"Intersekzionalitatea: identitate anitzak" Bilboko sinposioa

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2019/10/15

"Intersekzionalitatea: identitate anitzak" Bilboko sinposioa

Azaroaren 28an burutuko da Bilbon eta bi ardatz izango dira nagusi: mugimendu sozialak eta politika publikoak.

Eusko Ikaskuntza 2019ko otsailean hasi zen berdintasunaren inguruko hausnarketa prozesu bat gauzatzen eta uneotan ari da Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana garatzen. Berdintasunaren aldeko apustu honen adierazle argia da aurten Bilboko Udalarekin batera Ibaiondoko udaltegian azaroaren 28an antolatutako sinposioa.

Zaila da intersekzionalitatearen gaia jorratzeko Bilbo baino leku hoberik topatzea. 340.000 biztanle baino gehiagoko hiria izanik, Bilboko hiritarren identitatea aldagai ugarik eta anitzek elkargurutzaturik eraikitzen da: hizkuntza, sexua, generoa, orientazio sexuala, klase soziala, jatorria, etab.

Identitate elkar-gurutzaketa honek ez du soilik bilbotarren eguneroko bizitza eta besteekiko bizikidetza baldintzatzen, baita hiritarrek duten edo izan dezaketen parte hartze politiko eta sozial, ongizate-maila, ibilbide profesional edo bizi-itxaropena ere. Hau da, identitate anitz horiek kontutan hartu gabe nekez ulertuko dugu nolako zailtasunak eta bereizkeriak sortzen dituzten hiritarren eskubide eta aukera berdintasunean.

Intersekzionalitatea da identitate konplexu horien geruza ezberdinak aztertzen eta identitate konbinaketa ezberdinen bidez ematen diren bereizkeria motak eta desabantailak azaleratzen dituen tresna analitiko eta metodologikoa. Eskubide eta aukera berdintasuna, kohesioa eta bizikidetza helburu dituen gizarte batean ezinbestekoa da intersekzionalitatea eta honek ematen dizkigun tresnak eremu ezberdinetan aplikatzea: politika publikoak, programa eta zerbitzu sozialak, legeak, prozesu parte-hartzaileak…

Jardunaldi honen helburua da intersekzionalitateari buruz hausnarketa egitea eta bi esparru ezberdinetan tresna hau nola landu ezagutzea: mugimendu sozialen dinamiken baitan eta politika publikoen aplikazioan. Horretarako hurbilpen teorikoa egiten duten adituez gain praxira eraman duten agenteen esperientziak entzuteko aukera izango dugu.

Ikusi ekitaldiaren egitaraua eta izena eman.


Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp