Jose Miguel Barandiaranen irudiak bizirik darrai

Berri korporatiboak

2016/12/22

Jose Miguel Barandiaranen irudiak bizirik darrai

Bere sortzailearen omenez Jose Miguel Barandiaran Fundazioak 2016an burututako ekintzei amaiera eman zaie abenduaren 21ean Ataungo Sara Etxean.

Eusko Jaurlaritzaren Urkullu lehendakaria eta Nafarroako Gobernuaren Barkos lehendakaria buru, euskal gizarteko sektore desberdinak ordezkatzen zituzten hirurogei bat gonbidatu hurbildu dira Ataungo Sara Etxeraino, Barandiaranen heriotzako hogeita bosgarren urtea betetzen ari zela gogoratzeko eta Barandiaran euskaldun guztiena dela aldarrikatzeko.

Josemari Velez de Mendizabal Fundazioaren presidenteak eman die ongi etorria bertaratutakoei, Barandiaran Euskal Herri osoaren ondarea dela azpimarratuz. Euskal kulturaren patriarkatzat hartutakoaren bizitza luzean hain oparo eskaini zituen giza-baloreak gogora ekarri ditu Fundazioko presidenteak, gizartean horiek etengabe ereiten segitzeko premia azalduz. Asier Rodriguez Ataungo alkateak ere nabarmendu nahi izan du ataundar jakintsuaren garrantzia. Esan zuen, Jentilbaratzan egin zuela lehendabiziko lana eta hortik abiatu zela bere jakindurian.
Azken hiru hilean Euskal Herriko hiriburuetan “Barandiaran, Europa eta baloreak” titulatutako hitzaldi zikloko parte hartzaileen izenean Argitxu Camus aritu da, Barandiaran beste prisma batetik aztertu dutela adieraziz, bere figuraren irudi globalagoa eraikitzeko. 

Uxue Barkos nafar lehendakariak gogoratu zuen moduan, Barandiaranek Nafarroan gauzatu zuen bere jardueraren parte garrantzitsu bat Arkeologia eta Etnologia alorretan. Horrezaz gain, Nafarroako Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kulturako Katedrarekin izan zuen harreman luzea, hamazazpi urtez,  lotuago agertzen da Barandiaran Nafarroarekin. Amaitu zuen Barkos lehendakariak adieraziz, gaur etengabe bizi den aldaketa prozesuan garrantzitsua dela ez soilik On Jose Migelen lorpen zientifikoak aldarrikatu eta sustatzea, baizik eta, batez ere, berak bere bizitzaldi osoan defendatu eta zabaldu zituen giza balioei toki ematea.

Bere aldetik, eta ekitaldia amaituz, Urkullu lehendakariak esan zuen Barandiaran izena daraman Fundazioak pertsona ondratu eta integroa adierazten duela, pertsona jakintsu eta eskola sortzen jakin zuena. Barandiaran pertsona langilea zen, positibo eta baikorra. Urkulluren iritziz, katea ez da eten eta lana eginez aurrera goaz, katean denok batera. Barandiaranen ereduari jarraiki Euskal Herria hobetuko dugula azpimarratu zuen lehendakariak, bere ondarea zabaltzen eta indartzen, bere ibilbide elkarrekin egiten.

Ekitaldia Sara Etxeko kanpo aldean egokitutako karpa baten babesean egin da eta une batean Ataungo Jentilbaratza Elkartearen zenbait kidek, Barandiaranek jorratutako mitologia-antzezpen bat eskaini dute.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp