Jean-Louis Davant  Manuel Lekuona Saria 2016

Sariak

2016/10/10

Jean-Louis Davant Manuel Lekuona Saria 2016

Jean-Louis Davantek eskuratu du 2016ko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria.

 

Epaimahaiak nabarmendu du euskararen eta euskal kulturaren eremuan egin duen ahalegina, ekarpena azpimarratzekoa eta goraipatzekoa izanik: "bat egiten du Manuel Lekuonak euskara eta euskal kultura indarberritzeko izan zituen kezkekin", eta belaundaldi oso baten erreferentea bilakatu da. Izan ere, "Iparraldeko Zuberoko errealitatea argi islatzen du haren pertsonak eta bere lana Euskal Herri osoari eskaini izan du beti, katea eten ez dezan lagunduz". Azpimarratu nahi izan dute ere Arantzazuko bilkuran eginiko ekarpenak, hirurogeiko hamarkadan euskararen batasunaren zorua adosten saiatuko zen Ipar Euskal Herriko azken lekukoa izanik. Halaber, ezaguna da Pastoralgintzan egin duen ekarpen oparoa eta zabala.

Irabazlearen hautaketan, herriak eta epaimahai instituzionalak hartu du parte. Eusko Ikaskuntzaren bazkideen bozkak %30eko pisua izan du azken emaitzan, Euskal Komunitate Globalarenak %10a, eta falta den %60a epaimahai instituzionalaren esku geratu da. azken horri dagokionez, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Euskaltzaindia, Aranzadi Zientzia Elkartea, Labayru Fundazioa, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa, Euskal kultur Erakundea, Vianako Printzea Erakundea eta Eusko Ikaskuntza berak osatu dute.

Sari-emate ekitaldia 2017ko lehenengo hiruhilekoan ospatuko da.

BIOGRAFIA

Jean-Louis Davant Iratzabal Ürrüstoi-Larrabilen (Zuberoa) jaio zen, 1935eko uztailaren 5ean.

Oinarrizko ikasketak Ürrüstoin, Maulen eta Uztaritzen egin zituen. Laborantza ikasketak burutu zituen Angers hiriko Mendebaldeko Unibertsitate Katolikoan. 1957an eskuratu zuen Agronomia Ingeniari titulua.

Lekornen ikastaldi bat egin ondoren, Aljerian soldadu egon zen bi urtez, 1958-1960 artean.

1961ean, Piarres Charrittonen zuzendaritzapean, Hazparneko Laborantza Eskolaren sortzaileetarikoa izan eta bertan hasi zen lanean. Agronomia eskolak ematen jardun zuen 1995ean erretiroa hartu arte. Irakaskuntzaz den bezainbatean, testuliburu ugari egokitu ditu Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuarekin elkarlanean.

1960an Enbata talde abertzalearen bultzatzaileetariko bat izan zen, Piarres Larzabal eta beste askorekin, eta Itsasuko Aberri Egunean (1963) parte hartu zuen. Ondoren, Euskal Herriko Alderdi Sozialista (EHAS) (1975) eta Euskal Batasuna (1986) alderdien sorreran parte hartu zuen.

Herri Ekintza kristau taldeko burua izan zen, orobat, 1962-1969 bitartean. 1968an Fededunak taldearen sorreran parte hartu zuen, Piarres Charritton, Jean Hiriart-Urruti eta hainbat lagunekin.

1963an, Baionako Euskal Idazkaritza Elkartearen kide izan zen, euskara idatziaren batasunari bidea bilatzeko. Zortzi hilabetez astero bildu zen Txillardegi eta hainbat lankiderekin horretarako. Baionako Biltzarraren Erabakiak 1964an aurkeztu zituzten, Piarres Lafitte euskaltzainaren zuzendaritzapean.

Euskaltzaindiak, Arantzazuko Biltzarrean (1968) Baionako erabakiak ontzat eman zituen, Koldo Mitxelenaren txostena bere egitean. Euskaltzaindian, izan ere, bereziki onomastikaren eta hiztegigintzaren alorretan aritu da 1978tik.1984tik aurrera Hazparnen AEKko irakasle izan zen, gau eskolak ematen, eta 1988an Euskal Kulturaren Batzarreak abiatutako Bateginik kanpainaren aholku batzordeko kide izendatu zuten. Aldi horretan, bizpahiru urtez Euskal Pen Klub berreginaren buru aritu zen. Halaber, Sü Azia elkarteko kide da.

1980an literaturaren bidean sartu zen, bereziki olerkian. Euskaraz genero guztiak landu ditu: eleberria, saiakera eta poesia. Haur literaturako hainbat ipuin itzuli ditu.Pastoral askoren egile da, hurrengo izenburu eta antzezlekuak izan dituztenak: Abadia Ürrüstoi (Maule, 1990), Eüskaldünak iraultzan (Gotaine-Irabarne, 1993), Agirre Presidenta (Arrokiaga, 1995), Xiberoko Makia (Sohüta, 2001), Antso Handia (Maule, 2004), Xiberoko Jauna (Ezpeize-Ündüreine, 2008) eta René Cassin (Sohüta, 2013).

Bereziki aipagarria da Euskal Herriko historiaz frantsesez idatzi zuen saiakera arrakastatsu bat: Histoire du Pays Basque (1970). 2007an hamaikagarren aldiz argitaratu zen, Histoire du peuple basque izenburuarekin. Gaztelaniara ere itzuli da.1957az geroztik egunkari eta aldizkari askotan argitaratu ditu bere artikuluak, euskaraz zein frantsesez. Branka (1971), Zuzen (1972), Zabal (1973-1976) eta Zehatz (1977-1980) aldizkarietako zuzendaritzakide izateaz gain, beste hainbat agerkaritan idatzi ditu artikuluak: Gazte, Herria, Enbata, Euskaldunak, Egia, Herriz-Herri, Jakin, Argia, Euskaldunon Egunkaria, Gara, Egin, Maiatz, Nabarralde, Le Journal du Pays Basque, eta abar. Horietan jorratu dituen gaiak askotarikoak dira: laborantza, ekonomia, gizarte egoera, politika, historia eta kultura.

2010ean Euskaltzaindiak euskaltzain emeritua izendatu zuen.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp