Gloria Totoricagüena Egurrola,  2025eko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria

Sariak

2025/10/24

Gloria Totoricagüena Egurrola, 2025eko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria

Eusko Ikaskuntzaren sari nagusiak euskal diasporaren ikerlaririk handienetako bat eta euskal errealitatearen nazioarteko sustatzaile nabarmena aitortu du.

Euskal diasporaren ikerlaria eta euskal errealitatearen mundu mailako zabalkundearen bultzatzailea den Gloria Totoricagüena Egurrola (Boise, Idaho, AEB, 1961) izango da Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria 2025 jasoko duen pertsona. 1983an sortu zen sari hau euskal kulturaren alde lan nabarmena egin duten pertsonaiei aitortza egiteko.

Gernikatik 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren ondoren Ameriketara joandako familia baten alaba, Totoricagüenak Zientzia Politikoak ikasi zituen Boise-ko Unibertsitatean, eta Hezkuntzako masterra ere egin zuen han, Montevideoko Unibertsitatean (Uruguai) Latinoamerikako Politikaren arloan lortutako beste master bati gehituz. 2000. urtean doktoretza eskuratu zuen London School of Economics and Political Science-en, Amerikako, Europako eta Ozeaniako sei herrialdetako euskal diasporen identitatearen mantentzeaz egindako ikerketa konparatibo baten bidez.

Nevadako Unibertsitateko (Reno) Euskal Ikasketak Zentroko zuzendaria izan zen. Bertan, eskolak eta hitzaldiak eman zituen, baita Stanford eta Boiseko unibertsitateetan ere.

2025eko Lekuona Sariaren  Epaimahaiak nabarmendu du Totoricagüena dela “euskal diasporaren ikerketaren alor anitzetan —kulturala, diplomatikoa, komertziala, historikoa, politikoa eta instituzionala— aitzindaria” izan dena, eta haren lana funtsezkoa izan dela gure kultura nazioarte mailan ezagutzeko eta, ondorioz, Euskal Herria mundu mailan kokatzeko.

Nazioarteko bere ikerketetan Australian, Argentinan, Belgikan, Brasilen, Txilen, Filipinetan, Irlandan, Perun, Erresuma Batuan eta Uruguain ez ezik, Euskal Herrian bertan ere historia, soziologia, antropologia eta politikari buruzko ahozko eta dokumentuzko informazioen emari paregabea bildu du. Ahalegin horren emaitza da euskal diasporari buruzko datu-base zientifikorik osatuena, kalitatezko eta kantitatezko ikuspegitik.

Bere lanek, izan argitalpenak izan erakusketak eta kultura- edo enpresa-proiektuak, euskal komunitate globalaren aniztasuna eta kohesioa agerian utzi dituzte, eta, aldi berean, herrialde desberdinetako migratzaileen identitateak errespetatzearen eta ulertzearen balio unibertsala nabarmentzen dute. Gainera, giza garapenarekin eta bakearen kultura bezalako balioekin duen lotura nabarmena da.

Bibliografia zabala idatzi du. Izan ere, euskal eta estatubatuar gaiei buruzko bere argitalpenek 800 orrialde inguru hartzen dute eta Estatu Batuetan bizi diren pertsona, familia eta komunitateen bizitzei eta bizipenei buruzko ehunka argazki bildu ditu.

Totoricagüenaren ibilbide oparoak bere jarduera akademikoa ez ezik, Euskal Herriaren eta Ameriketako erakunde eta enpresen arteko zubi-lana ere aitortzen du. Horren adibide da Lehendakari Ibarretxeren agintaldian Pentsamendua. Basque Global Initiatives Think Tank-aren diseinuan eta zuzendaritzan izan zuen parte-hartzea.

Gaur egun Boise eta Bilbo artean bizi da, eta bi kontsultore enpresen buru da: bata ikerketa kultural eta sozial anitzetan espezializatua, eta bestea, Euskal Herriaren eta munduaren arteko harreman kultural, komertzial eta diplomatikoetan.

Manuel Lekuona Sariaren 2025eko erabakia eta emate-ekitaldia

2014az geroztik, Euskal Komunitate Globalaren iritzia jasotzen da boto irekien bidez Manuel Lekuona Saria erabakitzeko prozesuan. Emaitza hori Epaimahai Instituzional batek berresten du. 2025eko edizioan, epaimahaia honako erakundeek osatu dute: Barandiaran Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, Eresbil, Etxepare Euskal Institutua, Euskarabidea, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, UN Etxea eta Eusko Ikaskuntza bera. Ohikoa den bezala, Eusko Ikaskuntzak bermatu du ordezkaritza lurralde guztietara zabaltzea, bai botoen deialdian bai epaimahaiaren osaketan.

Saria irudikatzen duen Remigio Mendibururen brontzezko eskultura, ekitaldi publiko batean emango zaio, ziurrenik 2026ko udaberrian.

Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria eskuratu dutenen zerrenda:

2025: Gloria Totoricagüena

2003: Jesus Atxa Agirre

2024: Juan Mari Beltran Argiñena

2002: Armando Llanos Ortiz de Landaluze

2023: Iñaki Martínez de Luna

2001: José Ignacio Tellechea

2022: Enkarni Genua

2000: José Miguel Azaola

2021: Jon Bagüés

1999: Piarres Charritton

2020: Jose Ramon Etxebarria

1998: José María Jimeno Jurío

2019: Xabier Amuriza

1997: Micaela Portilla Vitoria

2018: Mari-Jose Azurmendi

1996: Jorge Oteiza Embil

2017: Fermín Leizaola

1995: Adrián Celaya Ibarra

2016: Jean-Louis Davant Iratzabal

1994: Xabier Diharce "Iratzeder"

2015: Joan Mari Torrealdai Nabea

1993: Francisco Salinas Quijada

2014: Antxon Aguirre Sorondo

1992: Bernardo Estornés Lasa

2012: Soledad de Silva y Verástegui

1991: Carlos Santamaría Ansa

2011: José Luis Ansorena Miranda

1990: Gerardo López de Guereñu Galarraga

2010: Jose Antonio Arana Martixa

1989: Eugène Goyheneche

2009: Txomin Peillen

1988: Manuel Laborde

2008: Montxo Armendáriz

1987: Justo Gárate

2007: Sabin Salaberri Urzelai

1986: Andrés de Mañaricua y Nuere

2006: Menchu Gal Orendain

1985: P. Jorge de Riezu

2005: Elías Amézaga Urlézaga

1984: Odón Apraiz

2004: Jean Haritschelhar

1983: Manuel Lekuona

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp