GizarteLab: datozen aldaketei aurre egiteko ikaskuntza eraldatzaileak bultzatzen

Proiektuak

2019/06/17

GizarteLab: datozen aldaketei aurre egiteko ikaskuntza eraldatzaileak bultzatzen

Joera demografikoen arabera, etorkizun hurbilean, 60 urtetik gorakoak Gipuzkoako biztanleariaren erdia baino gehiago izango dira, eta gainera, urte gehiago biziko dira eta bizi kalitate hobearekin. Aldiz, mendekotasun tasa eta gaixotasun kronikoak areagotu egingo dira... Egoera horrek agertoki berri bat irekitzen digu eta horrek gure bizimodua berriro pentsatzera eta aldaketa sistematikoak egitera behartuko gaitu.

Testuinguru horren aurrean, gaurko erakundeak dagoeneko lanean hasi dira egoera horri aurre egiteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak, adibidez, hainbat programa abiarazi ditu azken urte hauetan. Eusko Ikaskuntzak, programa horiek osatzeko xedez, gizarte berrikuntzaren ikuspegia indartzea helburu duen proiektua sustatu du: GizarteLab. Trantsizioaren inpaktua esploratzen.

Trantsizioei aurre egiteko xedearekin eta horretarako beharrezkoak diren gaitasunak sustatze aldera, gaur egungo erronkak zehaztea eta etorkizuna diseinatzea da proiektuaren helburu orokorra.

Horretarako, Gipuzkoako bi herritan garatuko da programa, bata, kostaldean, eta, bigarrena, barnealdean. Biak ala biak etorkizuneko gizartea eraikitzeko laborategiak izango dira.

Aia-Orio izango da herri horietako bat. Bertan saio bakar batetan parte hartuko duen multzoak gizarte berrikuntzarako eta eraldaketarako behar diren gaitasun enpresarialak landuko dituzte. 

Legazpin izango da bestea. Bertan, 6 saio eskainiko dira, eta, horietan, 45-55 urte bitarteko herritarrek parte hartuko dute. Uda ostean hasiko diren tailerrak 2-3 orduko iraupena izango dute. Sesio bakoitza ezberdina izango da, bai gaiari, formatzaileari zein erabilitako metodologiari dagokionez eta bere emaitza indibiduala izango du.

Egitasmoaren sorkuntza unetik bertatik eskarmentu eta entzute handiko lan-talde plurala osatu da. Bertan, Eusko Ikaskuntzako kideetaz gain, Javier Castro Spila, Innology Lab-eko sortzailea, Urcola Consultores-eko kideak eta FARAPI Kooperatibako teknikariak daude, une oro Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta babesarekin.

Legazpiko saioetan landuko den egitaraua honako hau da:

1.    Aurkezpen Saioa. Proiektuaren marko orokorra

Irekiera-tailerrean aurkeztuko da proiektuaren estrategia orokorra.

Horretarako, lan-teknika batzuk erabiliko dira, besteak beste, oraina diseinatzea eta bizitza-mapak. Lehenengo teknika honen bidez orainaldiaren pertzepzio subjektiboa eta kolektiboa landuko dira. Partaideek, euren esperientzien eta bizimoduen arabera, funtsezkotzat jo dituzten gaur egungo arazoak zehaztuko dira. Estatistika-datuetan oinarritutako joeren bidez joera handiei (azaldu daitezkenei) buruzko ikuspegi globala lor daiteke, baina trantsizio- eta gaitasun-erronkak identifikatu ahal izateko orainaren pertzepzioa hartu behar da oinarritzat (joerei buruzko datuak baino are subjektiboagoa bada ere).

Bizitza-mapen helburua trantsizioen eta gaitasunen inguruko gogoeta bideratzea da. Pertsona baten ibilbidean mugarri eta esanguratsu izan diren gertaerak (positiboak eta negatiboak) identifikatuz laburbilduko dira lortutako ikaskuntzak eta garatutako gaitasunak.

2.    Emozioen eta ziurgabetasunaren kudeaketa eta aldaketen aurreko egokitzapena

Saio honetan galdera eta kontzeptu batzuen inguruan hausnartu eta lan egingo da. Besteak beste adimen emozionala, aldaketak, ziurgabetasuna eta beldurra, erresilientzia, automotibazioari eta horri eusteko baliabideak…

3.    Sareak, kultura eta komunitatea: gizartetik eta gizartera egindako ekarpen sozialak

Saio honetan, ordea, “Jolas Serioak metodologia”erabiliz, etorkizuneko zailtasunak saihesteko sareak gure bizitzan duten garrantzia landuko da. Eta zer egin liteke, komunitate-mailan, sareak sortu eta sendotzeko?

4.    Erantzunkizun partekatua

Saio honetan zaintza lana modu indibidual eta kolektiboan nola antolatzen dugun inguruan hausnartuko dugu, praktikaren bidez. Horretarako, partaide bakoitzaren egoera eta bizipenetik abiatuko gara lehenengo. Gero, gaur egun parte hartzen dugun eremu nagusietan (enpresa, familia, komunitatea eta erakunde publikoak) gure beharrak, orokorrean, eta zaintzarekin zerikusia dutenak, bereziki, nola betetzen ditugun aztertuko dugu, hobekuntza eremuak edo asebete gabeko beharrak identifikatuz. Azkenik, lau eremu horietan zaintzarekiko egun dagoen ikuspegia nola zabaldu eta aberastu daitekeen, nola elkar uztartu daitekeen eta espazio desberdinen arteko sinergia bat egon dadin lortzeko aukerak aztertuko ditugu.

5.    Gizarte baloreak eta identitate askotarikoa

Saio honetan gizarte estratifikazioaren eta norberaren eta talde identitatearen eraikuntzaren arteko lotura aztertuko dugu. Bestelakoak diren pertsona eta komunitateekiko diskriminazio eta aurreiritzietatik harago, horiek gure pribilegioekin eta gure identitatearen funtsen zalantzan jartzearekin zer nolako harremana edo lotura duten aztertzea izango da saio honen helburu nagusia.

Bitartean, hainbat kontzeptu eta teoría barneratuko ditugu: Intersekzionalitatea, giza aniztasunaren paradigma positiboa, aniztasunaren kudeaketarako ereduak (asimilazionismoa, kulturartekotasuna,  multikulturalismoa eta transkulturalitatea), identitate kolektiboak eta bizikidetza…

6.    Itxiera Saioa: Etorkizun konoak

Etorkizunari buruzko ikerketek etorkizun-kono batzuk identifikatzen dituzte, aukera ematen dutenak orainaldian aldaketa-ekintzak kontzeptualizatu eta garatzeko, eta trantsizio-agendak egituratzeko: Etorkizun posibleak, Etorkizun onargarriak, Etorkizun hobeak, Etorkizun gertagarriak eta Etorkizun zalantzagarriak.

Proiektua ixteko tailerrean etorkizunak diseinatuko dira. Jarduera honetarako, etorkizun-prototipoa egiteko bi txartel eskainiko dira. Horiekin, partaideek taldean eraiki dezakete etorkizun hurbila (10-15 urte barrukoa), eta, batez ere, ziurgabetasun handiko etorkizun hurbilei aurre egiteko beharrezkoak diren gaitasunak aztertu.

•    Bizitza-mapa lehenengo tailerrean egingo bada ere, proiektuak eskaintzen dituen saioen arabera partaideek bizitza-mapak osatuz eta aldatuz joatea proposatzen da.

EMAITZAK

Espero den lehenengo emaitza esperientzia bera izango da, programan parte hartzen dutenen ikaskuntza eraldatzailea.

Tailer bakoitzaren banakako emaitzez gain, azken txostenak bizitzaren mapak, oztopoak gainditzeko ikasitako ikasgaiak eta konpetentziak eta trantsizioei aurre egiteko ikasitako gaitasunak integratuko ditu.

Bizitza-mapak, ikaskuntzak, eta oztopoak saihestu eta trantsizioei aurre egiteko ikasitako gaitasunak bukaerako txostenean jasoko dira.

Halaber eta eranskin moduan, Trantsizio-gaitasunak sustatzeko gida eskainiko da, non  sektore publikoetatik eta erakundeetan trantsizio-gaitasunak sustatzeko tresnak eta adibideak bilduko diren.

Informazio gehiago

Euskadi Irratiko Kultur Leihoan egindako irratsaioa entzun.


Gipuzkoako Foru Aldundia - Etorkizuna Eraikiz

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp