Ingeniaria formakuntzaz, ekarpen nabarmena egin du euskararen normalizazioan zientzietako goi-mailako hezkuntzan. Etxebarriak euskara irakaskuntzan eta unibertsitateko ikerketan sartzea ahalbidetu du, eta euskal komunitate zientifikoaren erabilera komunerako terminologia ezartzen lagundu du.
Eusko Ikaskuntzak 2020ko Manuel Lekuona Saria Jose Ramon Etxebarriari egotzi dio. Sari honen bitartez, aitortu egin zaio euskararen normalizazioan zientzietako goi-mailako hezkuntzan egindako ekarpen zabala eta euskal kulturarekiko duen konpromiso adierazgarria, baita bere obraren dibulgazioa ere.
1948an Gernikan jaioa, Jose Ramon Etxebarriak Industria Ingeniaritza ikasi zuen Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan, eta 1987an EHUn doktoratu zen. 1973an Udako Euskal Unibertsitatearen sorkuntzan parte hartu zuen, eta bertako irakasle izan zen. EHUko Bilboko Unibertsitateko Zientzia Fakultatean eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan klaseak eman zituen, 2018an erretiroa hartu zuen arte.
Zientzia eta teknologiarekin lotutako testuak euskaraz lantzen aritu da bere ibilbide osoan. Ildo horretan, Manuel Lekuona 2020 Sariaren epaimahaiak Jose Ramon Etxebarriak unibertsitateko ikerketa eta irakaskuntzaren arloan euskararen normalizazioari egindako ekarpen garrantzitsua baloratu du, komunitate zientifikoarentzat lexikografia ezartzea ahalbidetu baitu, komunikazio globalaren teknologia berrien laguntzaz.
Idatzi ditu gutxienez 18 liburu eta 22 liburuen kapituluak. Halaber, zientzia eta kultura gaiei buruzko ehunka artikulu sinatu ditu, batez ere Anaitasuna aldizkarian. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-baseak, berak sorturiko 187 lan sarrera baino gehiago biltzen ditu.
Itzulpengintza eta hezkuntza- eta dibulgazio-liburuen edizioa ere landu ditu. Erretiroa hartu zuenetik, "Wikilari" gisa jardun da fisikarekin lotutako esparruan.
Euskaltzain urgazlea da 2006tik, eta 2011n CAF-Elhuyar sarietan Merezimenduzko Saria jaso zuen, zientzia gizarteratzeko egindako lanagatik.
Aurreko guztiak arrazoi, bere giza-konpromisoa eta alderdi anitzetik zabaldutako ekintza kulturalarekin batera, Eusko Ikaskuntzak 1983an eratutako Sariaren palmaresean sartzeko bide eman diote. Horrela, Jose Ramon Etxebarria ibilbide esanguratsu eta balio unibertsala duten pertsonen zerrendara batu da.
Azpimarratzekoa da aurtengo edizioa parte-hartze handienetakoa izan dela 2014an Lekuona Sariaren hautaketa hiritarren bozketara ireki zenetik. Epaimahai instituzionala honako hauek osatu dute: Euskal Kultur Erakundea, J.M. Barandiaran Fundazioa, Vianako Printzea Erakundea, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, Unesco Etxea, Etxepare Euskal Institutua eta Eresbil.
Manuel Lekuona Saria irudikatzen duen Remigio Mendiburuk diseinatutako eskultura banatzeko ekitaldia oraindik zehaztu gabe dagoen lekuan eta egunean egingo da.
Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria eskuratu dutenen zerrenda: | |
2020: Jose Ramon Etxebarria 2019: Xabier Amuriza 2018: Mari-Jose Azurmendi 2017: Fermín Leizaola 2016: Jean-Louis Davant Iratzabal 2015: Joan Mari Torrealdai Nabea 2014: Antxon Aguirre Sorondo 2012: Soledad de Silva y Verástegui 2011: José Luis Ansorena Miranda 2010: Jose Antonio Arana Martixa 2009: Txomin Peillen 2008: Montxo Armendáriz 2007: Sabin Salaberri Urzelai 2006: Menchu Gal Orendain 2005: Elías Amézaga Urlézaga 2004: Jean Haritschelhar 2003: Jesus Atxa Agirre 2002: Armando Llanos Ortiz de Landaluze 2001: José Ignacio Tellechea Idígoras | 2000: José Miguel Azaola 1999: Piarres Charritton 1998: José María Jimeno Jurío 1997: Micaela Portilla Vitoria 1996: Jorge Oteiza Embil 1995: Adrián Celaya Ibarra 1994: Xabier Diharce "Iratzeder" 1993: Francisco Salinas Quijada 1992: Bernardo Estornés Lasa 1991: Carlos Santamaría Ansa 1990: Gerardo López de Guereñu Galarraga 1989: Eugène Goyheneche 1988: Manuel Laborde 1987: Justo Gárate 1986: Andrés de Mañaricua y Nuere 1985: P. Jorge de Riezu 1984: Odón Apraiz 1983: Manuel Lekuona |