Iruñean eta Donibane-Garazin azaroan, eta Gasteizen eta Donostian abenduan, hausnarketa sortzailean parte hartu ahal izango dugu.
Urriaren 24an eta 25ean, Bilboko EITBren egoitzan, EzBerdin Berdinak ekimenaren lehen emanaldiak egin ziren. Eusko Ikaskuntzak bultzatuta, Kukai Dantza Taldearekin lankidetzan eta hainbat diziplinatako euskal sortzaileen talde zabal batekin. Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek, Nafarroako Gobernuak, Euskal Hirigune Elkargoak eta Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñeko udalek babestutako ekimena da, LABORAL Kutxaren eta EITBren laguntza ere badu.
Adin guztietako eta kulturalki anitza den publiko ugaria hunkitu zituen, ikusgarritasunaz haratago, identitatea, elkarbizitza eta euskara, tradizioa eta modernitatea, belaunaldiak eta lurraldeak bezalako gaien inguruko hausnarketa parte-hartzailea sustatzen duen proposamenarekin. Dantza garaikidea eta tradizionala, bertsolaritza, antzerkia eta zuzeneko musikak uztartuz (txalaparta, rap edo musika elektronikoa baliatuta).
EzBerdin Berdinak azaroaren 8an aurkeztuko da Iruñean (Nafarroako Unibertsitate Publikoko Frontoian), eta ondoren Donibane Garazin eskainiko da azaroaren 28an (Jai Alai Trinketean).
Gasteizko Europa Jauregia izango da hurrengo agertokia abenduaren 12an, Tabakaleran abenduaren 19an eta 20an bira Donostian amaitu aurretik.
Sarrerak eskuragarri daude jada webgunean. Eusko Ikaskuntzako bazkideek 9 eurotan lortu ahal izango dituzte eta 18 eurotan publiko orokorrak.

