Gazteak Mugaz Gaindi, elkar ulertzea eta elkarlana muinean

Proiektuak

2023/05/29

Gazteak Mugaz Gaindi, elkar ulertzea eta elkarlana muinean

Joan den ostiralean, maiatzaren 26an, Gazteak Mugaz Gaindi proiektuaren azken saioa izan zen Irunen, Euskal Herriko gazteen arteko harremanak estutzeko bost hilabeteko lanari amaiera emanez.

Eusko Ikaskuntzak, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak eta Insup Formation-ek bultzatua, NAEN euroeskualdearen laguntzarekin, programa hau mugaren bi aldeetako gazteek elkar ezagutu eta haien arteko lankidetza bultzatzeko jarri zen martxan.

Prozesuan zehar, parte-hartzaileek lurralde bakoitzeko gazteen egoeraren diagnostikoa egin dute, ekintza-ildo posibleak marraztuz eta batera gauzatzeko proiektuak diseinatuz. Palmera Montero zentroan egindako azken osoko bilkuran, orain arte landutako emaitzak, ondorioak eta proposamenak partekatu ziren. Gainera, prozesuan diseinatutako proiektuen prototipoak egin ziren. Proiektu horien helburua mugaren bi aldeetan ekimenak ezartzea izan da. Adibide gisa, merkatu ibiltari bat, mugaz gaindiko gazteen topaketa bat edo lurraldeko hainbat udalerri zeharkatuko dituen ibilbide ibiltari bat diseinatu dituzte. Egin diren saioetan azpimarra jarri da diseinatutako ekimenek jasagarritasun eta bideragarritasun irizpideak bete ditzaten.

Ekimenaren hasieratik, arreta berezia jarri da aro digitalean hazi diren gazte zoomer belaunaldiarengana hurbiltzeko, Euskal Herriko mugaz gaindiko bizitzari buruz duten ikuspegia ulertzeko. Hasiera batean erreferentzia komunik ez bazuten ere, parte-hartzailek loturak egitea eta proiektu berritzaileak garatzea lortu da programa honetan zehar.

Gazteak Mugaz Gaindi ekimen baliotsua izan da Euskal Herriko gazteen arteko elkar ulertzea eta elkarlana sustatzeko. Proiektua amaitzearekin batera, proposatutako ondorioek eta proposamenek dauden oztopoak eta estereotipoak gainditzen laguntzea espero da, etorkizun integratuagoa eta gazteentzat aberasgarriagoa bultzatuz. Eusko Ikaskuntzak sortutako emaitzak eta proposamenak jasoko dituen azken txostena egingo du orain eta datozen asteetan aurkeztuko da jendartean.

Gazteak Mugaz Gaindi
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp