Gerra Zibila Busturian, argitalpen bikoitza

Berri korporatiboak

2020/02/24

Gerra Zibila Busturian, argitalpen bikoitza

“Busturia (1916-1937): Berrezarkuntza, diktadura, II. Errepublika eta Gerra Zibila” eta “Busturia (1937-1945): Lehen frankismoa” dute izenburu Eusko Ikaskuntza eta Busturiko Udalaren arteko lankidetzaren emaitza diren liburuak.

Gerra Zibilean Busturiako herrian jazotako gertaeren gainean oinarrituta daude Xabier Acosta Herrero historiagileak sinatzen dituen bi liburuak. Liburuaren aurkezpenean honakoek parte hartu zuten: Rosa Miren Pagola, Eusko Ikaskuntzako Bizkaiko lehendakariordea; Aitor Aretxaga, Busturiko alkatea; Ludger Mees, ikerketa lanaren zuzendaria, eta Xabier Herrero, ikertzailea eta egilea.

Busturiko udala 1999. urtetik da Eusko Ikaskuntzaren bazkide eta, besteak beste, lankidetza horren baitan, 2016an abian jarri zuten ikerketa lana beka baten bitartez.  Bi urtetako lan sakonaren ondorio, Eusko Ikaskuntzaren Lankidetzan bildumaren baitan argitaratzea erabaki zen, bi aletan, busturiar guztiek zein gaian interesa izan dezakeen orok eskuragarri izan dezaten.

Busturia (1916-1937): Berrezarkuntza, diktadura, II. Errepublika eta Gerra Zibila” (Lankidetzan 66) da lehen alearen izenburua eta bere helburua da tokiko erakundeen bilakaera politikoa aztertzea Berrezarkuntzatik Gerra Zibila amaitu arte. Bertako bilakaera instituzionala ahaztu barik, ikerketa II. Errepublikarekin eta Gerra Zibilarekin lotutako udalerriko hainbat alderdi sozialetan zentratzen da, hala nola ideologia ezberdinen ezarpena, gatazka sozialak, mobilizazio militarra, erbestea edo errepresioa.

Bigarren alea, berriz,  erregimen diktatoriala ezarri zen bitartean biztanleriaren aurka erabili zen errepresioaren azterketan zentratzen da, arreta berezia jarrita errepresaliatuen izen propioei. “Busturia (1937-1945): lehen frankismoa” (Lankidetzan 67) lanak, gainera, herrian frankismoaren lehen epealdi honi estuki lotutako beste alderdi batzuk aztertzen ditu: erbestea, nazional-katolizismoa, erraziondua edo biztanleriaren mobilizazioa matxinatutako ejerzituan edo izaera totalitarioko taldeetan, besteak beste.

Liburuak eskuragarri daude formatu digitalean Eusko Ikaskuntzaren webgunean, eta paperekoan Busturiko Udalean.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp