Gazte Agora: Baionako foruma

Foroak eta mintegiak

2020/05/19

Gazte Agora: Baionako foruma

Gazte Agoraren beste saio bat egin zen maiatzaren 9an, online. Iparraldeko gazteen txanda izan zen.

Gazte Foro hau Eusko Ikaskuntza buru duen Gazte Lankidetzarako Sareen programaren baitan dago eta Euskadi eta Nafarroako Gazte Kontseiluak eta Udako Euskal Unibertsitatea ditu bazkide, bai eta Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualde Berriaren babesa ere. Etorkizunera begirako interes komuneko gaiei buruz ikuspegi eta jatorri, diziplina eta genero desberdinak dituzten gazteek gogoetak partekatu, diagnosiak egin eta proposamenak egitea du ekimenak helburu.

Covid-19 krisiaren ondorioz sortutako egoerei egokituz, martxoaren 14erako aurreikusitako saioa maiatzaren 9ra atzeratu eta sarean egin zen. Lau gai jorratu ziren topaketa hartan: ongizate materiala: enplegua eta etxebizitza; Euskara eta hizkuntz politikak; Hezkuntza; Gobernantza: gazte partaidetza eta ahalduntzea. Gai bakoitzari buruzko diagnosiak egin ziren Iparraldeko egoera konkretuari buruz eta lurraldeko gazteek dituzten erronka nagusien inguruan. Nabarmentzekoa da gogoetarako izan zituzten lau gaiei buruz inguruko erakundeei egindako proposamen zabal, konkretu eta zehatzak.

Hurrengo Gazte Agora saioa uda partean izango da eta prozesu guztian zehar parte hartu dutenei egingo zaie bertan parte hartzeko deia. Orain arteko lana bildu, emaitzak zorroztu eta Euskadi, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko gazteak batuko dituen lankidetza sare handi bat sortzeko jarraitu beharreko bidea zehaztuko da.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp