Gazte lankidetzarako sareak josteko topaketak

Proiektuak

2019/09/23

Gazte lankidetzarako sareak josteko topaketak

Euskal lurralde ezberdinetako gazteen elkarlana eta ahalduntzea sustatzea eta, esparru publikoan gazteen parte-hartzea handitzea bilatzen du proiektuak. Hurrengo hilabeteetan Gazte Foroak antolatuta daude.

Euskal Herriko gazte banako zein eragileak eta Euskadi eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak elkarlanean jartzea ahalbidetzen du proiektuak, haien arteko sareak sortzeko eta euren kezka eta gobernantza eredu berriak jasotzeko helburuarekin.

Aniztasuna eta balio partekatuak, lurralde berezitasunak eta lurraldeen arteko lankidetza ereduak oinarri izanik, lau gai nagusiren inguruan abiatuko da hausnarketa: hezkuntza: formala zein informala; gobernantza: parte hartzea eta ahalduntzea; sozioekonomia: ongizate materiala; hizkuntza: euskara eta hizkuntza politikak. Hauekin lotutako erronkak eta tresnak identifikatuko dira eztabaidarako.

Donostiako Gazte Foro honekin hasiera ematen zaio gazteak ardatz jartzen duen mugaz-gaindiko gizarte berrikuntzarako ariketari. Jarraipena emango zaio topaketa desberdinak burutuz: Gazte Foroa Nafarroa (2020ko otsailean, Iruñean), Gazte Foroa Ipar Euskal Herria (2020ko martxoan, Baionan), Mugaz gaindiko Gazte Foroa (2020ko maiatzean). Hauekin guztiekin, euskal lurralde ezberdinetako gazteen arteko praktiken zein egitasmo partekatuen elkar trukaketa bultzatuko da egite kolektibo baterako praxi berria egonkortzeko eta erakundetzeko helburuarekin.

Gazte lankidetzarako sareak proiektuarekin, gainera, ez da bakarrik gazteen arteko premiak eta lehentasunak partekatzeko gunearen sorrera bilatuko, Eusko Ikaskuntzaren gainontzeko proiektuekin lotuneak sortuko dira ere gazteen presentzia areagotzeko hausnarketa eta erabaki guneetan. 

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp