Gizarte balioak eta euskal kultura ekintzailea: indarguneak, eraldaketaz jositako munduan

XVIII. Kongresua: Geroa Elkar-Ekin

2018/11/09

Gizarte balioak eta euskal kultura ekintzailea: indarguneak, eraldaketaz jositako munduan

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren laugarren saioa izan da Bilbon. Bertan, Ongizatearen egoera, lurralde estrategiak eta iraunkortasuna, bai eta enpresa eta lan harremanetako ereduak aztertu dira.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko diputatu Teresa Laespadak eta Bizkaiko Eusko Ikaskuntzako lehendakariorde Rosa Miren Pagolak inauguratu dute gaur Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua, Bilbon. Geroa Elkar-Ekin / El futuro que nos (re)une / Notre futur ensemble lemapean, urriaren 5ean hasi zen eta euskal hiriburuetan egiten ari da.

Hiru izan dira gaur saioan landu diren gai nagusiak: Ongizate estatua euskal ikuspegitik, lurralde estrategiak eta jasangarritasuna, eta enpresa eredu eta lan harremanak. Gai horietako bakoitzari buruzko ponentziak aurkeztu dira eztabaida saioak sortu baino lehenago. Eztabaida taldeetan enpresa erakunde eta mundu akademikoko ordezkari eta adituek parte hartu dute.

Ondorioen artean Kongresuan nabarmendu da: ongizate Estatua eta eredu produktibo sendoaren elkarrekiko mendekotasuna; kalitatezko enplegua lehenestea gizarte inklusiorako, aberastasunaren banaketa primariorako mekanismoak txertatzearekin batera; gizarte babes zabal, eraginkor eta jasangarri eredu baten beharra Euskal Herriaren barne artikulazio eta kohesio tresna gisa; bai eta belaunaldi arteko solidaritatea. Lurralde estrategien alorrean, lurralde arteko lankidetza eta osagarritasuna nabarmendu da herri erresiliente eta jasangarria eratzeko, horrek nekazaritza guneak ere barne hartzen ditu, hiriguneekin harremanetan.

Gure garaiko desafio handien aurrean, Eusko Ikaskuntzaren Kongresuan argi geratu da aldatzen ari den munduko joera handietan zuzenean eragiteko dimentsio eta garrantzia kualitatiborik izan ez arren, euskal gizarteak berekin duen gizarte balore eta kultura ekintzailean oinarritutako erantzunaren adibide izan daitekeela. 

XVIII. Kongresua. Bilbo

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuak azaroaren 16an jarraituko du Donostian, Gobernantza demokratikoari buruzko jardunaldi batekin. Ondorio nagusiak Oñatiko amaiera saioan ezagutaraziko dira, azaroaren 23an.

Informazio gehiago

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp