Hitzargiak: elkar argitzen duten hizkuntzak

Proiektuak

2016/05/25

Hitzargiak: elkar argitzen duten hizkuntzak

Europako hizkuntza-komunitateen arteko harreman-sarea sendotu, elkar ezagutzeko eta elkar elikatzeko proiektua. Jardunbideen topaketa 2016ko ekainaren 23an eta 24an. 

Hitzargiak  Donostia 2016 Fundazioak eta Soziolinguistika klusterrak sustatuta, Europan hizkuntza  gutxituak biziberritzeko lanean diharduten askotariko egitasmoak biltzeko proiektua da. Eragile nahiz erakundeek egin dituzten ekinbideak aztertu, eredugarri izan daitezkeenak aukeratu, eta haiek ezagutzera emateko asmoa du.

Europako tokian tokiko hizkuntza biziberritzeko ekimen edo kasu eredugarriak identifikatze prozesuak eragile eta pertsona askoren arteko elkarlana eskatzen du. Ezagutza eta esperientziak trukatuz euskara biziberri dadin ahalegintzen ari den hizkuntza-komunitatea elkartu da Hitzargiak egitasmoan; Eusko Ikaskuntza, beste eragile askorekin batera, Patzuergo honetan parte hartzen du.

Dagoeneko 70etik gora jarduera eredugarri identifikatu dira eta, jasotakoen artean, hamabi lurraldetako 25 hizkuntza komunitatetako praktikak daude. 

Martxoan Hitzargiak web gunea jarri zen martxan. Gune honen helburua hizkuntza horien arteko sareak sortzea, egonkortzea eta etorkizunerako elkartasun-modu sendoak lortzea da.

Jardunbide egokiak ezagutzeak ondorio biderkatzaileak izan ditzake: esperientziak partekatzeak, besteengandik ikasteak, elkar elikatzeak eta laguntzeak ekimenen arrakasta indartu dezake, eta, ikuspegi globala eta lokala uztartuz gainera, nazioarteko mugimendua sendotu.

Eta hori da emango den hurrengo urratsa, jardunbide egokien topaketa 2016ko ekainaren 23an eta 24an.

Topaketak, proiektuan orain arte egindako lanaren berri elkarri emateaz gain, Europan hizkuntzak suspertzen diharduten eragileei lankidetzarako eta etorkizunean harreman berriak eta proiektu partekatuak egiteko aukera eskainiko die.

Batzar honetan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp