Gazteak eta euskara, Bilboko saioetako protagonistak

Foroak eta mintegiak

2017/10/23

Gazteak eta euskara, Bilboko saioetako protagonistak

Urriaren 7an eta 21ean burutu ziren gazteekin aurreikusita genituen bi saioak. Bi saio hauek, prozesuaren lehen fasean txertatuta daude.

Eusko Ikaskuntzaren ‘Eta gazteak Bilbon euskaraz, zergatik ez? Gazteen euskararen erabileraren azterketa’ ikerketak helburu du Bilboko Udaleko Euskara Sailak hiriko gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko programa egokiak aktibatzea.

Izan ere, Bilbo euskaldun gehien dituen hiria bada ere, azken 15 urteetan kaleko erabilera jaitsi egin dela agerian jarri dute inkesta soziolinguistikoek. Helduak eta gazteak dira gizabanako gehien dituzten adin taldeak eta, Bilboko kasuan, bi talde hauek dira euskararen erabilera txikiena ere egiten dutenak. 

Ikerketa honetan Bilboko gazteak eta euskara ditugu protagonistak eta horregatik lehen fasea gazteekin programatu genuen. Modu parte-hartzaile eta atsegin batean gai sakonak aztertu ditugu 15-22 urteko gazteekin: euskararekiko eta beste hizkuntzekiko duten lotura afektiboa ezagutu, bere eguneroko bizitzan euskara non eta noiz erabiltzen duten detektatu, erabilera errazten eta oztopatzen dituzten arrazoiak identifikatzen saiatu, gazteek euskararen erabilera sustatzeko zein ekintza proposatzen dituzten ezagutu...

Azterketa hau bideratzeko talde dinamikak erabili ditugu, galdeketa eta behaketa barne. Lan honetan Deustuko Unibertsitateko Euskal Kultura eta Hizkuntza graduko ikasleak eta EHUko ELEBILAB taldeko ikerlariak aritu dira. Egoera bitxia bizi izan dugu, taldeak gidatzen ibili diren gazteak partaide gazteei hizkuntza ohiturez galdezka aritu baitira. 

Orain, bigarren faseko ekintzari heldu aurretik, bi saio hauetan jasotako informazioa landu behar du proiektuaren zuzendaritza taldeak. Ekintza honen inguruan informazio gehiago hemen.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp