Legazpi, Hernialde eta Mutiloako herritar komunitateetako partaideak, azken herri honetako errotan elkartu ziren urriaren 31n.
Parte-hartzaile beteranoek eta programara iritsi berriek, herri txikiak eta hain txikiak ez direnak ordezkatuz, esperientziak eta ikuspuntuak partekatu zituzten. Topaketaren helburua herri, auzo eta komunitateek aurrean dituzten erronkak partekatzea zen, eta balizko konponbideak jorratzeko orduan elkarguneak bilatzea.
Bilera Mutiloako plazan hasi zen, eta hiru udalerrietako komunitateetako 20 ordezkari baino gehiago bertaratu ziren. Handik, taldea oinez abiatu zen Errotatxo errotara, plazatik oso gertu, topaketa egin behar zen lekura.
Iñaki Ugaldek, Mutiloako alkateak, sarrera labur bat eskaini zuen eraikinari, haren historiari, eraikin pasibo gisa egindako birgaitzeari eta egungo erabilerei buruz.
Ondoren, programaren testuingurua eta topaketaren helburuak gogorarazi ziren, eta aurkezpen erronda bat egin zen. Parte hartzaileek programari dagokionez duten esperientzia aniztasuna dela eta, egokitzat jo zen Dixit kartekin dinamika bat egitea; bertaratutakoei galdetu zitzaien GizarteLabekin lotzen zuten irudiari buruz, haientzat zer irudikatzen zuen eta irudiari buruz zer interpretazio egiten zuten. Iruzkinen artean, GizarteLab desberdinen arteko topaleku gisa definitzen zutenak nabarmendu ziren, herriek eta komunitateek behar dutena dela, eta izaera berritzailea, irekia eta sortutako konfiantza harremana azpimarratu zituzten...
Banakako lehen hausnarketa horren ondoren, taldeetan lan egiteari ekin zitzaion, udalerri eta komunitate bakoitzean dituzten erronka eta zailtasun nagusien inguruan.
Bateratze-lanean, aldeak baino konfluentzia gehiago egon ziren: komunitateetara jende gehiago erakartzeko beharra azpimarratu zen, batez ere gazteak, eta GizarteLaben balioak eta egiteko moduak transmititzearen garrantzia. Pertsona guztiak bat etorri ziren hori lortzeko bideetako bat esperientzia berritzaileak eta erakargarriak ezartzea eta programa ikastetxeetan eta gazte jardueretan zabaltzea izango zela esatean.
Seguraski ez da hu egingo den azkeneko topaketa… horrela azaldu bai zuten parte-hartzaileek berriro elkartzeko nahia eta beharra.
Topaketaren laburpen txiki bat ikus daiteke bideo honetan.
