Ezagutu ezazu Eusko Ikaskuntzaren multimedia fondo berria

Proiektuak

2017/12/14

Ezagutu ezazu Eusko Ikaskuntzaren multimedia fondo berria

Gure kultura eta historia 82.000 artxibo baino gehiagoren bidez arakatu ahalko duzu.

Ba al dakizu zertan egiten zuten lan zure aiton-amonek? Non bizi ziren? Nola janzten ziren? Ze jai eta ohitura zituzten? Ba al dakizu zure herriko kaleak zelaiak zirela beste garai batean? Gure historia eta ondarearen gaineko bitxikeria hauek (eta beste asko) guztiak ezagutu nahi badituzu, Eusko Ikaskuntzaren multimedia gune berria ezagutzera gonbidatu nahi zaitugu. Bertan, hainbat funtsetatik jasotako dokumentuak aurkituko dituzu: 80.000 argazkitik gora, 1.568 audio eta 266 bideo. Aramaio, Bera, Busturia, Hernani, Idiazabal, Lekeitio, Oiartzun, Oñati, Orio, Ormaiztegi, Oroz-Betelu, Zarautz eta Zumaiako udalen irudiak daude ikusgai, baita Eusko Ikaskuntzaren, Auñamendi entziklopediaren edo Jose Maria Arizmendiarrieta bildumaren argazki eta multimedia dokumentuak ere.

Oso material aberats eta baliotsua da, zalantzarik gabe, Eusko Ikaskuntzak gune berri honetan gizartearen esku jarri duena. Irudiak protagonista izango dituen gune honek, modu erraz eta intuitibo batean nabigatzea ahalbidetuko du. Lehen pantaila batean funts ezberdinetarako sarbidea aurkituko dugu, baita gai edo hitzen arabera bilaketak egiteko kutxa ere. Bilaketa aurreratuak, filtro ezberdinak erabiliz (lekua edo dokumentu mota, adibidez) emaitzak zehazteko eta mugatzeko aukera eskainiko digu. Eta hori guztia, bilaketa prediktiboa erabiliz. Sistema honek, bilaketa-historia edo egin berri diren bilaketen arabera, bilaketa prozesua erraztu eta arinduko du.

Euskal historia eta kultura iruditan. Ongi etorri!

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp