Abenduaren 12an Europa Jauregian Kukai Dantza Taldearekin eta diziplina anitzeko euskal sortzaile askorekin batera.
Gaur goizean aurkeztu da Gasteizko Udaletxeko prentsa-aretoan EzBerdin Berdinak proiektuaren datorren abenduaren 12ko saioa, arratsaldeko 19:00etan Europa Biltzar Jauregian izango dena. Eusko Ikaskuntzak, KUKAI dantza taldearekin batera eta Euskal Herri osoko beste hamaika artisten partaidetza izango du saioak eta diziplina ugari biltzen ditu: dantza garaikidea, musika, bertsolaritza eta antzerkia, artearen bidez euskal kulturaren kolore, doinu eta ahots guztiak elkarrekin dantzan jarriz.
Prentsaurrekoan parte hartu dute Sonia Díaz de Corcuera, Kultura eta Hezkuntzako zinegotzia; Asier Etxenike, Eusko Ikaskuntzaren Arabako ordezkaria; eta Joseba K. Pérez de Heredia, Arabako Foru Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendaria. Ekitaldian babesa agertu du ere Kepa Ortiz de Urbinak LABORAL Kutxaren izenean.
Díaz de Corcuerak azpimarratu du Eusko Ikaskuntzarekin Udalak urteotan izandako lankidetza eta gogora ekarri du 2024an Gasteizen egin zen Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresua, kulturaren eta hausnarketaren arteko loturaren adibide. “Gasteizek badu elkarrizketa eta aniztasuna berezko egitearen gaitasuna, eta saio honek hori bere osotasunean islatzen du”, gaineratu du.
Bere aldetik, Etxenikek eskertu egin du erakundeen babesa eta azaldu du EzBerdin Berdinak ekimenak “harrera bikaina” izan duela orain arte. Izan ere, 700 ikusle inguruk parte hartu baitute Euskal Herriko beste txokoetan izan diren lehen lau saioetan. Gasteizko saioari buruz, hauxe nabarmendu du: “esperientzia berezia izango da, oso dinamikoa. Publikoak zutik eta elkarrizketa-gune desberdinetatik bidaiatuz gozatuko duena; euskara izango da ardatza, baina edonork jarraitzeko moduan egina dago”.
Pérez de Herediak adierazi du proiektu hau babestearen arrazoia argia dela: “arteak bide aparta eskaintzen du elkarbizitzari eta gaur egungo erronkei buruz modu sortzailean eta parte-hartzailean hitz egiteko”. Era berean, euskara “elkargune natural eta aniztasunaren zutabe” gisa ageri dela azpimarratu du.
Esperientzia bizia, parte-hartzailea eta errepikaezina
EzBerdin Berdinak ez da ikuskizun soil bat: elkarrizketarako eta elkar ulertzeko plaza bat da. Euskal nortasun garaikideari buruzko gogoeta piztu nahi duen proposamen artistiko eta parte-hartzailea da eta ikusleari gonbita egiten dio “nor garen, zer partekatzen dugun eta nola eraiki nahi dugun gure etorkizun kulturala”galdetzera.
Saioa publiko orokorrari irekita, heldu, gazte zein haurrak eta formatu berezian aurkeztuko da: ikusleak ez dira eserita egongo, zutik jarraituko dute ikuskizuna, oholtzako espazio ezberdinetan sortzen diren elkarrizketa-dinamika eta artista desberdinen artean mugituz. Hortaz, publikoa esperientziaren parte bihurtzen da.
Ikuskizunarekin batera hausnarketa kolektiborako saio gidatu bat egingo da ostean, pintxo eta edariekin lagunduta, bertaratutakoak modu atsegin batean bizi izandakoaz eta sortu zaizkien galdera berrien inguruan solastu ahal dira.
Askotariko artistak
Anitzak izango dira Gasteizko saioan izango diren partaideak, besteak beste, ondorengoak elkartuko dituelarik: Kukai Dantza, Vazkez, Leire Vargas, Sunita, Mixel Etxekopar, Iñaki Dieguez, Zuberoako dantzariak (Beritza elkartea), La Pulga, Chimid Bboy, Xabier Solano, A Cronica edo Josune Vélez de Mendizabal. Baina, horietaz gain, izango dira lurraldeko dantzari eta abesbatzak esperientzia eszeniko honi tokiko kolore eta unibertsaltasuna emateko.
Informazio praktikoa
Saioa: Abenduaren 12an, 19:00etan, Europa Biltzar Jauregian (Almudena Cid aretoan).
Sarrerak: eusko-ikaskuntza.eus (saio bakarra eta esklusiboa da; sarrerak kopuru mugatuan daude).
Erakunde babesleak: Euskal Hirigune Elkargoa; Eusko Jaurlaritza; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak; Nafarroako Gobernua; Gasteizko, Bilboko, Donostiako eta Iruñeko udalak; LABORAL Kutxa eta EITB.
