Gazte Agora: Jardunbide Egokien Fororako proposamenak

Proiektuak

2021/01/18

Gazte Agora: Jardunbide Egokien Fororako proposamenak

Martxoaren 12ra arte, gazteak hartzaile eta/edo sustatzaile gisa dituzten esperientzia eta praktikei buruzko proposamenak aurkez daitezke.

Egindako lana balioesteko eta sinergia berriak sortzeko, Eusko Ikaskuntzak eta Euskadiko eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluek Jardunbide Egokien Foroa antolatuko dute, eta Euskal Herri osoko gazte-taldeei parte hartzeko gonbita egingo diete. Gazteak hartzaile eta/edo sustatzaile gisa dituzten esperientziak eta praktikak ezagutarazi nahi dira.

Beste batzuk baztertzen ez diren arren, lehentasunezko interesekotzat joko dira programak lantzen dituen lau arloetako praktika onak: hezkuntza (formala eta ez-formala), gobernantza (parte-hartzea eta ahalduntzea) sozioekonomia (ongizate materiala), eta euskara eta hizkuntza-politikak.

Martxoaren 12ra arte zabalik dago elkarte, erakunde eta kolektiboen proposamenak onartzeko epea. Partikularrek emandako iradokizun eta informazio interesgarri guztiak ere kontuan hartuko dira. Euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez aurkez daitezke, Eusko Ikaskuntzaren web orriaren bidez.

Praktika Egokien Foroa apirilean egitea aurreikusten da, une horretako egoerari dagozkion osasun neurriak errespetatuta.

Bestalde, urtarrilaren 13an, Irungo Ficoban, “Gazteen aniztasuna eta gobernantza-eredu berriak” txostena aurkeztu zen, Mugaz Gaindiko Lankidetza Sareak programaren emaitzekin.

Gazte Agora - Emaitza Txostena 2020

Prentsara bideratutako eta osasun publikoko arauak errespetatzeko sarrera mugatuarekin egindako ekitaldian, Gazte Agoraren bost ordezkarik hartu zuten parte: Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko lehendakari Maialen Olabe Aguirre, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko lehendakari Juan S. Gutiérrez eta Eusko Ikaskuntzako hiru kide: Ander Vizán Amorós, Xalbat Altzugarai eta Leire Zabala Telleria.

Etorkizuneko erronkei erantzuteko proposamen zehatzak ditu testuak. Hala, gazteei benetako eragina izateko gaitasuna duten tresnak, egiturak eta esparruak eman behar zaizkie; elkar ezagutzeko espazioak sustatu behar dira; muga administratiboak gainditu behar dira lurraldeen arteko lankidetza-ardatzen bidez; eta hezkuntza-sistema aldatu behar da gazteak ahalduntzeko.

Testu horretan honako hauek aipatzen dira, batez ere: enpleguaren kalitatea eta etxebizitza eskuratzea; instantzia publikoetatik gazteriaren iritzia gutxi edo batere ez aintzat hartzea; hezkuntza-sistemaren gabeziak; eta, zeharkako ildo gisa, gazte askoren bizitzari eragiten dion lurralde-desoreka.

 

'Gazte Agora' ekimenaren lehen ondorioen aurkezpena

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp