008

Sei urte horietan Eusko Ikaskuntzak ordura arte izan gabeko jarduera maila izan zuen: ekonomia hazkundea izan zuen orokorrean aldekoa zuen egoerari esker (aurrekontu handiena izan zuen) eta baita pertsonei dagokienez ere (bazkidegoen kopuru historiko gorenarekin). Heziketa, ikerketa eta dibulgazio lanak egin zituen, gizarte eta kultura alorrean ekarpenak egiten jarraitzeko XXI. mende hasieran Eusko Ikaskuntza izan behar zen erakunde ereduari buruzko beharrezko gogoeta alde batera utzi gabe. Zuzendaritza karguetan emakumeen presentzia mugarri izan zen egituren modernizazioan.

Joxe Mari Muñoa, 2008-2012

Eusko Ikaskuntzako bi fundatzaileren ondorengoa, Juan eta Miguel de Muñoarena, azken hau Gipuzkoako lehen ikastolaren sustatzaile 1914an. Seguru aski 1978an hasitako bigarren etapan Eusko Ikaskuntzak bizi izan duen momentu zailena kudeatu behar izan zuen Joxe Mari Muñoak. Ekonomia atzeraldi bate-betean, diru-sarreren geldialdia izan zen lehenengo eta gutxitze nabarmena ondoren. Ondorioz, energien sakabanatzea ekidin zen, zenbait jardueratan esfortzuak murriztuz. Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresua gizarte aurrerapenerako berrikuntzaren baitan egin zen 2009an.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp